Lehen ilaratik entzunda: gazteak, emantzipazioa eta nire belaunaldiaren galderak
Lehen ilaratik entzunda
Normalean azken ilaran esertzen naiz. Grabatzen duenaren ohitura da: atzetik dena ikusten da, eta ez diozu inori traba egiten.
Urriaren 14an, ordea, lehen ilaran eseri nintzen. Ez dakit oso ondo zergatik. Agian ez nintzela ikustera joan, entzutera baizik.
Erabakizaleak legelari taldeak eta Gure Eskuk antolatutako solasaldia zen, emantzipazio pertsonalaz eta nazionalaz. Maddi Urruzuno eta Beñat Laskurain. Gidari, Peru Irastorza.
Eta horixe egin nuen ia ordu osoan: isilik entzun.
Gure garaiko galderak
Nire belaunaldiak beste modu batera bizi izan zuen hau guztia. Metal, punk eta rock taldeak, euskaraz zein gaztelaniaz. Kontzertuak, kasete grabatuak, fanzineak, fotokopiak eta grapak. Askatasuna kantatu egiten zen, oihukatu egiten zen. Ideia handi bat zen, eta ideia handi horren barruan sartzen genuen dena.
Gazteak entzunda, konturatu nintzen haientzat bidea alderantzizkoa dela. Ez dira ideia handitik hasten, txikitik baizik: alokairutik, soldatatik, gurasoen etxean igarotako urteetatik. Eta hortik, poliki-poliki, herriari buruzko galderara iristen dira.
Ez dakit zein bide den hobea. Agian biak behar dira.
Isiltzen jakitea
Urte asko daramatzat Euskal Herriko politikaz hausnartzen eta hitz egiten. "Afizio" honek badu arrisku bat: dena dakizula uste izatea, eta beste guztiek zure galderei erantzun behar dietela pentsatzea.
Asteazkenean kontrakoa gertatu zitzaidan. Haiek egin zituzten galderak, eta nik ez nuen erantzunik.
Lehen ilaratik, gainera, ezin zara ezkutatu.
Uste dut hori izan zela arratsaldeko gauzarik onena.
Grabazioa
Solasaldia ia osorik grabatu nuen. Nirea ez den zerbait partekatzea da, baina partekatu beharrekoa:
Ikusi lasai. Eta zuk ere, aukera duzunean, eseri lehen ilaran.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: