Exkixu bueltan da: taldea oholtzara itzuliko da
Gaur goizean iritsi da albistea: Exkixu itzuliko da.
Exkixu gure nerabezaroko taldeetako bat izan zen. “Sorginen leizean”, “Amaiur”, “Sua, sua” edo Lertxundiren “Loretxoa”-ren bertsio hura behin eta berriz entzunez hazi ginen asko, kaseteak atzera eta aurrera erabiliz.
Aspalditik zebilen zurrumurrua. Gatibuk iazko abenduan 25 urteko ibilbideari amaiera eman zionetik, askok susmatzen genuen Alex Sarduiren hurrengo urratsa, eta Exkixuren izena behin baino gehiagotan entzun zen. Orain ofiziala da.
- Lehen hitzordua: 2027ko apirilaren 17an, Bilbao Arenan (Miribilla).
- Sarrerak: urriaren 23an, 10:00etan, exkixu.eus eta haziberri.eus atarietan.
Eta ez da kontzertu bakarra izango, antza. Taldeak argi utzi du Bilboko emanaldia itzuleraren abiapuntua dela, eta taldea berriz martxan jartzea dela asmoa. Bidean geratutako esperientzia hura berreskuratu nahi dute.
Formazio berria
jatorrizko kideetatik Alex Sardui (ahotsa) eta Iñigo Ibarretxe (alboka) izango dira, eta haiekin batera Ekain Alzola baxuan (Gatibu), Beñat Serna gitarran eta Jon Fresko baterian (Ken Zazpi), eta Jon Eguskiza trikitian. Jose Alberto Batiz produkzio lanetan dabil, eta “Amaiur”-en grabazio berria eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte.
Historia apur bat
Exkixu 1990ean sortu zen Gernika-Lumon. Bi disko kaleratu zituzten, Exkixu (1993) eta Gaua heldu orduko (1995), eta 1997an eman zuten azken kontzertua. Rocka eta alboka edo trikitia bezalako tresna tradizionalak uztartu zituzten, garai hartan gutxik egiten zuten moduan. Haren hazitik jaio ziren gero Ken Zazpi eta Gatibu.
Albistea egun mingots batean heldu da, gainera: Igor Arzuaga, Exkixun ere aritutako musikaria, hil berri da.
Remember efektua
Gauza bat argi dago: euskal rock eta metal aldarrikatzailearen “remember” efektua gero eta nabarmenagoa da. Latzen itzuli zen, eta orain Exkixu. 90eko hamarkadan gaztetxeetan, herriko jaietan eta kontzertuetan hazitako belaunaldi oso bat dago soinu hori berriz zuzenean bizitzeko gogoz.
Galdera da ea ate gehiago irekiko diren. Negu Gorriak? Kuraia? Ez dakigu. Baina amets egitea doakoa da.
Apirilaren 17an, Miribillan. Han izango gara.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: