Txoro gaiztoak
Euskal Herrian badira tontoarena egin eta ustezko ezjakintasunarekin euren burua eta ekintzak zuritzen dituztenak. Sarritan, gainera, ezjakinarena eginda gainerako jende arduratsu eta zintzoen eskubideak alboratzen dituzte. Hau, ordea, zer dela-eta?
Gizartearen antolakuntza gorenaren funtzioetako bat gizabanakoen askatasuna eta eskubideak zaintzea da. Zuzenbidezko gizarte batean legeak dira elkarbizitza egokia eta baketsua antolatzeko tresnak. Besteak beste, bestela indartsuena jaun eta jabe bihurtuko liratekelako, eta gizarte kontratua pikutara joan.
Eskubideak, berriz, denok berberak ditugu; eta, eskubide horiek bete daitezen guztion inplikazioa eskatzen digute hain zuzen ere; horrenbestez, guztioi dagokigu hurkoaren eskubideak betetzea. Ezbairik gabe eskubide urraketa baten aurrean gutako bakoitza erantzule gara, zeharka bada ere; edozeinek duen eskubidearen urraketa ematen denean gutako bakoitzaren duintasunean galdetzen zaigu. Guztion duintasunean egindako injustizia gisa sentitu beharra dugu eskubide urraketa bakoitza.
Antzinatik entzun izan dut: legea ez ezagutzeak ez du legeok ez betetzetik desenkusatzen. Modu berean, bertoko hizkuntza ofiziala ez ezagutzeak ez du inor beste inork duen askatasun eta eskubidea oztopatu edo urratzeko ahalmentzen. Bi hitzetan esateko: ezjakintasunak ezin dio inori biderik eman beste bati eragozpenak edo ezerosotasunak eragiteko.
Hori bai, ikasgabeari gizarteko kide den heinean -eta hizkuntza ofiziala denez-, ezagutu dezan bitarteko eta neurri guztiak eskainiko zaizkio. Ezjakintasunean egotea, ordea, ez da harro egoteko egoera; beraz, nork berak izan behar du egoera zabar horretatik irteteko gutxiengo ardura eta kezka. Hortaz, benetako edo itxurazko ezjakintasun horretan mantentzea, axolagabea eta erruduna nor bera egiten du; ondorioz, ez da haintzat hartzekoa, inori kalterik sortzekotan behintzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: