Gure lurra
Hizkera kastilanoak -eta era berean Frantsezak- inoiz ez dute, behar bezala behinik behin, Euskal Herrian lur-hartu; hau da, inoiz ez dira naturalak izan, bertakoak eta propioak alegia. Horrexegaitik ari dira behin eta berriz gure hizkuntzaren aurka.
Jende hauek gure lurraren kontrol politiko osoa izan badute ere, euskara ez dute eurena; argi dago, berriz, euskalduntzen dena ez dela euretarikoa egiten. Hori dela-eta, eginahalak eta bi egiten dituzte gure hizkuntza lur honetatik desagertarazteko ahaleginean. Oraindik ere lan horretan ari dira,gainera: horrenbestez, jarraitu beharra dute errealitatea ezkutatzen, ukatzen, eta bururatzen zaizkien oztopo guztiak ipintzen.
Behin indarrez gure lurraren kontrola erdietsi ondoren jukutria, ezpata, sua eta odolaren bidez erdara ezarri nahi izan dute. Une jakin batean trumilka etorri, eta, era kriminalean, indarrez garaitu gaituzte; baina garaipen hau iraupen laburrekoa da, izan ere, etorkin horiek kanpoko indarren laguntza izan arren -eurena ezartze horretan-, ezin izan dute inoiz asmatu. Asko saiatu diren arren, euren seme-alabak hemen geratu, eta hemengo kulturarekin hazi eta hezi eta-gero, bertokotu egiten dira.
Kastilanoak zein frantsezak, bakotxak bere banaketa eremuetan, ez dira jabetzen neurri handi batean eurak ere nahitaez, lur honetan dauden bitartean eta gure gizartea den bezalakoa izanda, euskaldunak dirala. Ondorioz, gure hizkuntzaren kontra egiten dutenean -euskarari laguntzen ez dieten bakoitzean-, euran burua txikitu egiten dute; deuseztapen horretan ari direla denentzako oinazeak besterik ez dute eragiten.
Ezagutzen ditut gure jatorria utzi nahi duten batzuk ere, baina horretarako euren barnean dutenari saldukeria egin beharrean aurkitzen dira; eta lan horretan ari direla, berriz, euren burua lohitzen dute. Beste batzuek, ostera, kanpoko jatorria dutelarik amorru guztiz ari dira gure aurka; alegia, beste artikulu batean esan nuen gisan euskofobia dute hezur muinerarino sartuta. Horretan ari direla, ordea, ezinbestean, gureaz barru-barruraino kutsatzen dira, neurri batean bada ere gutakoa bihurtuz. Tamalez azken hauek guztiak bi gauzetan berdintzen dira: euren jardun suntsitzailean; eta, neurri handi batean, euren burua gutxitzen eta txikitzen jardutean.
Gure lurrean, kastilanoak eta frantsezak, noski, kanpotarrak dira, etorkinak, eta horretanxe dute euren ahulezia nabarmenena hain zuzen ere. Bene-benetan, beste lekuetan gertatzen den bezalaxe, etorkinen kulturak ez du behar besteko sendotasunik hemen. Horrexegaitik, hemen, kastilanoa eta frantseza galtzera doaz ezinbestean. Gaur egun, kastilanoz eta frantsezez dabiltzan hedabideak, politika eta ekonomía jardunak, agintari eta erankundeak, kalitate maila oso behekoa dute, kanpotik emandako indarrari esker jarduten dute, kanpotik etorritakoei esker mugitzen dira soil-soilik.
Herrietako jende xumea euren herriak utzi eta beste batera joan beharrean aurkitzen direnean euren lehen preminei aurre egiteaz nahiko lan izaten dute, eta horrela izan da gurean ere. Berton izan dugun agintaritza arrotzak laineztuta jende xume horrek euren herrietako bandera eskuan hartuta harro xamar ibili izan dira gurean, kanpotik agintariak ezarritako hizkera erabiliz; baina horrela jardunda, gainean izan dute beti arrotz izatearen zama eta euren seme-alabak zama horretaz arinduz euskaldundu egin dira.
Hiriguneetan pilatu ohi izan dira etorkinak eta gune hauek izan ohi dute arpegirik erdaldunena, ia etengabeko etorkin jarioa dutelarik, baina, gure lur honetan euskarak gizartean integratzeko duen indarrari esker, eta batez ere gazteek baztertua izatea inolaz ere onarten ez dutelako; gune horreetan ere erdarak atzeraka egiten du belaunaldiak igaro ahala.
Gainera, politikaren kontrol horrek hizkuntzari dakarren mehatxuaren aurrean gero eta euskaldun abertzaleagoak egiten dira. Horrela ba, herritarrak euskaldundu ahala hauek euskal abertzaleak bihurten dira, eta, indar kanpotarrak itsu-itsuan eta setatsu berean jarduten duenez, gureak, besterik ezean, euren indarrak batzen dituzte, baita politika arloan ere, independentzia eta desberdintasun politikoa erdiestearren.
Sentimendu hau, gainera, are eta indartsuago agertzen da goi ikasketak egin dituztenen artean. Urte askotan, kanpotar kulturari eutsi dieten jendeen artean daude goi ikasketa dituzten hauek, eta hauek ere belaunaldi aldaketaz batera, euren aberriaren kultura, kanpoko indarren eraginez behar bezala aintzakotzat hartua ez dela ohartzean -eta horretaz jabetu ahala-, orduan eta euskaldunago eta abertzaleagoak egiten dira.
Esaten da kanpora doana engainatzera doa edo doa engainatua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: