Vergeten zich.
Ordutxo batzuk soilik igaro badira ere, somatzen dut gramo batzuk falta ditudala jada.
Ukimenak lan bikaina burutu du gaurkoan. Betiereko edo azkeneko zeraren papera betetzera behartu dut nik behintzat, azkenekoa izan denaren ideia hori gustatzen ez zaidan arren. Eta gainera bazen gauza triste bat atzera botatzen ninduena, iturri urdin baten isuria.
Entzumena ere hor zen, baina ez nengoen berarekin ados. Nirearen oso antzekoa den aho xelebre horretatik irtendakoak airean geratu direla dirudi, niregan sartzean ez baititut guztiz barneratu. Eta baieztapen inozo bat bidali dut zure adimenera, betiereko edo azkeneko oroimenera.
Ikusmena maratoi itzel bat korritzera behartu dut. Nahiko gustora geratu da, lehenengo postua lortu ez duen arren. Hemendik gutxira beste aukera bat izango duelakoan nago. Ez dut itxaropena inoiz galdu.
Azken flash argiak malkoak teknologikoki islatu nahi izan ditu, baina ez du erdia ere lortu. Asko falta zen bertan. Gordetzen saiatu banaiz ere, ezin izan dut. Ezgaitasun fisikoa izango zen agian. Baina distira ekidinezinezkoa zait.
Ordutxo batzuk soilik igaro badira ere, somatzen dut zuek falta zaituztedala jada.
IRIS, FLOOR, MAARTJE, IRIS, INGE, SANNE, DASJA, PIP, RINUS, ANNICK, TIJMEN, INGRID, EMMA, SOPHIE, MARIE-SUZZANE, MAARIT, NIKKI, GIGI, LEANDER, TIJN, MAURY, MARK, QUINT-HEIN, RON, ROBBERT, EWOUD. EEUWIG.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: