Franz Joseph Haydn-en Jesukristo Gure Salbatzailearen Azkenengo Zazpi Berbak

izarraketailargia 1456148111595 IZARRAK ETA ILARGIA | 2010-02-27 03:03

Izango zen 1786.urteko estreinako egunetan, Franz Joseph Hayd-ek orkestra lan berezi bat egiteko enkargua jaso zuenean, hots, Bariku Santurako konposizio instrumental egokia egin zezala. Beren beregi, Jesukristoren azken hitzei egin behar zien konposizio musikala.

Enkargua, nondik eta Cadizeko Sta.Cueva zeritzan kofradiatik zetorkion. Hain zuzen ere,- bertan Bariku Santuko eliza-zeremoniarako halako orkestazio berezia behar zutela eta-, Jesukristoren azken zazpi hitzak zeritzen eliza-hautuei nolabaiteko musika apaindua eman nahi zietela hitz bakoitzaren ondoko predikua lehorregi gerta ez zedin;beraz, erabaki zuten orduko Europako maisu handienari halako enkargu berezia egitea. Horrela, Meritu markesari eman zioten agindua enkargua Eszterházy printzearen musika-maisuari luza ziezaiola.

Maximilian Stadler kanonigua, Haydn-en lagun mina, maisuarekin zegoen Cadizko aipatu kofradiaren halako enkargua jaso zuenean . Bere esanetan, “Haydnek halakoa pozarren hartu zuen, kristau-sinesmen handiko pertsona baitzen eta berebiziko erronka baitzeritzon iritzi”. Hortaz, berehalaxe ekin zion halako lan berezia konposatzeari, gogoak eta sinesmenak eraginda, izugarrizko interes eta grina piztu baitzitzaizkion. Halako aukera, bere bizitza musikal guztian zehar, lehenengoz presenta zitzaiona izan baitzen ; beraz, halako ekintza hartan ahalak eta bi jarriko zituen ordura arteko musika-lanik ederrena gerta zekion.

Hartara, lagunaren proposamenak eta burubideak kontuan hartu zituen hasteko: lehenik eta behin, zazpi hitzei doinu edo melodia egoki bat asma eta harexeri ,- lehenengotan musika tresna banarekin eta gero guztiekin batera- , behin eta berriz ekin ziezaion .

Emaitza ordura arte argien mendean zehar konposizio musikaletarik jario izan zenik ederrena izan zen. Bere mugimendu edo tempo geldi bezain guriekin Haydn-en jeinu sortzaileak aparteko konposizio honekin lortu gura izan zuena , -kristau munduarentzat hain garrantzizkoak ziren Jesukristoren azkeneko zazpi hitzotan-, espiritualitate sakon eta egiazkoa ageri-agerian jartzea. Azken finean, emozionalki hunkitzea zuen helburu.

Zazpi adagioz osaturiko konposizioa gozoki eta hunkigarriro josi eta bilbatuak, -berez zortzi adagio dira introitus-a beraien artean sarturik-. Rohrau ander Leitha-ko seme goragarriak zoragarriro asmatzen jakin zuen nola josi Jesukristoren azken hitz bakoitzari Cadizko kalonjeak egin behar zion predikuaren azkenari zegokion musika instrumentalaren segizioa. Aipatu hitz esanguratsoi halako hornidura musikala emanik, euron mezu espirituala areagotzeaz batera, -aldian-aldian sonata bakoitzak musikalki,era sotilez, adierazten zuen hitzon testu inguru erlijioso bereziaren emozioaren intentsitatea -, eliztarren berotasun erlijiosoa ere sustatu nahi izan zuen, baita hura aldeaz jadetsi ere.

Baina, emaitza miresgarri hura jadetsi ahal izateko Haydn-ek jakin nahi izan zuen,- azken finean, harako giro erlijiosoa musikalki bereganatu ahal izateko-, Cadizko eliza hartan nola antolatzen zen Bariku Santuko elizkizuna, Sto. Rosario zeritzan elizan, hain zuzen ere. Hartarako, orduko hartan Espainian zen Boccherini biolontxelo jotzaile eta maisu handiarekin harremanetan jarri , ezen aspaldiko lagunak izanik, harreman epistolar estua izaten baitzuten. Beronek , Boccherinik, -aldi berean Cadizko eliztar agintariekin hartarako, beren beregi, harremanetan jarri eta euron hitzez jabetu ondoren-, austriar maisuari halaxe jakinarazi zizkion harako elizkizun larri haiek:
“Badute Cadizko eliza horretan aspaldidaniko usua Garizuman barna oratorioa antolatzeko eta kantatzeko. Eta, Bariku Santu eguna heltzean, eliza barru guztia oihalez belztu egiten dute, bai hormak, bai bentanak, bai zedarriak beltzez jantzirik agertzen dira. Eliza erdialdea izan ezik, gainerako guztia ilunpean egon ohi da. Elizaren erdi-erdian, goitik zintzilik, lanpara nagusi bat dago, hura da tenplu barruko argi bakarra.Halaxe eragin nahi baitiote ekitaldiari sasoian behar duen larridura . Gero, eguerdian, ate guztiak itxirik, musika instrumentalaren lehenengo notekin , preludioarekin, hain zuzen, elizkizuna hasteari ekiten diote . Preludio musikala amaiturik, kalonjea pulpitura igo eta lehenengo hitzari ekiten dio. Lehenengo predikua eginda, orkestrak,zuhur,bigarren adagioari ekiten dio, eliztar agintariaren hitzari buruzko komentarioari jarraipen musikala eman nahian. Horrelaxe izanik, ondoko hitzokin”

Halaxe,bada, Haydnek ondo gogoan izan zituen italiar lagun handiak gutunez kontaturiko Cadizko Bariku Santuko zeremoniaren antolamendu guztiak bere musika egokiro konposatu ahal izateko. Beraz, sakontasun erlijiosoz eta espiritualitatez beteriko soinu eta doinuzko musika mota behar zuen, hitzon komentario bakoitzari zekarkion ondorio musikalak eliztarrei halako hitzongan pentsaraziko ziena. Hartara, tempoa ere zinez kontuan hartu beharko zuen konposaketan. Koartetoetan bezalaxe, adagio bakoitzak ezin izango zukeen ordu laurdenik gorako iraupenik izan predikuen esanahia eta eragina eliztarrengan alferrik gal ez zedin. Hori guztia kontuan harturik, horrelaxe egin zuen gure maisu onak, musika-lanik gorena bordatuz.
Lanari berari zegokion izenburua , -kontuan harturik orduko hartan Italiak eta italiar musikariek nolako eragina zuten Europan zehar, batik bat, musika arloan-, italieraz jarri zuen maisuak: Musica instrumentale sopra le sette ultime parole del nostro Redentore in croce ossiano sette sonate con un introduzione ed al fine un terremoto.Hau da, zazpi sonatez edo adagioz osaturiko lana, hastapeneko edo estreinako adagioa eta azkeneko ikaraldia edo lurrikara zelakoa barne. Bestalde, lan barruko instrumentazioren partiketa horrela egin zuen: sokak nagusi izanik; bina txirula, oboe, fagot, tronpeta, tinbal eta lau tronpa(french horn zeritzenak).


Handik urtebetera, 1787. urtean, hain zuzen, izugarrizko ospea hartu zuen Rohrau ander Leitha-ko seme gorenaren lanak, Europa zabalean, mugez gaindi, ezagun egin baitzen. Hain ezaguna eta txalotua izan zen, ezen Haydn-i moldatzea eta soka koartetorako bertsioa egokitzea otu baitzitzaion. Bai eta geroago piano-forterako edizioa ereegin.

Geroago, 1794. Urtean, Londresetiko bigarren etorraldian, Alemaniako Passau hirian bere lan ospetsuaren bertsio bat entzuteko abagunea izan zuen . Berau koarekin batera izan zen bertako Herr Friebart-ek, koro-maisuak, egina. Bertsio honek liluratu egin zuen gure maisu austriarra, eta berehala eskatu zion bere libretogileari, -Die Schöphung (Sorkundea)eta Die Jähreszeiten (Urtaroak)oratorioen letra egilea-, von Swieten baroiari,hain zuen, Zazpi Hitzen lana oratorio bihur zezala. Beraz, halaxe egin zuen Swieten-ek, “Jesukristoren Azken Zazpi Hitzak” lan zoragarria koro, solista k eta orkestrarako oratorio bihurturik. Beren beregi,Obra berri honetarako numero instrumental berriak gehitu zituen Haydn-ek, lanak berak, -zegoeneko oratorio mailaren arragoa jadetsirik-, egundoko ederra ageriz.

Horrenbestez , Haydn-en lan eder bezain apal honek zirrara erlijiosoa eragiteaz gain , Jesukristoren oinaze dramatikoa gurutzean musika instrumentalaren bitartez nabarmen adierazita, gure baitan gogoeta sakona ere eragin gura du. Azken antzean, norbere iritzi erlijiosoz edo gizatarrez gaindi, musika hunkigarri bezain bihozpera honen bitartez, mundu zabaleko gizartean , oro har,gizaldirik gizaldi eman eta ematen den sufrikarioa gogoan hartzea eta, ahal den bestean, zuzenbidean jartzea dira asmo eta helburu. Hala bedi, bada.