Aste Santua Highlandsetan
Oporrak martxoaren 14an hartzea zegokidan arren, bezperan (martxoak 13, osteguna) joan nintzen Donostiara. Urduri, maleta oraindik egiteke, soinua, panderoa, partiturak eta abar ahaztuko zitzaizkidan beldurrez. Ostiral goizean jaiki eta maleta egiten hasi nintzen. Jantzi mordoa, jertse eta beroki ugari, behintzat. Eskoziara joan behar nuela eta, inguruko lagun eta ahaideak hotz egingo zuela eta arropa asko eramateko gomendioa eman zidaten. Maleta egin, traste guztiak hartu eta bidai lagun izango nituen lau beasaindarrekin elkartu nintzen Donostiako Pio XII plazan. Arratsaldeko 7etan abiatu ginen, bi furgonetatan. Hurrengo goizean iritsi ginen Belgikara, Gent izeneko herrira, eta Zeebrugen hartu behar genuenez itsasontzia, igandean, arratsaldeko 7etan, bitartean Brujas eta inguruko herrixkak ezagutzeko beta izan genuen.
Itsasontzian 18 ordu igaro ondoren, iritsi ginen Hullera; berriz ere furgonetan sartu eta Edinburgo aldera abiatu ginen. Bidean Eyemouth herrian lo egin, hain ugariak diren gazteluetariko batzuk ikusi eta iritsi ginen, halako batean, Edinburgora. Han genituen zain, 90 goierritar, hegazkinean iritsi berri, aterpetxe kanpoan.
Hiru egun igaro genituen bertan; hiria ezagutu eta gozatzeko aukera izan genuen. Tartean parranda eta ekitaldiak ere egin genituen; batzuek dantza, besteek kirola, guk txistua, soinua, panderoa edota atabala jo, bakoitzak zuen bere egitekoa.
Ostiral goizean Edinburgotik Invernessera egin genuen bidea; abenturazaleenak furgonetan, eta gainerakoak bi autobusetan. Han ere, bertako neska gazteak gona motzarekin baldin bazebiltzan ere, izugarrizko hotza egiten zuen, elurra. Bi ekitaldi egitea suertatu zitzaigun, lehena izan zen jendetsuena, herritarrak harrituta egon ziren begira. Dantzak eta joaldunak ez, baina herri kirolak ezagunak egiten zitzaizkien herritarrei, bertan ere badituzte eta antzeko jokoak.
Invernesseko egunak bukatu zirela eta, maleta egin, furgonetak bete (aizkora, harri, jantzi eta abarrez) eta etxerako bueltari ekin genion. Igande arratsean (martxoak 23) abiatu baginen ere, ez ginen astearte gauera arte etxera iritsi. Bidean Melrose herrian gelditu ginen gaua pasatzeko, baina ez genuen, joaterakoan bezala, inguruko herri eta gaztelurik ikusteko betarik izan.
Iritsi ginen halako batean; Baionara arte eguraldi ederra, neu gainera txofer azken zortzi orduz, baina Euskal Herrira heldu bezain pronto euria eta haizea.
Berriz ere bidaiatzeko moduan gara. Esperientzia ederra izan da, ahaztezina, gustura errepikatuko nukeena, etorkizun ez oso urrunean.
eskozia map
Iruzkinak
Utzi iruzkina: