Eztia ala ozpina

labela@ni.eus 1603045696471 Itsasoan mara-mara | 2020-10-18 20:33
1

labela@ni.eus 1603046777364

“Aizue, mesedez, aldatu nazazue, pardela zikina daukat. Aspaldi ez da inor etorri…enfermera etorriko zela 2 orduro esan zioten anaiari, bai, nik argi entzun nuen…baina badira gutxienez…zenbat ordu pasa dira, jaten eman didatenetik, afaria izango zen, *A bocados* ikusten nengoen, a ze paradoxa, ezin jan eta sukaldatzen ikustea, baina telebista piztu didatenetik ez didate kanalez ere aldatu. Ilundu du eta telebista ez didate itzali, eta jadanik amaitu da gaueko pelikula ere…eta ez da inor azaldu. Atseginak eta gozoak dira atentzioan... daudenetan. Eztula datorkit, flemak eta ezin ditut atera, eztarrira igo zait lehen jandakoa, batidoa edo batek daki zer den ematen didatena, tripara zuzenean tutu batetik, ez dakit zein zapore duen, ahotik ezin baitut ezer jan, edo hori diote, nik gustora edango nuke ura… edo ardoa.

Eta ohean nago etzanda, ez didate altxatu ere egin, eta errefluxua daukat, ematen didaten batidoa, janaria deitu badaiteke ere, goraka datorkit halegia. Eta ahoan pika pika egiten dit mingainak, hortzetako eskuila eta ahoko likidoekin garbitzen zidan lehengo erresidentzian semeak, hark bai ondo… baina hemen ez didate inoiz garbitu, eta gero eta gehiago pikatzen dit, ezin dut ahoko minarekin… anaiari entzun nion medikuari argi esaten… baina begiratu ere ez dit egiten enfermerak… badator, hara!

Familiakoak faltan botatzen ditut…haien konpania behar dut, bakarrik nago. Bidekonferentziaz ikusten ditut eta negargura sartzen zait…ezin direla etorri esaten didate…zergaitik baina? Pandemia dagoela eta etxean daudela, konfinatuta? zer da hori, kartzelan bezala? ez dira bada gezurretan ariko…zergaitik ez dira etortzen, lehen egunero zetozen bezala…baina ondokoei ere ez diete bisitarik egiten…akaso hau ez da erresidentzia…lekuz aldatu nindutenetik, martxoa zela badakit, ez da inor ageri, akaso hau erreklusio zentru bat da…eta ez ditut gehiago ikusiko…beraiek ni hona ekartzea erabaki ote dute? Ta ez badatoz…nork joko dio txirrina enfermerari?

Kaka eginda nagoela konturatu da, eskerrak, baina nik jada dena daukat minzor, aluan ere azkura haundia ematen dit…ezin dit entzun, nik bera bai, baina nik soilik galderei erantzun niezaioke begiekin…baina ez dit galdetu ea ahoan min daukadan, ez eta azkurarik dudan… eta ezin dut eskua mugitu ezer adierazteko… geldirik dago nire gorputza eta nire burmuinak pil pilean…egidazu galdera mesedez! Pardela aldatu, telebista itzali du eta badoa…noiz arte?”

twitter: BlogakEus

2020-10-20 09:17 #1

Ongi etorri Blogak.eus komunitatera! Animo bide berrian!


Utzi iruzkina: