Leitzarren arteko finala
Leitzar askoren ametsa zen aurten Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriolaren finala ikustea. Halaxe suertatu da. Barriolak erraz menderatu du Sebastien Gonzalez azkaindarra, 22-8, beraz Maiatzaren 15ean Atano III pilotalekuan izango den finalerako txartela eskuratu du.
Hasiera hasieratik ikusi da oso indartsu atera dela kantxara Abel Barriola, 9 eta 0 hasi baita irabazten. Gero Gonzalezek sakea hartu duenean baziren esperantzak markagailua irauliko ote zuen baina ez, Barriolak bere lana ezin hobeki egin baitu. 11 eta 2 ez ezik, 17 eta 3 ere aurretik joan da leitzar handia, nahiz eta gero Gonzalezek 8 tanto egitea lortu duen. Ongi merezitako garaipena lortu du leitzarrak. Atzerapenak atzerapen, ongi eutsi dio tentsioari eta ez da bere lekutik atera.
Maiatzaren 15ean izango da finala, Donostiako Atano III pilotalekuan, gainera, ordu berean eta sei metrotara dagoen futbol zelaian (Anoeta) errealak jokatuko du mailaz igo edo ez erabakiko duen partidua. Bi leitzar arituko dira elkarren aurka: orain dela hiru aste finalerako txartela eskuratu zuen Oinatz Bengoetxea eta bestetik Abel Barriola. Ikusmin handia piztu da partidu hau ikusteko, batez ere Leitzan eta inguruko herrietan.
Adituen arabera, Barriola da faborito nagusia. Orain arteko partiduetan erraz gailendu da eta joku maila bikaina erakutsi du. Hala ere, Bengoetxearekin ez dago fidatzerik. Mutil oso langilea baita eta azkarra ere bai, aukera daukanean ederki aprobetxatzen duen horietakoa. Enpresen artean ere lehia seguru dago, bata Asegarcekoa baita eta bestea Aspekoa.
Kontuak kontu, Maiatzaren 15ean jakingo da nor izango den 2008ko txapeldun handia. Zorte on biei!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: