Etxetik kanpo bizi
Ni bezala, beste hainbat ikasle ere etxetik kanpo bizi dira. Hainbat eta hainbat gara egoera horretan bizi garenak. Gehienentzat unibertsitatea urrutiegi dagoelako etxetik da kanpoan bizitzearen arrazoia, baina beste batzuek, etxean bizi nahi ez dutelako bizi dira etxetik kanpo.
Hainbat abantaila daude etxetik at bizita. Nire kasuan behintzat, gauza asko ari naiz ikasten. Etxean dena eginda ematen didate, pentsa, ohea ere amak egiten dit. Baina egun bizi naizen pisuan, Eskoriatzan, ez daukat amarik nire lanak egiteko, beraz, nik egin behar izaten ditut.
Adibidez, hona etorri baino lehen ez neukan janaria prestatzen ideiarik ere, orain berriz, zertxobait badakit, nik egin behar izaten dudalako bazkaria eta afaria. Arropa garbitzen ere ikasi dut, eta noski, garbigailua jartzen. Harrikoa egiten ere aritzen naiz, ohea ere neronek egiten dut, garbiketak ere egin behar izaten ditut, beharko, garbi eta txukun bizi nahi baldin badut. Erosketak ere egin behar izaten dira, goseak hil nahi ez bada.
Arestian aipatutako lan hauek eginez, asko ikasten da bizimoduari aurre egiten, eta baita etxeko lanak egiten ere. Hori bai, etxean bezala ez da inon bizitzen. Etxeko janaria, etxeko goxotasuna ... falta botatzen dira. Esaerak dioen bezala: urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Hemen ere gauza bera gertatzen da. Kanpora joan eta izugarria izango delakoan egoten gara, baina gero ohartzen gara etxean bezala ez dela inon egoten, baina ikasi nahi badugu, beharko etxetik alde egin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: