No te valoran, porque siempre estas.

No profile photo Hosto Muxuak | 2020-08-05 11:43

 

Zein ederrak diren

espero ez diren

itzal epelak.

Ohituren artean

Egunen tarten batean

nonbait, zure zain.

 

Goizean goizeko kafea, ilargi betea, olatu hotsa esnatzean, neguko eguzki izpiak, euri tantak leihoan...

Maiz oharkabean pasatzen ditugun plazer txiki horiek ekarri nahiko nituzte burura. Lanaren estresa dela, bestea dela, ahantzi egiten gara, bai gure buruak eta bai naturak ematen dizkigun altxor txiki eder horietaz, eta ni naiz hori egiten duen lehendabizikoa. Eta bai, udarak usaia dauka, isiltasunak soinua dauka eta iluntasunean ikustea posible da.

Baina zer da plazer bat? Definizio bat emate aldera, zure barnean estimulu positibo bat sortu eta lasaitasuna edo zirrara dela esango nuke, pertsona edo naturako elementu batek eragindakoa bereziki.

Plazer txiki guzti hauek naturak eman ohi dizkigu, musutruk, eta gu pertsonetan edo gauzetan plazer hori bilatzen saiatzen gara. Zergatik egiten dugu hori? Sarri ez daukaguna bilatzen saiatzen gara daukagunari erreparatu gabe. Eta, hau ez da plazerrekin bakarrik gertatzen, pertsonekin, gauzekin ere antzeko zerbait egin ohi dugu. Benetan ondoan ditugun pertsonak ezagutu gabe eta eurek ematen dizkiguten plazer txiki horiek baloratu gabe (irribarrea...) hauek beste pertsona batzuengan bilatzen dihardugu. Eta "plazer" hortaz aspertzean, beste bat bilatzen dugu, eta beste bat... baina hori al da benetako plazerra?

Noiz izan zen ilargiari eta gauean zeruari begira geratu zinen azken aldia? Edo noiz izan da esnatzean olatuen eta txorien hotsa entzun zenuen azken aldia? Edo musika batek, laztan batek, oiloipurdia jarri zizun azken aldia? Ia seguru naiz ez duzula gogoratzen, agian begiratu edo konturatu ere egin ez zinelako. Agian pausatu behar gara, eta gure buruari plazer txiki horiek eman, bizitzak ematen dizkigun altxor horiek gureganatuz.

 

Plazer txikiak hor daude, eta bilatzen jakin behar dira, baina noski, beti hor daudenez ez ditugu apreziatzen.

 

Nola jakin zer den handi nimiñorik gabe, ezta?

 

Hurrenarte,

 

Kixkurne

 

 


Utzi iruzkina: