ZERO kideak (1)

LabirINTROlogiako 4. maila gainditu, XXI. mende hasierako giza-espazioen mugen mapa osatu, eta euskal Wikipediako Afrikako taldea eratu bitartean, segituko dut nire turnetarrak edo gure literaturako ZERO pertsonaia kideak gogoratzen –aurrekoan iritsi nintzen 1988 urtetik aurrera.
Blogak guneko Etxetik at! egileak galde egin zuen: noraino gara pertsonak –gu geu–, eta noraino gara pertsonaiak? Partez guk geuk eginak, eta partez gure eginak –gure ingurukoen eraginez.
Nire iritziz, jendartean bizi garen aldetik, denok izan behar dugu, batez ere, pertsona –norbera– izateko iparra, eskubidea, eta modua. Eta askotan ohi dugu pertsonaia bat –bera– izateko beharra, ihesbidea eta –batzuetan– patua ere. Baina inoiz ez gara izan behar norbera baino gehiago bera.
- Batez ere INTRO ikuspegi batetik diot hori. Izan ere, INTRO jendea jende artean gaudenean gure ihesbidea edo patua izaten da bera izatea, norbera baino gehiago. Eta are –maiz– ZERO izatea.
1989
Obabarren itzal luzearen pean sortu ziren ZERO ez diren pertsonaia asko. Batzuk oraindik gogoratuak –babiloniarrak, Carla, Sokrates...–, eta asko aspaldi ahaztuak ere. Nahiz eta sarituak izan, berrargitaratuak, eta kritika onak –garaiko kritikariak ez ziren beti xamurrak–. Idazle berri batzuek Peka edo Micaela de Iribarnegaray gisako pertsonaiak sortu eta utzi egin zuten, betiko.
ZERO kide, baina, eutsi zion baten hau hautatu dut: Mikel Zulueta –ez da sukaldari txiletarra–. Idazlea ezaguna da; ponteko izenez, Esteban –eta ez Lauaxeta, 1997an berpiztua ere–. Liburua Elkar argitaletxean agertua, eta berrargitaratua, eta kritika onekin. Zergatik hau hautatu, bada?
- Sekretua delako, oraindik, pertsonaia horren atzean dagoen Esteban –eta Lorenzo–. Nahiz eta idazleak berak argitu, 2005eko hitzaldi batean, Miarritzen, eta hitzaldi hura argitaratu Maldetan sagarrak: euskal gatazka euskal literaturan liburuan –15 ale liburutegietan, 8 aldiz mailegatuak.
1990
Ez da sekretua nor zen Alarigar Jualermu, baina Migorto Rehekris pertsonaia hautatu dut ZERO kide gisa. Hau da, egilea bezala, sei gigi –gizon gipuzkoar– ezagun zahar eta berriren akronimoa. Zergatik? Bilduma kolektiboek –batzuk benetako altxorrak– oso arreta exkaxa jaso ohi dutelako, euskal literaturan –Tazu bilduma honen kasuan, liburutegietako 145 aleak 16 aldiz mailegatuak.
Lanketa exkaxa ere izan ohi dute. Ipuinak egileen izenen arabera ortografikoki ordenatuta –kasu honetan, pertsonaia Migorkris Hektore da, benetan–. Bestalde, urte hartako nire irakurketetan izen ezagunak dira denak: Ismael Larrea, Ana eta Hanna Schygulla, Rosa Grimaldi, Absalon...
- Eta gainera, izenburu ezagunenak erosi egiten nituen, eta ezezagunagoak liburutegian mailegatu.
1991
Jo(ka)era berarekin segitu nuen urte hartan ere. Jokabide orokorra al zen? Hautaketa naturala?
Udal musika eskolako urteko kontzertuan bezala, kutur aretoa –ia hutsik beti– ia beteta, entzule ia guztiak –senide, adiskide, eskola kideak...– urte osoan kontzertu horretara soilik agertuak.
Halere, Bernardo Kapanaga ezagutu nuen. Ez da liburuko pertsonaia, berez, egilearen –ponteko izena, Jesus Mari, 1943an Kieven jaioa– alter egoa da. Fermin Egurenek –Borgesen pertsonaia ote?– bi hitzaurreetan dio: "Inor gutxik ezagutzen du bere eguneroko bizitzaren inguru hertsitik kanpo".
- Eta hau: "Dudarik gabe, une honetan Euskal Herrian dagoen pertsonai interesgarrienetako bat".
1992
Urte hartan ere ia ZERO bat ezagutu nuen –gerora ezagunagoa–. Pertsonaia bikoitza: Mario eta Marilin. Bi kritikarik aipatua, bera –"Ez daki dagoeneko nor den... mutil apal eta lotsatia... neska liraina eta kanpokoia–, eta bere ingurua –"ETAkideak eta trabestiak... ezohiko harremanetan"–.
Bilboko Xaho liburu dendan saltzaile, ez txarra; bezero bati dio: "Euskal literaturan izen propioa duten idazleentzako ez du (bi mila aleko tirada batek) ezertarako ematen".
- Eta gero: "Ez dago irakurlerik gabeko idazlerik". Afrika ezagutuko du –sortzez nafarra–, bere burua saltzen.
1993
Carlos agertu zen, sotoviejotarrak... Eta Amaia Ezpeldoi, baina nik –ai!– ezin nuen –eta oraindik ezin dut, ai!– zuberera itxi harekin. Arazo gutxiago nuen Ireneo Veytia edo Carl Orff-en batua zabalekin. Eta arazo gehiago liburu itzulietako euskara –nirea neurea bezala, ai!– trankatuekin.
Bai, urte hartan pertsonaia unibertsal asko agertu ziren euskaraz: Aleksei Ivanovich, Dorian Gray... Haien artean zein hautatu, baina, ZERO kide? Emma eta Charles Bovary? Ezin.
- Ez, kideagoa dut urte hartan ezagutu nuen emazteak –euskaldun zaharra, alfabetatu berria– bere liburuen artean gure etxera ekarri zuen Okonkwo nigeriarra –1991koa, euskalduntzeko bertsio laburtu eta erraztua.
1994
Ixabel agertu zen, eta Otto Pette, Patxi, Nerea... Izen oraindik gogoratu asko. Eta izen –batzuk gerora– ezagunen lan kolektibo ahaztuak: Urruzuno –34 ale eta 2 mailegu–, 9408 narrazioak –17 ale eta 5 mailegu–...
- Eta urte hartako Tene lehiaketako Elene –"maitatu nahi eta ezin"– hautatu dut ZERO kide.
1995
Iñaki Abaitua agertu zen, Irene, Margarita, Yeti... Eta Petronio, Margot, Bartolo... Hauek ez dira ZERO pertsonaiak, inola, baina nire kideak dira. Izan ere, agertu aurretik ezagutu nituen –nola, sekretua da–. Ordu erdi batez, ez dut gogoan idazmakinazko izkribu hartaz ia ezer –izenak ere ez–. Itzalak soilik, eta ez zutela inolako antzik gero –osorik, gustura– irakurri nuen liburuarekin.
Beste liburu bat zirudien, normala. Hainbeste aldatu zen, argitaratzeko bide luzean?
- Susmoa dut orduan sumatu nuela –konturatu gabe–, ni eta nire pertsonaia anormalak ere bidean, galduta, ez inon, ez inora, geratuko ginela –euskara bezala normalizatu nahi den euskal munduan– ZERO.
1996
Urte hartan ia izenburu bereko –Bipus– bi liburu agertu ziren, bi idazle ezberdin eta argitaletxe ezberdinetan, bat ipuin eta bestea poesia bilduma. Bietan agirretar bana –senideak ote?–, Dioni eta Joxerra, elurraren izaera epiko, ironiko, oniriko, amnesikoan galduta. "Ezer ez da dirudiena".
- Elur geruza berdintzailean. Denak ezberdinak izatea da, benetan, denok berdintzen gaituena?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: