ZERO kideak (0)

Labirintologiako 3. maila gainditu, XXI. mende hasierako giza-espazioen mugen mapa osatu, eta euskarazko Wikipediako Afrikako taldea eratu bitartean, nire turnetarrak gogoratuko ditut. Hau da, gure monsieur eta madame Turner batzuk: euskal literaturako nire ZERO pertsonaia kideak.
Aurretik –Afrikako taldeaz–, ez badakizu Wikipedian nola hasi, artikuluak nola egiten diren, zeu nola moldatuko ote zaren..., hona tutorialen eta bideo pilulen esteka: Wikipedia-laguntza sarea
Ikusiko duzunez, jarraibide argi, garbi eta aski errazak dira. Eta aukera pila –ia infinitu– batekin.
- Bitartean M-23 taldeak Kongoko Goma hiria hartu du. Ez da lehen aldia, 2012an taldea eratu eta gutxira hartu zuen. Wikipedian 23 hizkuntzatan ematen da talde horren berri –eta euskaraz ez.
Euskal literatura 1984an hasi nintzen irakurtzen, euskaraz ikasten hasi eta gutxira. Eta euskaraz idazten ere hasi, jarraian. Nire lehen lerroa: "Atea horman dago". Ez dut nire paper zaharretan bilatu behar izan, ez dut inoiz ahaztu –lehen mezu motz hark indarrean jarraitzen duen seinale.
Gerora ikasi dut euskal ekuazioa: irakurle bat + idazle bat = ZERO. Baina pentsa: Labirintologiako 3. mailan nago, XXI. mende hasierako giza-espazioen mapa bat osatzen, eta gainera Afrikatuta.
- 1984 hartatik hasiko naiz, beraz –lehen urte hartako liburuak geroago irakurriko nituen, noski.
1984
Gogoan ditut urte hartakoak: Nafarroako Artizarra, E pericoloso sporgersi , Gauaz parke batean... Baina Damiano Txikilaurden edo Dulce, Joxe Azkue edo "sekretaria" Edith, Gaston du Pont du Rand edo Helena, apalak izanda ere, ez dira ZERO koma ZERO bat, bi... kategorikoak.
Debako lagun batek oparitutako Tene Lehiaketa 84 bilduma izan zen goi euskal literaturako nire lehen liburua. 14 ipuin, egile –aurretik, edo gero– ezagunak eta ezezagunak, eta Jesus, Malen, Franz, "Eztakit Aralarko", Iturralde, Alex A. edo Kalina "Sekica" bezalako ZERO pertsonaiekin.
- Halere, askoz geroago erosi eta berriki irakurri dudan Kosmodromo ipuineko CPZ-3721 izango da lehen ZERO.
Izen bereko bildumako lau ipuinak –Miranderenak bezala– askoz lehenago idatziak dira, eta bi Hegan aldizkarian agertuak, eta bestea Belgikan –flandierara itzulita–. Kosmodromo, zientzia fikziozko ipuin distopikoa, 1969an idatzi, Bruselasen, eta 1984an agertu zen lehen aldiz.
Noski, Txillardegi izen handi bat da euskal literaturan. Baina ipuin hori ez da saritua, eta agertu zen bilduma Hego EH-ko 64 liburutegi publikotan dago, baina maileguan 20 aldiz soilik hartu da, guztira –mailegu sistema elektronikoa hasi zenetik ote?–. Armiarma gunean ere dago irakurgai , baina Kritiken Hemerotekan ez... Guztira, CPZ-3721 pertsonaia ez da ZERO koma batera iristen.
- CPZ-3721 hiritarra Adimen Artifizialaren menpeko mundu batean bizi da. Gizaki guztiak bezala, gaixotasun, obligazio eta debeku orotik libre, denbora pasa hutsean, asperkeriara kondenatuta.
1985
Izen handiko narratiba liburu asko atera ziren: Mundu munduan –Arestik 56an idatzia eta 65ean Heganen atalka agertua–, Bi anai , Kcappo, 110. Street-eko geltokia... Beste bi pendiente ditut, aspalditik. Bat, Biharko oroitzapenak zientzia fikziozko bilduma –Armiarman dago–, baina Mayi Pelot aipatua izan da, gutxi bada ere,eta bere Etxeberry'tar Anaiz edo Miren ez dira ZERO.
Bestea, Tene Lehiaketa 85, askoz geroago liburutegi bateko expurgo gisa topatua: 14 ipuin, egile ezagunak –84tik batzuk– eta ezezagunak, eta Richard White d'Oliveira bezalako ZERO batzuekin.
- Baina poesia ere irakurri dut –Ez sinkronia, Likantropo...–, eta berriki, Beldur naiz. Eta ZERO kide gisa bilduma horretako –Armiarman hau ere– pertsonaia bat aukeratu dut: "amorante" Oidui.
1986
Pertsonaia ezagun batzuk, agian ZERO koma bederatzira iristen ez direnak: Pedro Mari Arrieta, Joxemi, Franz eta Rosa, poesian Jonas Poisson... Eta ia batera iritsi diren Mikel Zabalza, Idoia Aierbe edo Ion Arretxe. Baina Josu, Anton edo Karmen liburukideak ZERO koma batera ez.
- Urte haietan hain prolifikoa zen Santistebani sobera arin aritzea leportatu zion kritika batek urte bereko –nik irakurri gabeko– Terrorista eleberrian –pentsa, 85eko abenduan agertu zen Mikel.
1987
Izen handiko liburu gehiago: Manu militari, Udazkenaren balkoitik, Azukrea belazeetan, Odolaren usaina, Saturno... Eta nik oraindik irakurri gabeko askotxo: Teleamarauna, Tobacco Days, Mendekuak, Paixibo, Olagarroa... Aspalditik pendiente ditudan batzuk –ez dut zehaztuko zeintzuk (ez)–. Eta ZERO koma bederatziak –Irene, Iñaki Arretxea, Pernixio, edo poesian ere Emily...
ZERO kide gisa, Ahanzturaren artxipielagoa bildumako 65 mikroipuinetako asko hautatu ditut, Xabier Nolotolon eta Iverst hiria bera kenduta, zera: Esperantzita Izotzbeltz, Prontxio Seguraski, Gemma Mintz, Pello Granada, Marta Zirriborro, David Katilu, Perseo-170, Anastasio Barraskilo...
- Liburuaren 71 ale daude liburutegietan, 13 aldiz hartuak, guztira. Mailegu sistema elektronikoa martxan jada kaleratutako nire lehen liburua –aldean–, 4 ale, ZERO aldiz.
1988
Urte hartan agertu ziren –batzuk, berriz– Henry Bengoa, Camilo Lizardi, Jose Francisco, Esteban Werfell, Exkixu... ZERO koma bederatziak. Eta seiak, eta hiruak... –Malintxe, Max, Gabriel Laspiur... Tene Lehiaketa 88 bildumako 49 ale daude –Nafarroan ZERO–, 3 aldiz hartuak, guztira.
Urteko errepasoan zehar, pendiente geratu zait Gogoa ibiltari –65 ale, 9 aldiz hartuak–. Egilea ez da Zubitegian agertzen –ni bezala–. Bi kritika bai, baina ez onak. Eta pertsonaiez, soilik dakit kontrazalak dioen hau: "Euskerako izenak izantzat hartzen ditu, eta elearen pertsonai bihurtu".
Beraz, ZERO kide gisa, zientzia fikziozko Azken belaunaldia eleberriko Edwinson Iztueta hautatu dut. Bioteknologoa, Martitzeko A-7 kolonian jaioa, 2080. urtean ikaragarri handitu du Pello bere lagunaren adimena –besteen gogoa eta lekua hartzeraino–, burmuinean mikrotxipak txertatuz.
- Balizko XXI. mende amaiera hartan badago Glyfy izeneko droga bat, baina ez WiFI teknologiaren pareko ezer. Noski, nola jakin, ziur, WiFi sistema telematikoa dela, benetan, eta ez telepatikoa?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: