"Ni ez naiz Mikel Laboa"
Laboak dio, izen bereko komikiko azalean –eta kontrazalean "A, ez?" gehitu–, nolabait ere islatu nahian Laboa osoa komiki batean biltzeko ezina, haren ertz, zirrikitu eta adar guztiekin. Islatuta geratu da, behintzat, komiki forman, Laboaren barruko mundu poliedriko eta laberintikoa: ni, gu eta hura, Amerika eta Afrika, aspaldikoa, bat-batekoa eta geroa, tradizioa eta abangoardia...
Laboak bere ibilbide luzean hamaika pausu eta jauzi eman zituen. Luzeenetako bat, lehen aldiz oholtzara igo zenean: jende aurrera, bera bakarrik, ahotsa eztarrian, gitarra eskuan... Ehunka entzule berari begira, auskalo zeren zain. Eta gerora ere, hamaika aldiz, Mikel Laboaren zain.
- Nor da, bada, Mikel Laboa? Hura ez zen Mikel Laboa? Zer zen –eta da– Mikel Laboa izatea?...
Irudikatu lehen aldi haiek, 1955 aldean, 21 urte, Iruñean, erdaraz, edo Donostian, euskaraz. Azken entsaioa, bezperan. Buelta askoko –zer nezesidade?!– eta lo gutxiko gaua. Azken goiza, ordu bat... Lehen nota eta kanta: Brassens edo Yupanqui, Oi Pello Pello edo Pasaiako herritik...
Egin dezagun jauzi handi bat, 1969 alderaino, 35 urte. Bera bakarrik, bere etxean, lehen Lekeitio, edo Ez Dok Hamairuko taldekideekin, nonbait, Baga-Biga-Higa sentikaria prestatzen...
- Irudikatu hurrengo aldi haiek, Lekeitio 2, edo 3, edo 4... oholtza gainean, zuzenean, interpretatu beharrez.
Nondik nora/nola ateratzen ote ziren lehen nota haiek? Nondik, Laboaren barru-barrutik, bai, ezinbestez. Nola interpretatu, bestela, halako kanta bat? Inola ere azaletik, edo ofizio hutsez. Baina nola egin, hori, ehunka entzule zuri begira, Mikel Laboaren zain daudenak? Atera, nora?...
"Galdera handiegia da, agian, gauza sinple baterako"
- Eremu hipotetiko huts batean sartzera noa.
Ez dut inoiz kanta bat sortu. Ez dakit Laboa akorde pare batetik abiatu ote zen, edo doinu iheskor baten atzetik, oheko edo autoko bakardadean. Badakit zer den poema edo ipuin bati ekin eta bide konbentzional orotik ateratzea, gero eta gehiago urrundu... eta tiradera batean amaitzea. Ez ordea ehunka hartzaileren aurre-aurrean.
"Le monde est cruel et je suis un connard" oihukatzen amaitu, Peio. Beranduegi da antzokitik irteteko
"Oreka ezina den indibiduo baten azken pentsamenduak"
"Entzun, nor bere bizitzaren erruduna da, eta ez da inor zu baino ausartagorik"
"Denak gara desagergarri, eta denak esagertuko gara, belarriak behatzuloetan"
- Itzul gaitezen Laboaren kanta berri –izugarri berri– haien lehen faseetara.
Nire tesia da puntu kritiko batetik aurrera ez zutela, jada, atzera bueltarik. Ez zutela egokiera normalago bat inola onartuko –kantatzeko zein entzuteko errazagoa, edo–. Ezta kontzertuetatik kanpo uztea ere.
Aurrera egin beste irtenbiderik ez zuen, jada. Kanta garatzen jarraitzea –kantak berak eta bere kantari senak eskatzen zion bezala–, hori ez zen hain zaila. Bai ordea garapenaren azken fasea. Azken kolpea, oholtzaren gainean eman beharra, fokuen azpian, zuzenean, jende pila bat aurrez-aurre...
- "Nondik irteten da barrura?", holako egoera batean
Zeure barrura, hasteko. Eta zure barrutik atera gabe, kanta horren barrura, atera. Jende multzo horren barrura iristeko, eta hortik banako bakoitzaren barruraino... Nondik nora/nola?...
Nire hipotesia da: barrura eginez. Mikel Laboak kanta haiek garatu gabe edo kontzertuetatik kanpo utzi ezean, beste irtenbiderik ez zuela –ez dugula, INTRO jendeak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: