Labirintologia (1. maila): Igeldo

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2024-11-05 12:36

introbertsioa@gmail.com 1730806752292

Igeldoko parkera joan nintzen atzo. Laugarren –eta azken– aldiz nire bizitzan, oker ez banago. Lehen bi aldietan EGB-ko bi eskoletakoekin joan nintzen, gero emaztea eta gure bi haurrekin. Azken honetan ni bakarrik, erretiratu berri –emaztea eta bi seme-alabak beren ikas lekuetan.

  • Oroitzapen biziena lehen aldiko bat izan da: nola ikasi nuen labirinto bat zer den. Ez bainekien, artean, 10 urterekin! Garaiko lehen hezkuntza askok uste bezain ona –hobea– ez zen seinale.

Txangoko azken orduan izan zen: azken atrakzio batean sartzeko bi sosak nituen, eta ikaskide batzuk Labirintotik zetozen. Oso ona zela esan zidaten, beste argibiderik gabe. Nik ere ez nien eskatu. Hara joan, sarreran –ezer galdetu gabe– ordaindu eta barnera sartu nintzen, barnean haur gehiago eta laguntzaileren bat egongo zelakoan, haurrok Labirintoa atrakzioan kokatzen.

Hala, pasillo huts eta ilun batean barneratu nintzen, bakarrik ni, "Labirintoa" delakoaren bila, jakin gabe labirintoan bertan –betean– nengoela, jada.

Gogoan dudanez, oso luze ibili nintzen, bakarrik ni, pasillo eta errebuelta amaigabeetan barna.  Irteeraren bila ez, sarrerara itzuli nahian, galdetzeko non zegoen Labirintoa. Beste inor topatu banuen –edo munstroak, piztiak...– ez dut gogoan. Soilik beste haur bat, beste eskola batekoa, handik irteten lagundu zidana. Beno, hori eta damutu nintzela azken sosak hala xahutu izanaz.

  • Artean ez nekien Labirintologiako nire lehen ikas maila gainditu berria nuela.

Azkar eta oso zaletu nintzen ikas gaiarekin. Orri laukitu asko labirintoez betetzen nituen –labirinto batez folio oso bat, behin–, eta Errege Magoei urtero eskatzen nien Exin Castillos bat gehiago, gero eta gaztelu handiagoak eraikitzeko ez ezik gero eta labirinto konplexuagoak sortzeko ere.

Jakina –dakigunez­–, askoz maila gehiago gainditu behar dira ikasteko gure oroitzapenak berak direla Disney gaztelu handiak eta Minotauroaren labirinto bihurriak. Inola ez itsu fidatzekoak. Erreferentzia puntu ziurrak bilatu behar dira, gure orientazio sena zeri eutsi, oina non pausa...

  • 55 bat urteko distantziatik, oso puntu ziur gutxi ditut, Igeldoko lehen aldi hartaz.

Agian 10 urte ez, 9 edo 8 nituen. Ez dakit nor zen gure maixu edo maistra, noren ondoan jarri nintzen autobusean, zer egin genuen goizean, zer beste atrakziotan sartu nintzen, norekin...

  • Puntu ziur-ziurrak dira: bakarrik nengoela eskola kide haiek labirintoa gomendatu zidatenean, bakarrik sartu nintzela, eta haur ezezagun bati esker atera, labirinto bat zer den ikasten hasita.

Eskolako txango batean, Igeldon, bakarrik, ni. Ez dut gogoan lotsaz, etsian edo nola bizi nuen hori –ohikoa zen seinale–. Bai ikas taldean banuela lagun on bat. Ez zen txangora joan? Ez zuen bi sos, labirintoan nirekin sartzeko? Nola bizi zuen berak lagun taldeko dinamika? Hierarkia edo kasta sistema, idatzi gabeko kanon, kode, arauak... Edo ni taldetik baztertu edo aparte ikustea.

Ikaskide batzuk, ez hain lagunak, labirintotik zetozen, eta gomendatu zidaten –nola ikasi zuten labirinto bat zer den?–. Denak mutilak, ez dut gogoan neskarik bat ere zegoenik Igeldon, gure ikas taldea mistoa zen arren, ikasle erdiak-edo neskak, eta bat aski laguna –txangora joan zen?

  • Beste garai bat zen, 1970 aldean, gurea bezalako herri txiki askoetako lehen eskola unitarioak.

EGBko nire bigarren eskola mutilentzat zen bakarrik. Bi lagun on nituen, beti elkarrekin ibiltzen ginen hiruak. Halere, ez dut gogoan Igeldoko aldi hartako ezer: autobusean hiruak nola eseri  ginen, goizean non ibili, edo labirintoan sartu ginen ere. Pentsatzekoa da hurrengo egunetan asko hitz egin genuela Igeldon bizi izandakoaz, eta halere ez dut ezer –ziur, ez ia ziur– gogoan.

Hurrengo aldian, 2010 aldean,familiarekin, ez ginen labirintoan sartu: atrakzio gehienak itxita zeuden –eskola txangorik ez–. Ez dut gogoan penaz hartu nuenik. Ziur labirintoa oso aldatuta zegoela –euskarazko testuak eta guzti–. Autoz igo ginen, Oriotik, goiza hondartzan pasa eta gero, eta Donostiako ikuspegiez gozatu eta gero Hondarretara jaitsi –eta aise aparkatu, doan.

Atzo ere –beno, duela bi aste, jada– itxita zeuden –funikularrean turista ilarak egon arren, gora eta behera, haurrekin eta guzti–.  Baina irekita egon balitz ere, ia ziur ez nintzatekeela sartuko. Labirinto fisiko horren barnean ez baitago, ia ziur, nire barnean faltan sumatu dezakedan ezer.

  • Eta zure barnean? Neska bazinen ere, ikusi al zenuen, 1970 aldean, edo –askoz– geroago, 8, 10, 12... urteko mutil –edo neska– bat, bakarrik, Igeldoko labirintoan galduta, noraezean?

Ez dut gogoan eskerrak eman nizkizun ere. Beraz, orduko partez, edo berriz, eskerrik asko.

"(dragoiak) Bizitzan bide bakarra ez dagoela ulertu zuen arte, ez zen adiskidetasunaren balioaz konturatu, baina azkenean bere lekua aurkitu zuen munduan. Asko bidaiatu zuen, baina bidaia egitea, zalantzarik gabe, merezi izan zuen".

(Igeldoko gaur egungo labirintoko testu amaiera) 


Utzi iruzkina: