INTROpedia (2): Klaus Fuchs

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-09-23 10:12

introbertsioa@gmail.com 1695457166898

Oppenheimer. Prometeo amerikarra bukatu eta Klaus Fuchs. Bonba atomikoa lapurtu zuen gizona hasi dut, figura ilun horren nortasun INTRO nabarmenean ere barneratu nahian. Agian inork lortu ez zuena, Klaus 1911n jaio zenetik, eta 1988an hil zen arte? Bere aitak, agian?

Norman Moss biografoak, agian? Honek dio Fuchs 1933an bihurtu zela barnekoi, bere erbeste luzea hastean: "Nortasunaz aldatu zen. Herrialde arrotz batean zegoen, bere lotura sozial guztietatik aparte... Arrotza zen, psikologikoki zein legalki". Mesfidatia, isila, bere baitan bildua, hotza...

  • Baina hau ere dio: "Beti isila, bere aitak esan zuen bezala" –badago beste biografia bat erdaraz, Robert Chadwell egile, baina ez dut lortu.

Klaus bere aitaren semea zela dio Mossek, baina bere konbikzioei irmo eutsi zielako. Izaeran oso ezberdinak zirela. Aita –artzai luterano, eta gero kuakeroa– oso irekia, jendekoi, beroa. Bakezale sozialista: hortik seme-alabei "azeri gorri" –roter Fuchs– iraintzen zietela eskolan.

Bere amaren semea ere ote zen? Alaba ez: 1931n hil zorian topatu zuten ama, "ama, banoa" zioela, azido klorhidrikoa edan eta gero. Orduan jakin zuten amatxi ere suizidatu zela. Eta gero arreba nagusia ere suizidatuko zen. Eta gero arreba txikia eroetxe batean sartu, eskizofreniaz.

  • "Oso haurtzaro zoriontsua izan nuen" idatzi zuen Fuchsek, halere, bere aitormenean.

Ez zen kikiltzen irainen aurrean. Ez unibertsitate garaian, ator nabar nazien kontra borrokan. Modu irekian eman zituen bere iritziak, gazte sozialisten bileretan. Edo aitarekin eztabaidan, bera komunistetara hurbildu eta afiliatu zenean, Hitler Führer bihurtzetik gero eta hurbilago.

Berlinera zihoan, bilera klandestino batera, Reichtag erre zutenean. Bost hilabetez ezkutatuta egon eta gero, Frantziara joan, eta handik Ingalaterrara –1933ko azaroa–. Lehengusu baten neskari esker, han au pair lan egiten zuena  –Klausek zituen lagun eta kontaktuen seinale, diot.

  • Lau urtez Bristolen, hiru Gunn senar-emazte ezkertiarren etxean –22, 26... 32 urte bete; bere neskarik-edo egon bazen, berririk ez.

Unibertsitateko ikaskide batek dio: "Aire freskorik inoiz arnastu ez duen tipoa dirudi". Argal, ilun, itxia... 1936an Espainiako Errepublikaren alde lanean, Alemaniako PK-rekin kontaktutan, berriz. Pasaportea berritu nahian, Kontsulatuak fitxatu eta komunista zela salatu zien ingelesei.

Inoiz ez zuen ukatu behar izan. Nola da posible? Edinburgora fisikari, lagun berriak. Gerra hasi eta etsaien barneratze-esparru pare batera. Denek ongi hartua, inork ez ongi ezagutua: "Fuchslein", Azeritxoa. Gero Edinburgora berriz, eta Birminghamera, Peierls senar-emazteen etxera: "Zirrituko sos-gizona": zirrituan sos-galdera sartu eta berak "bai" edo "ez" erantzun.

  • 1943ko abuztuan, AEBetara nahi, arma berri bat egiteko proiektu top-secret batera? Bai.

Nola da posible? Manhattan Proiekturako hautatua, eta onartua –nahiz eta "Fuchs" ingelesez "fucks" ahoskatu, "izorratu"–. Berak onartzea bai, ulergarria da: 1941eko amaieratik kontaktuak zituen, Londresen, agente errusiarrekin, informazioak pasatzeko; eta orain New Yorken.

Harry Gold "Raymond" ere INTRO zen? "Espioitza kasu muntako batean parte hartutako figura estrainioenetako bat", dio Mossek.  Sozialki ezgai, ezkonge, gurasoen etxean... "Fantasiosoa", berari buruzko fikzioen kontazale: emazteak maitale bat zuela, seme-alabak kendu zizkiotela... Eta besteei laguntzeko joera "patologiko" bat: errusiarren espia izan nahi? Ez jakin esan ezetz.

  • Los Alamosen bi urtez, Fuchs, bakarti eta ezkutua, AEBetako gune isolatu eta sekretuenean.

Nola moldatu zen Klaus estu eta itxia, halako gune estu eta itxi batean? Denek ilun eta urruna ikusten zuten, zerbait estrainio zuela... baina inork ezer susmatu gabe. Informazioak buruan ateratzen zituen, eta gero idatzi, Raymondi pasatzeko. Baina buruan gero eta duda gehiago ere bazituen, eta bihotzean: gero eta lagun gehiago eta hobeak zituen; haiei traizionatzen ari zen?

Los Alamos konpartimentuetan banatuta zegoen, informazioa babesteko. Eta Fuchsek berea pasatu zuen, ez bere lagunena. Baina lagunen aberria, bera hartutakoa, zer? Batez ere, gerra eta gero, bonba britaniarrean lanean: "Bere bakardadea espiarena zen, ez bakartiarena".    

  • Bere burua bi konpartimentutan banatu zuela dio, aitorpenean: "Eskizofrenia kontrolatu" bat. Parte pertsonala, batetik, eta ideologikoa, bestetik.

1949 amaieran atera zen bere pista, 1943ko mezu zifratu batean. Ez zuen ukatu, ezer ezkutatu, galdeketetan, ez epaiketan. Heriotz zigorra espero zuen, baina berea ez zen traizioa: Errusia ez zen etsaia berak informazioa pasatu zion garaian. Halere, gehieneko zigorra jaso zuen: 14 urte.

Min gehiago eman zion herritartasun britaniarra kentzeak. Nora joan, askatzean? Giltzapean betiko Klaus izan eta gero, portaera onagatik 1959an askatu eta jaioterrira itzuli zen, garaiko Ekialdeko Alemaniara. Aita bezala, baina bera Alderdiko kidea egin zen, ortodoxiaren aldekoa.   

  • Ezkondu ere egin zen, Unibertsitateko ikaskide ohi batekin –hau ere Alderdikoa.

Aitak bezala, irmo eutsi al zien bere konbikzioei? Berak ere bazuen puntu megalomano bat. Adibidez, bere aitormenean dio oraindik sinisten zuela komunistek mundu berri bat eraikiko zutela, berak parte hartuko zuela horretan... eta esango ziela zer gauzak ari ziren gaizki egiten.  

Buruko bi konpartimentuak bat egin ziren? Lagun ohien mina ulertu bai, baina arbuioa onartu ez. 1979an Unibertsitateko irakasle postutik jubilatu eta berriz topatuko zen batzuekin, arma nuklearren aurkako topaketetan. Bera jarrera ofizialistan –Sajarov zigortzearen alde, adibidez.

  • Mossen biografia 1987an agertu, Fuchs 1988an hil, eta Berlingo Harresia 1989an eraitsi zen.

Fuchsen ekarpenaz, Peter Watson-ek Bonba atomikoaren Historia sekretua liburuan dio Niels Bohr fisikaria buru argiz eta zintzotasunez saiatu zela, alferrik, sekretu atomikoak aliatu guztien artean partekatu zitezen, lehia ero eta tragiko bat ekiditeko. Fuchs, berriz, azpijokoez aritu zen, lagunei eta hartu zuen aberriari traizio eginez...  "baina hondamenditik salbatu gintuen denok".

Klaus Fuchs bideo batean, 1970ean
 

Goiko irudiak, ezkerretik, eskuinera:

Klaus Fuchs, Los Alamos, 1943 –denak fitxatuta zeuden–. 1949 amaieran detektatu zen Errusiako lehen leherketa atomikoa; kalkulatu da bi urte aurreratu zela, Fuchsi esker.
Piknik batean, Ingalaterran, gerra ondoren:
Fuchs, bere baitan bilduta, irakurtzen edo idazten.
Buru moztua Herbert Skinner, bere lagun onena? Espia sozialen txumutxuek esan zuten Erna emaztea eta Klaus maitaleak izan zirela.
Ator zurikoa, Elaine Skinner, alaba. Ez zuen Klaus maite, eta honek gurasoei bidalitako gutun guztiak erre zituen.
Bere eskuin eta atzean, Eleanor eta John Scott senar-emazteak. Behin Eleanorrek esan zion Klausi komunistak gorrotatzen zituela, eta honek aitortu, bera komunista izan zela.
Bibote zuriduna, Emil Fuchs, aita, bisitan –kezkaz hartzen zuen Klausek, aita mihi luzea baitzen.
Mutikoa, Klaus iloba, arreba nagusiaren semea. Adoptatzekotan egon zen Klaus osaba, eta hura zuen zain Berlinera iritsi zenean, 1959an.
Harry Gold, "Raymond", jarraian atxilotuta, AEBetan, 30 urteko zigorra –1966an baldintzapean askatu eta 1972an hil zen, lagun eta familiarik gabe.


Utzi iruzkina: