INTROpedia (1): Oppenheimer

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-09-06 20:49

introbertsioa@gmail.com 1694026530436

Prometeo amerikarra liburua irakurri eta Oppenheimer filma ikusi bitartean, arakatu dut figura historiko eta mitiko horren nortasun konplexuan. INTRO zen? Izan zen, helduarora heldu arte? Berandu, heldu, eta bananduta, izaera bikoitz, are hirukoitz batean... Eta goiz zahartu eta gero?

  • "Gizon gutxik jasan dute –dio liburuak– bere bizitza publikoaren tamainako azterketarik". Bere bizitza pribatua barne. Bere milaka idatziak, berari buruzkoak, FBIren txostenak, grabazioak...  

Aita jendekoia zuen, baina ama oso zorrotz eta gain babeslea. "Haur melenga eta okaztagarria izan nintzen, hain nintzen ona". Hiru zaletasun bakarti: mineralak, bloke-eraikinak, eta poesia. Eskolan eta kolonietan lagun gutxi, jazarpen asko. Partez herabe, partez aparte, partez harroa.

Kultura Etikoko institutu berezian beste mundu bat topatu zuen, eta Fisika. Hasi zen pixka bat irekitzen, eta distiratzen. Nabigatzen ere, aitak ontzi bat erosita –Trimethy deitu zion–. Eta zaldiz, Mexiko Berriko mendietan, tutore batekin, anaia txikiarekin, lagun berriekin... Mendiko etxe bat ikusi eta erosi; arazoa ez zen inoiz diru falta. Bai ohitura falta, besteekin nola jokatu, edo neskekin.

  • Harvardeko Unibertsitatean berriz itxi zen: "Ikastun, heldugabe eta trebetasun sozialik gabea".

Hiru urtetan cum laude graduatu, Kimikan, eta krisi existentzial betean Ingalaterrara, Fisikako laborategi batera. Depresibo, gurasoak erreskatera joan ziren. Psikiatra batek dementia precox diagnostikatu zion, beste batek une femme errezetatu... "Suizidatzeko zorian egon nintzen".

Kortsikako bidai batean, hiru lagunekin, gogoberritzen hasi zen. Eta zentratzen, Gotingeneko Unibertsitate alemaniarrean –1926, 22 urte–. "Solasean hasi nintzen", eta bere lehen artikulu zientifikoak idazten. Beheraldiak, tarteka, eta bere harroaldi haiek. Doktoretza atera, Fisikan.

  • Etxera itzuli, Europara itzuli... 1929an Kalifornian, irakasle, Mexiko Berriko mendietatik hurbil. Ama hil –"munduko gizon bakartiena naiz"–, baina aitarekin hasi zen moldatzen, hau hil arte.

Bitartean, gero eta harreman gehiago, eta selektiboagoak. Haien artean, neskak ere, gero eta gehiago, eta xarma eta engaiamendu handiagoz. Ideologian eta konpromiso politikoan ere bai. 1936an –32 urte– engaiatu zen Espainiako Errepublikaren alde, eta neska komunista batekin.

Jean Tatlock, bera zer zen? Filmeko EXTRO ala liburuko INTRO tipoa? Oppie bezala, konplexu, "introspektibo", "lasaia jendartean", "melankolia herabetia"... Nork daki? Morboari zor –eta FBIren arreta eta guzti–, zuzenean pasa zen bizien lurretik mitoen zerura, Historiatik ia pasa gabe.

  • Oppenheimer doktorea, Oppie, erantzun: INTRO zara? Izan zara? Bai eta ez? Ez baina bai?...

1941an –37 urte–, ezkonduta, seme bat –gero alaba bat–, bi maitale, gutxienez... Harvardeko ikaskide ohi batek bisitatu eta ez zuen ezagutu: "Indartsuagoa, gaztaroko barne krisiak galditu zituena... konfiantza, autoritatea...". Fisikari eta irakasle gisa, liburuak dio: "Lider intelektual karismatiko eta fina". Eta ideologikoki ere, aski aldatuta –Pearl Harbour eta gero, bereziki.

  • Halere, hurrengo  4 urteetan, Historian –nioke nik– presio gehien jasan duen INTRO izango da.

Ala Truman izan zen, 1945ean? 4 hilabetetan presidente, A-bonba, Potsdam, Stalin, Hiroshima, Nagasaki, H-bonba... Ez, berak Jainkoa lagun zuen, Historiako lasaigarri potenteena –nioke nik­.

A-bonba nola egin, ia zerotik: masa kritikoa, kate erreakzioari eutsi, detonazio goiztiarra ekidin, uranioa ia gramoka aberastea lortu...  25, 100, 200... zientzialari ia banan-banan konbentzitu, isilpean, Mexiko Berriko mendietara, batzuk emazte eta haurrekin... Haien lana zuzendu, erlojuaren kontra. Ezbai eta eztabaiden kontra: erradioaktibitatea pozoi gisa erabili edo ez, giza-akuriak, bonba nola...

  • Trinity frogaren bezperan ez zekien, ziur,bonbaren potentzia: ia zero, 400, 4.000, 40.000... tona TNT, Mexiko Berria erdia kutsatu, edo Lurreko atmosfera osoa kiskali...   

Eta Manhattan Proiektuko beste burua, Groves jenerala, zer? Ez, bera EXTRO nabarmena zen. Filmean ez dirudien arren. Eta ez berak bakarrik. Robb fiskal gogorra soilik zen EXTRO? Strauss erresumina ez? Edo Lawrence traidorea... Feynman fisikari txolinak berak ez dirudi EXTRO. Tira.

1948 –44 urte–, bere gailurrean: foroetan, hitzaldiak, hedabideak, Nobel sarirako nominatua...

  • 1954 –50 urte–, Gerra Hotza bor-bor, Hoover, McCarthy... Oppenheimer doktorea, dimititu.

Auzia prestatzean jada bere abokatuak berak ilun eta urrun nabaritu zuen Oppie, hurbiltzeko zaila. Oso defentsa ahula egin zion. Lau asteko auzian zehar, lau egunetan, 26 orduz erantzun behar izan zien galdetegiei. Robb fiskal gogorrari, 12 orduz, 3 egun jarraietan. Bigarrenean –non bere buruaren kontrola galdu zuen, eta auzi hura, azken finean– goiz eta arratsaldez.  

  • INTRO baten joerak kontutan hartuz –interaktuatzeko gai den epe motzagoa, edo informazioa prozesatzeko duen era luzeagoa– zuzenak al dira holako EXTRO tipoko prozedurak?

Esparru publikoetan Oppie hain zailduta egon arren –eta lekuko gehienen aldeko hitzak eta guzti–, jai zuen: gezurti eta amerikar txar. Beste erruak beste: fisikari txar, ezkertiar txar, adiskide txar, anaia txar... Emazte, ama eta edale txar baten senar txar; bi seme-alaba zoritxarren aita txar...

Epaia aditu aurretik ere lur jota nabaritu zuten Oppie. Gero, gaztaroko lagun batek ia ez zuen ezagutu: "Bere bizitzan lehen aldiz, zuena baino adin handiagoa zuela zirudien".

Partez zahartua, partez nerabetua, eta partez birgaitua, 1967an –62 urte; nire adina– hil zen.

Goiko irudiko komikiak (ezkerretik eskuinera):
1-"Bonba", Alcante-Bollée-Rodier
2-"Feynman", Ottaviani-Myrick
3-"Oin biluziak", Nakazawa
4-"Trinity", Fetter-Vorm
5-"Ameslariak", Baudoin-Villani
6-"Manhattan Proiektuak", Hickman-Pitarra


Utzi iruzkina: