INTROhistoria (1): Max Born
Pasa den abuztuan hil zen Olivia Newton-John. Bere memorian aipatu ziren datu biografikoen artean, hau zegoen: aitatxi bat –amaren aita– Fisikako Nobel Sari bat zuela. Fisika Kuantikoaren aitetako bat: Max Born.
1954an jaso zuen Nobela, nahiz eta Einsteinek 1928an proposatu zuen, lehen aldiz, sarirako. Bitartean, Fisika Kuantikoaren beste aitek –ama sariturik ez dago– jaso zuten. Max Born oso frustraturik sentitu zen, horregatik.
Bere biografia ere oso berandu agertu zen, 2005ean, Oliviaren amaren –hau ere arranguraturik– ekimenez. Nik 2011an topatu nuen, Londresen, okasiozko liburu denda batean, dozena bat ale, heren prezioan. Einsteinen eta Oliviaren kontrazaleko hitzek ez zuten lortu, nonbait, liburua gehiago saltzea.
- Haurtzaroko pasadizo bitxi batekin hasten da, Max Bornek idatzita utzi zuen autobiografiatik hartua.
Max mutikoak papagaitxo bikote bat irrikatzen zuen. Aitari eskatu zion bere 5. urtebetetzerako opari –ama aurreko urtean hil zen–, eta aitak ukatu egin zion, haien pisua txikiegia zelakoan, halako kaiola bat sartzeko. Baina urtebetetzearen bezperan, amatxiren etxaldean solas bat aditu zuen Maxek: "Atzo lortu nuen papagaitxo bikotea Maxentzat. Espero dut gustatzea".
Nola ez zitzaion ba, Maxi gustatu behar? Biharamun goizean, abenduak 11, opari pila bat zuen zain. Ordea kaiola baten formako ezer ez. Negarretan lehertu zen Max, denen harridurarako. Eta Maxen arrazoia entzunda, dena argitu zioten: papagaitxo bikote hura Eguberrietako oparia zen osaba Maxentzat.
- Berak dio orduan hasi zela mutil erreserbatua izaten. Baina –nire ustez– lehenagotik ere bazen. Atera kontuak:
Max ilobak abendu hasieran, bere urtebetetzerako espero duen opari bera Max osabak jasoko du Eguberrietan: bi papagaitxo. Nork aukeratu du opari hori, hain juxtu, Max osabarentzat? Ez daki Max ilobak hori bera irrikatzen duela? Aitari eskatu diola, eta honek ukatu? Iloba nahitaez enteratuko dela osabak jasoko duen opariaz.
- "Erreserbatua izaten irakatsi zidan lehen experientzia izan zen. Beste askok jarraitu zioten".
Noiz hasi ziren INTRO jendea bere erreserban gordetzen duten joera sozialak? XX. mendean, jada, american way of life delakoaren hedapenarekin? Edo kultura latino eta antzekoetan, lehenago? Max Born 1882an jaio zen, garaiko Prusian.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: