INTROhistoria (3): Ilargiaren alde iluna

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-07-02 19:36

introbertsioa@gmail.com 1688319516188

INTRO ikuspegi subjektiboa azaldu zuenean –XX. mende hasieran–, Carl Jungek salatu zuen garai hartako objektibismo hegemonikoak adjektibo hari ematen zion zentzu negatiboa: subjektiboa dena gutxiago da, pribatu huts, berekoi, egozentrikoa... Joera gisa, "autoerotikoa" deitu zion Otto Weininger filosofoak. Gaur arte mantendu den aurreiritzia, eta aspalditik ere zetorrena. 

  • Ez al da egozentrikoagoa –dio Jungek– zure ikuspegia aski objektiboa dela pentsatzea?

Jungek dio aurreiritzi negatibo hori orokorra zela, eta ez EXTRO jendearen aldetik soilik, INTRO jende askoren aldetik ere, "bere buruaren oso kontra".  Agian Weininger bera zuen burutan? Genio gazte su eta gartsua, eta torturatua, 1903an bere buruaz beste egin zuena, 23 urterekin.

  • Dena den, ez zen –orduko, aspaldiko, eta gaur arteko– INTRO izaeraren kontrako aje bakarra.    

Wilhelm Ostwald kimikaria izan zen, baina beste arlo askotan ere ikertu zuena. Ilargiko krater bat eta asteroide bat ere Ostwald deitzen dira, haren omenez. Kimikako Nobel Saria jaso zuen urte berean (1909) atera zuen Gizon handiak liburua, genio batzuen genesia aztertuz, ikuspegi biologiko eta biografikotik. Jungek kontutan hartu zuena bere Tipo psikologikoak lantzean.

  • Grosse Manner germanieraz dago soilik; beraz, Jungekin eta Sareko arrastoekin fidatuko naiz.

Sei zientzialariren biografiak sakon aztertu eta gero –seiak XIX. mendekoak, eta gizonezkoak–, bi nortasun tipo orokor bereizi zituen Ostwaldek: tipo klasikoa eta tipo erromantikoa.

Tipo klasikoan nabarmendu zuen, alde batetik, bere lanen perfekzioa, sakontasunean garatua. Baina bestetik, bere izaera ilunaren erruz, oso hotz eta motza dela bere inguruan duen eragina.

Tipo erromantikoan, berriz, bere lanak hedaduran garatzen dira: lan ugariak, eta emankorrak, bere ingurukoei bero eta berehala zabalduak, bere izaera argi eta sutsuari esker.

Antigoaleko lau humore eta tenperamentuekin lotu zituen Oswaldek: alde batetik, flematikoa eta –kasu patologikoetan– melankolikoa; eta bestetik, odolbizia eta –kasu muturrekoetan– kolerikoa.

  • Eta bi tipoen erreakzioen bizitasunarekin ere, lotu: bata motela, eta bestea azkarra.

Jung ez zegoen erabat ados, horretan. Bere iritziz, INTRO tipoaren erreakzioa kanpotik ikusita soilik da motela. EXTRO bat bezain azkarra izan daiteke INTRO bat, baina barnerantz zuzentzen du bere adimena, erantzuna bere barnean ongi mamitzeko, erabat prest eduki arte.

Bat-bateko suak –dio Jungek– EXTRO tipoari ahoa ireki egiten dio; INTRO tipoari, berriz, itxi.

Ondorioetan bai biak bat datoz: INTRO tipoaren suak ez da bere ingurura hedatzen, ez du sute bat sortzen, kontaktu eta kolaboratzaile fronte bat. Jendeak ez dio ulertzen, ez du gai ikusten...

  • Tipo klasikoko hiruak Michael Faraday , Robert Mayer eta Hermann Helmholtz fisikariak ziren. Eta tipo erromantikoko hiruak, Humphry Davy, Justus Liebig eta Charles Gerhardt kimikariak.

Egia esan, nik Faraday soilik ezagutzen nuen. Ez bere maisu eta mentore Davy, adibidez. Bere garaian oso zientzialari eta hizlari popularra, Sir tituluduna, eta gerora berak ere Ilargiko krater bati izena emana.  Halere, ez da ahaztu bere ikasle eta "deskubrimendu handienari" zion bekaizkeria ere.

Mayer –ez du Ilargiko kraterrik– nabarmentzen du Jungek: bizian bere ideiak ez zirela onartuak izan; hil ondoren soilik ezagutuak izan zirela, haren idazkiei esker.

Wikipediak, berriz, dio 1878an hil aurretik ere onartuak izan zirela –Helmholtz zegoen hasieran kontra egin ziotenen artean–. Bi seme jarraian hil, 1850ean bere buruaz beste egiten saiatu eta eroetxe batean sartu zutenerako ere.

  • Wikipedia ala Ostwald dago oker? Ala Jung? Ala ni...

Jungek dio Ostwaldek dioela Helmholtz –Ilargiko beste krater bat– idazle iluna eta irakasle urruna zela. Eta irakasle onenak tipo erromantikokoak direla –Wikipediak hala gogoratzen du Liebig, beste krater bat–. Eta Sareko arrastoen arabera, Ostwaldek liburuko azken partean oso kritika garratza –ez dakit zer zentzutan– egiten dio Alemaniako garaiko Hezkuntza sistemari.

  • Amaieran, emakumeek Zientzian zuten leku eta lorpen faltaz hausnartzen omen du –ez dakit zer zentzutan, hori ere.
Ponciano (Pixabay)

Oker ez banago, 1608 krater izenen artean –Wikipedian dago zerrenda– euskal jatorriko hiru daude: Borda eta Daguerre frantziarren eta Erro mexikarraren omenez.


Utzi iruzkina: