INTROhistoria (2): C Jung
Carl Jung aipatu eta XX. mendean gure hiztegi eta inkontziente kolektiboan errotu ziren hitz asko datozkigu burura. Maialenen azken diskokoak, kasu: Animus Anima. Edo INTRO / EXTRO tipo baino arketipoak. BInomio honi lotuta –sinkronizitate hutsez?– sortu zen beste BIkote BIki hau: Jung INTRO / Freud EXTRO. Benetakoa al da, benetan? Ala Jung mitozaleari lotutako beste mito bat?
- Jungek berak beste BIkote BItxi hau lotu zuen: Freud EXTRO / Adler INTRO.
Bakoitza bere BI poloekin, noski: subjektua eta objektua. Bere bi alderdiekin: kontzientea eta inkontzientea. Eta alderdi bakoitzeko funtzio nagusi eta kontrako joera konpentsatzaileekin: Freud eta desio infantil erreprimituak, Adler eta gutxiagotasun eta gehiagotasun konplexuak...
Jungen BIografietan, ordea, halako izaera BIkoitz bat, edo erdiBItua, nabarmentzen da. Berak ere hala aitortua: argia eta iluna, beroa eta hotza, ziurra eta uzkurra, baikorra eta ezkorra... Bati "Bat nortasuna" –edo "lehena"– deitu zion, eta besteari "BIgarren nortasuna".
Ez kronologikoki, hain juxtu: BIgarrena agertu zen lehenik, eta bere haurtzaroko ia bakarra izan zen, eta gaztaro ia osoan nagusia. Noiz, nola gailendu zen bestea, berria, "lehena", "Bata"?
- Guk "B Jung" (bigarrena, iluna), "A Jung" (lehena, argia), eta "C Jung" (BIkoitza) banatu ditugu.
BIgarren sexua liburuan, de Beauvoirrek dio nerabezaroan ohartzen direla emakumeak eta beltzak "alde okerrean" daudela. Hala gertatzen ote da INTRO jendearekin ere? Carl unibertsitatean jabetu zen bere INTRO-izaera eta diru-egoera haiekin jai zuela. Handik gutxira familia aberats bateko Emma zuen BIkotekide, eta BIgarren saialdian –Emma bere amak animatuta– emazte.
- "A Jungen emaztea". Ez dakigu zerikusirik baduen, baina Emma emakume INTRO zen.
Zer ikusi ote zuen Emmaren amak mutikote harengan? Zuricheko eroetxean lanean hasi berria eta diru gabea. Lankideek gaitzetsia, oraindik, bere pazienteek miretsia adina. Emakumezkoek, batez ere. Haien artean, Toni Wolff, lehen paziente eta gero lankidea. Hori ere INTRO, baina beste tipo batekoa, "B Jungen emaztea".
Bere lankideak –haien artean, Freud, lehen adiskide eta gero gaitzeslea–, bere pazienteak, eta hauen eta bere senideak. Gehi liburuak eta, batez ere, bere burua... Aski izan zituen BI tipo psikologiko orokor bereizteko –INTRO eta EXTRO–, launa tipo funtzionalekin –intelektuala, sentimentala, sentsoriala eta intuitiboa– eta zortzi horien konBInazioak –BInaka soilik, hogeita lau.
- Tipo intelektual soilari begira: 20 urteko lan abstraktibo hura INTRO ala EXTRO izan zen gehiago?
Zer polok izan zuen ba, indar handiagoa, subjektiboak ala objektiboak? Nor hartu zuen –inkontzienteki bada ere– ereduago, Kant ala Darwin? Kontutan hartuz Jungen objektua ez zela subjektu bakar bat, gizaki guztiak baizik –beno, zuriak, lehen BIdaia egin berria zuen Afrikara; eta gizonezkoak, batez ere; honela ixten du INTRO tipo intelektualaren azpi atala: "sexu femeninoari beldurra".
Eta bere burua eredu hartzen zuenean, bera zer zen? Subjektua, objektua, ala BIak, aldi berean?
- Erantzuteko, ez duzu Tipo psikologikoak osoa –700 orrialdeak– irakurri behar. Aski dira BI azpi atal, EXTRO eta INTRO tipo intelektualak –10 eta 4 orrialde.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: