INTROfobia: ba al dago? (I) Murakami
Galdera hori iazko irailean planteatu nuen, eta pixka bat garatu nahiko nuke aurten, kasu hipotetiko batzuen bidez. Hasteko, Haruki Murakami idazlearena.
Euskal foroetan auzi luzea izan da, Nobel sarietako kinieletan Murakami berriz agertzean, Roth aldarrikatzea. Hau 2018an hil zen arte, saritu gabe. Bien bitartean, Ishiguro, Dylan, Aleksiévich, Modiano, Munro, Yan, Tranströmer, Vargas Llosa... saritu ziren. Eta gero Tocarczuk, Handke, Glück, Gurnah eta Ernaux. Gehientsuak ere kinieletatik eta euskal foro(fo)etatik pasa gabe.
- Asturiaseko Printzesa Saria jaso behar du, aurten, Murakamik –2012an finalista izan zen, jada, Roth saritu zutenean–. Urria bitartean adi egon, beraz, aldeko eta kontrako komentarioei.
Jakina, kontrakoetan ez INTROfobiko gorririk espero. Vinicius futbolariak jaso ohi dituen irain arrazisten parekoak. Talde txurian badaude jokalari beltz gehiago, eta besteek ez ohi dute irain arrazistarik jaso. Viniciusek marra gorriren bat pasa ote du? Zer marra pasa dute ba, Williams anaia txuri-gorriek, irain arrazistak jasotzeko? Forofo txuri-gorrien aldetik ere.
- Murakamiren kasuan, ez espero, beraz, inork esatea: "Ni ez naiz INTROfoboa, baina..."
Hasteko, Murakamik ez baitu INTRO markarik. Marka hori ez baitago Literaturako joko zelaian, ez harmailetan. Zer marra gorri pasa du ba, Murakamik? Pertsonai mediatiko gisa ez dut uste, oso gutxi ateratzen baita hedabideetan. Horren froga, Zaldi Eroaren iazko urriko biñeta, non Murakami aski gazte agertzen den, 74 urte dituen arren, jada.
- Zer marra ez du pasa, bestela? Maila literario batena, berak ez eta besteek bai gainditua?
Hor dago koxka, nire iritziz. Inork –ez alde ez kontra– ez baitu taxuzko klaberik ematen, nola iritsi den Murakami hain irakurleria zabal batera. Han eta hemen, lehen bezala orain, berdin gizon eta emakumeak, gazte eta helduak, literatur adituak eta zaleak, edo best-seller jaleak...
Murakamik berak ez du taxuzko pistarik ematen. Jazza –erritmoa, armonia eta inprobisazioa–, edo maratoia –martxa laburrak, arnasa eta kilometro txarreko murrua pasa–... Idazle askoren dohainak dira, horiek. Zergatik besteak hain urrun iritsi ez, eta Murakami bai?
- Hau da nire hipotesia: Murakamik INTRO klabean idazten baitu, hasieratik amaieraraino.
Zer da ba, INTRO klabean idaztea? Bi pista. Bat, adi egon aldeko eta kontrako komentarioei. Eta bi, INTRO klabean, adi; Murakamiren pertsonaia zentral bat bazina bezala. INTRO jendea, oro har. Literaturako joko-zelaiko eta harmailetako jende asko bezala, INTRO, baina beti bere arnasan eta erritmoan, inoiz ere despistatu gabe EXTRO premisa, presa eta presioarekin.
Nik, txikitan, INTRO askok bezala, leku bat aurkitu nuen, futbolean. Ez nintzen onenetako bat, txarrenetakoa ere ez –jende faltan sartzen zirenak, taldeak osatu beharrez, edo aulkia berotu beharrez–. Txarrenekin txarren portatzen zirenetakoa ere ez nintzen. Baina talde ona eta txarra osatzeko garaian, ni txarrean sartu ninduten. Eta nik talde hura eta futbola utzi egin nituen.
- Beti talde titularrean atera arren, ez nintzen gai izan kilometro txar hartako murrua pasatzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: