INTROfobia: ba al dago? (2) von Schirach
Zigorra seriea ikusi dut, F. von Schirach idazlearen izen bereko liburuan oinarritua. Eta irakurria nuen Krimenak, hori ere bere abokatu laneko benetako kasuak oinarri. Kasu harrigarriak, eta modu harrigarrian kontatuak, Zigorra serieko sei atalak bezala.
- Baina seriea ikustean piztu zait alarma: kasu guztietako protagonistak ez ote dira INTRO?
Auzokide itxuraz normalak, edo pixka bat arraroak, baina inola ez zenuke pentsatuko holako krimenak egiteko gai direnik... Ala bai?... Emaztea mailukadaka hil, edo senarra balkoitik boteaz, edo bulkada txiki batez, auzoko bat tiroz, auzokoei argazkiak atera, sexu-esplotazioan aritu...
Noski, ezin dut spoilerrik eman. Eta, noski, ez dut inola esan nahi Schirach INTROfoboa denik; ulerkorra da bere INTRO pertsonaiekin. Ez da ziurra denak INTRO direnik ere. Kontua da bere kontatzeko modu telegrafikoagatik edo, INTRO itxura dutela denek, batez ere protagonistek.
- Eta kontua da serieko atalak sei zinegile ezberdinek egokitu dituztela. Eta badaude pertsonaia EXTRO batzuk, baina ez protagonistak.
Urpekaria atalean, amaiera arte ez da ziurra emazteak senarra hil duen, ala honek bere burua, ala istripua izan den –nola daki Schirachek?–. Baina hasieratik ziurra da biak ere INTRO direla.
Eskabinoa atala Katharinaren historiarekin hasten da, telegrafikoki: bi lan, bi bikote EXTRO... Eskabino –zinpeko epaimahai– izendatu dute. Lehen epaiketan, epailea eta beste eskabinoa EXTRO dira; senar akusatua, eta emazte lekukoa, INTRO. Eta Katharina? Seriean ez dago argi, baina liburuan bai, zergatik hasi den negarrez, epaiketa erdian: lekukoaren historia berea zen.
Arantza atala Krimenak liburukoa da. Feldmayer serieko ataleko INTRO nabarmen bakarra da. Lan bakarra izan du azken 23 urteetan, museo bateko areto bakar bateko zaindari bakartia...
- Benetako kasuak direnez, badaude xehetasun batzuk aldatuta. Eta batzuk asmatuta, nahitaez.
Adibidez, Lakuko etxea atalean, Ascher jauna INTRO nabarmena da, txikitatik, baina zahartzean liburuan apez bati aitortu dio, aitorlekuan: "gizon gaiztoa naiz". Nola jakin du hori, Schirachek?
Egun argi bat atala oso labur eta eskematikoa da liburuan. Askoz gehiago garatzen da seriean, asmatutako xehetasunez, nahitaez. Ia pertsonaia guztiak dira INTRO, preso protagonistaz gain. Eta kartzelari bat izan ezik, denak dira ulerkorrak presoarekin. Bere abokatua eta fiskala ere.
- Serieko Subotnik azken atalean izan dut duda gehien. Akusatua INTRO da? Eta bere abokatua?
Liburuan bezala, xehe kontatzen da dena. Xehetasun batzuk aldatzen dira, baina nire dudak ez. Argi dudana da, jardun kriminal eta prozesal muturrekoenetan muga guztiak ezabatzen direla.
Nabarmenagoak dira Krimenak liburuko INTRO pertsonaiak: Fähner senarra; Tanata aberatsa; Theresa eta Leonard anai-arrebak; Karim anaia; Irina –bere sorterrian gerra hasi zenetik– eta Kalle eskalea; Abbas eta bere neska Stefanie, Percy eta bere emazte Melanie, Schmied fiskala...
Ez dira hain nabarmenak erru kriminalak: bi hilketa defentsa propioan, ardi labankadaka hilak, labankada erreflexu bat neskari... Azken atala Etiopiarra da: Michalka, jaiotzean abandonatua, gero adoptatua, itxuragatik burlak eskolan, bazterketa..., lan batetik bestera, banku bat lapurtu eta Etiopiara ihes egin..., tifusa, malaria, Ayana, 21 urteko alarguna, alaba Tiru, lan eta lan...
- Zigorra liburuan zazpi atal gehiago daude, serieko bost atalez gain.
Alde okerra atalean izan ditut duda gehien, INTRO diren –eta krimenean: senarrak nahi bazuen emazteak bizi-asegurua kobratzea, zergatik erabili honen pistola, bere hilketa simulatzeko?
Lydia atalean, Meyerbeck INTRO petoa da, eta totela –Lydiarekin izan ezik–. Auzokoak ataleko Brinkmann ere INTRO petoa, isila –Antonia auzokide berriarekin eta bere abokatuarekin ere–. Gizon txikitxoa atalean, argi dago Strelitz ez dagoela baztertuta hain txikia izateagatik, soilik. Kartzelaldi prebentiboan soilik sentitu da ongi baloratua, baina zori txarra izan du epaiketan.
Sardinzar Kiratsa atalean, bai Tom bai Sardinzar Kiratsa zori txarreko INTRO petoak dira. Tenis ataleko aita errusiarra bezala; argazkia atera dion argazkilaria, berriz, oso zori onekoa. Laguna ataleko Richard –eta bere emazte Sheryl– bezala, INTRO sozialki ideala –EXTRO ideala ere izan liteke– zoria 1800 aldatu eta gogor zigortu dion arte, deliturik egin gabe, eta errurik izan gabe.
- Bere laguna zela, dio Schirachek. Eta orduan hasi zela idazten : "Defendatu nituen pertsonak nituen buruan, haien bakardadea, haien alteritatea, beraien buruarekiko zuten horrorea...".
Iruzkinak
Utzi iruzkina: