INTROdiferentzia
Zer filma da? Hiru mutil, hamaika urtekoak: A, B eta C. Jolasten ari direnean, hiriko auzoan, Patua markako auto bat gelditu eta hiruetako bat –C– eraman du. Hiruetako edozein eraman lezake, baina mutil INTROena suertatu da.
- Hurrengo urteetan hiruek dute gogoan, eta bizitza osoan markatu du C, hil arte, film amaieran. Baina film hasieran gaude, eta A, B eta C gizonak dira. Hiri eta auzo berean jarraitzen dute.
Larunbat gau batean, C gizonak hiru neska ikusi ditu auto batean sartzen, baina bi jaitsi dira Patua bidean gurutzatu aurretik. Autoko gorpu odoleztatua A alaba da –A gizonaren alaba, alegia–. Hilketa ikertuko duten bi polizietako bat B gizona da.
B polizia bere lehen lan egunean da, zigor bat pasa eta gero, B emaztearen maitaleari isun faltsu mordo bat jarri ziolako. Baina ikertzaile ona da B, eta beste poliziak ez bezala, berak baztertu du hiltzailea C gizona izan litekeelako susmoa.
- Ordea C emazteak ezin du baztertu: C senarra eskuak odoletan iritsi zen etxera. Zer gertatu da? "Autoan sartzean, tipo bat, labana eskuan". Gezurra, sinestezina.
Filma oinarritzen den eleberriak kontatzen du ez dela C senarraren lehen gezurra. C emazteak uste du C senarrak gezur txikien halako beharra duela, eta onartzen dio. Behin galdetu zion: zer gertatu zen, txikitan? Zurrumurruak aditu ditu C emazteak. "Auto bat gelditu zen, igo nintzen, eta ihes egin nuen". Gezurra, sinestezina.
Inork ezin du Patua markako autotik ihes egin. A alabak ere etxetik ihes egiteko asmoa zuen, A aitari esan ezinik. B emazteak ihes egin zuen, eta orain ezin dio B senarrari esan, ezin duela. Eta, batez ere, C gizonak ezin du ihes egin. Ez inori esan, C emazteari ere –ezta C semeari, bere antz handia duena.
- Ezin inori esan, txikitan C mutilak ezin izan zuela Patua markako autotik ihes egin: ezta D mutil desplazatuak, ezta E estigmatizatuak ere.
Eleberriak kontatzen du nola baztertu zuten C mutila etxean, eskolan eta auzoan, Patua autoan igo eta gero. Baina C emazteak ez daki horretaz ezer. Inork ez zion ezer kontatu, ez etxean, ez auzoan, C neska, Cemaztegaia eta C emaztea egin zenean. Bera jada D neska desplazatua zela seinale? Orain D emaztea den bezala.
E emaztea ez: E senarrak bakarrik eraman du beti E estigma, urtetan, inori kontatu ezinik. Harik eta Patua markako autoarekin topatu den arte, berriz, A alaba erail duten gau eta auzo berean.
- Burua galdu eta munstro bihurtu da E gizona. Bost minutuz, bere ustez. Hil arte, beste guztien ustez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: