INTROdependentzia (eta 7): Erbestetasuna
2. atalean INTRO espektroa tipo hipotetikoa –kontuz– aurkeztu nuen. Hau da, jaiotzeko unean, eta bizitzako lehen urtean, INTRO itxura duten ume guztien espektro bat. Azken atal honetan, bizitza osora luzatuko dut, adin guztietara zabaldu, eta itxurari izaera gehitu –kontuz, beti ere.
Guraso bat lehen egunetatik ohartzen da bere umearen lehen INTRO seinaleez. Bere umea ez da –EXTRO parametro sozialetatik–, %100 espero den ume tipokoa. Ez da espero bezain harro, lasai, inguruko nornahiri, eta noiznahi... erakusteko modukoa.
- Bitartean, lotura paralelo bat egiten du: bera ere INTRO dela, edo beste gurasoa, edo biak ere, noraino –edo bat ere ez, batere, noski.
Noski, geroago hasiko da nabaritzen umea INTRO espektrokoa den, benetan; zer gradutan, eta garapen graduala. Guraso eta ingurukoen babes nahiaren arrimura izan, edo haien bultzaden kontrara, umea EXTRO parametro sozialetan hasi, ohitu eta laketu dadin.
Halere, kortesiazko lehen 100 egunak pasa aurretik, denek ere berretsia dute lehen hipotesia: bai, umea oso INTRO da, benetan, eta guraso bati edo biei zor die –edo bati ere ez–. Eta guraso eta ingurukoen bultzadak bultzada, tartekakoak izan, edo ohikoagoak, umeak 3 urte bete aurretik 1000 egun dira, jada, parametro sozial mugatu eta murriztuetara ohituta, eta laketuta.
- Izan ere, bizitza bera bezala –30.000 bat egun, bataz beste– guraso bidea ere hats luzekoa da, oso. Egunez egun aurre eta aurrera egin beharra. Ez doa inora tarteka eta tiraldika aritzea.
Hurrengo 1000 egunak ez dira errazagoak, noski. Ez INTRO umearentzat, ez bere gurasoentzat. Umea etxeko eta inguruko babes eta bultza guneetatik irten eta beste batzuetan –oso EXTRO– sartu, ohitu eta laketu beharrez. Agian –zoriari zor–, beste ume baten arrimura, edo ume talde baten abarora, parametro sozial mugatu eta murriztuetan bada ere... ez hain zaila.
Gero 1000 egun gehiago, bai zailak. Lotura paralelo bat egin –kontuz, berriz ere–, etxean euskara hutsez hazi den haurrarekin. Haur ia euskaldun hutsa, eskolan hasi beharrez. Hori bai, kasu honetan, D eredukoa da, irakasle ia guztiak euskaldunak, eta euskalzaleak –oso edo ez–. Imajinatu A edo G –edo PAI– ereduko eskola batean, Nafarroa Garaian.
Haur euskaldun hutsaren gurasoek bezala, oso INTRO den haurraren gurasoek haren erbestea ez ezik, horren erruaren parte handi bat ere jasotzen dute. Haurrak sei urte aurretik ere, errua, Nafarroako presidenteak baino hizkuntz gehiago ez jakiteaz.
- Eta erbestea jazarpen bihurtu, agian. Eta INTRO haurrak berak horren erruaren parte bat jaso.
Seme-alabak etxera itzuli dira, Eguberrietarako. Baten logelan aditzen ditut solasean, erdaraz. Haien lagunekin eta telefonoz EHUko ikaskideekin bezala. Gurasookin ez, zorionez, oraindik. Lotsa ematen ote diegu, INTRO gurasook? Erruren bat egozten ote digute? Laztan ala zarta izan ote da, esan digutenean gogoz hartuko zutela etxeko konfinamendu luze bat, berriz?
- Zer egin, etsi? 1000 egun falta dira, eta agian 1000 egun gehiago ere, bien independentziarako. Nire jubilaziorako bezala, ikastetxean, 1000 egun falta, gutxienez, oraindik!
Urte Berri on!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: