INTROdependentzia (6): Erkidetasuna
Aurrekoan ez nuen lagunik aipatu. Baditut batzuk, etxean, herrian, lanean, kultur munduan... Beti hor –eta ni hemen–, esku bat luzatzeko prest. Halere, urte osoan ez dut lortu nire EH burujabeaz hitz egitea, haiekin: dela ulermen faltari beldur, dela interes faltari, edo biei.
- Hortik hemen saiatzea, beldurrak beldur. Eta kultur munduan –gaur bezala–, edo –atzo bezala– mendian, sentitu nahi izatea, jende gehiago ere badabilela, ni bezala, EH burujabe batean.
Mendian nabilela, bide eta bidexka ia guztiak dira zirkulagarriak –errepideak bezala, autoan noala–, baina ez dago parte hibridorik, hor: %100 nire EH da dena, eta guztiz burujabea. Negu edo uda partea izan, edo –kontu gehiagoz– ehiza denboraldia.
Nire ibilbide propioak egiten ditut, nire gogo eta indarren arabera. Tarte batzuk oso bide ibiliak dira, baina nire ibilbide osoak ez. Batzuk, nik beste inork ibili gabeak, osorik. Mapak, markak eta Wikiloc baliatzen –eta eskertzen– ditut. Baina bilatzen ditut –eta damutu, batzuetan– inon agertu gabeko bideak ere; artzain eta aziendenak inoiz izandakoak, edo nire senak seinalatuak.
- Horregatik, aspaldi da ez dudala nire gogoko ibilbide berri bat osatu. Tarte batzuetan atzera egin beharrez, edo oso larri aurrera, edo itzulinguruka.
Izan ere, herri inguruan gero eta artzain eta azienda gutxiago dabil, eta are gutxiago mendian. Eta mendizaleok ez gara inola ere aski uda partean sasiek itxitako bideak berriz irekitzeko, eta irekita mantentzeko. Are gutxiago negu partean zuhaitz eroriek edo lubiziek moztutakoak.
Ehiztari –eta haien zakur– batzuekin bezala, kontuz ibili behar da artzain –eta hauen zakur– batzuekin ere. Ez gara ongi etorriak. Diotenez, guk hesietako atakak ireki eta ez ditugu berriz ixten. Horregatik, haiek bideak hesiez itxi eta gero ez dituzte berriz irekitzen.
Quad eta motokros zaleekin ere, kontuz. Negu partean lohi putzuez mozten dituzte bideak, eta uda partean ere, haien gurpil arrastoak ez dira zirkulagarriak, osorik. Nire neurrikoak. Ezta nire gogokoak ere, ez bada tarteka, mendian galduta baldin banabil, edo sasi artean sartuta.
- Kontuak kontu, aspaldi da ez dudala Wikiloc-en nire ibilbide berri bat publikatu.
Aspaldi publikatutakoak editatu baino ez, sasiek itxitako tarteak seinalatuz, edo lehen errazak ziren ibilbideak orain zailak direla abisatuz. Turista batzuen beldur –ongi etorri, baina prestatu ongi, mesedez–. Edo osorik eliminatu, tarte gehiegi itxita edo moztuta baldin badaude.
Bitartean, astero iristen zaizkit Wikiloc-eko ibilbide berrien asteroko proposamenak: "Kaixo, K: norbaitek zure ibilbideen inguruan argitaratu ditu bereak". Batzuk nire gogokoak bai, baina ez nire neurrikoak, osorik. Beste batzuk, nire neurrikoak oraindik bai, baina nire gogo gutxikoak, jada. Eta astero, 2-4 aldiz, gutxienez, Bertizeko bira birala.
- Hurrengo eta azken atala: Erbestetasuna
Iruzkinak
Utzi iruzkina: