INTROdependentzia (2): Bandera
"INTRO espektroa" adiera proposatu behar dut, hurrengo ataletan. "Espektro" hitza mamu gisa ez, multzo gisa ulertuta: jende tipo jakin batzuen multzoa. Kasu honetan: jaiotzeko unean, eta bizitzako lehen hilabeteetan, INTRO itxura duten ume guztien espektroa.
- Abisu bat: ni ez naiz aditu ez ikerlea. Nire 61 urteko bizi-eskarmentu eta lekukotasunean baino ez naiz oinarritzen. Beraz, kontuz eta zentzuz hartu, INTRO espektroa.
Ume bat jaiotzea kontu pertsonala ez ezik soziala ere bada. Amaetxean bertan, eta gero bere etxean, eta beste etxe eta plaza askotan, zain ditu zirkulu sozial batzuk, begira, ea –metafora onartzen bazait– nola astintzen duen EXTRO itxuraren bandera. Zer nolako indar eta graziaz.
- Hurrengo ataletan sartuko naiz hor. Honetan, INTROdependentziaz aritu aurretik, bi abisu.
Bat: nire EH burujabeko lehen urtean ez diet kasu handirik egin banderei. Berdin leku pertsonal edo ofizial batean egon, edo hibrido batean. Leku pertsonal edo ofizialetakoak, ez dut bandera bat ere gogoan. Eta leku hibridoetakoak, pare bat, soilik.
Bi: nire EH burujabea da, baina ez buruhauste gabea. Bi arazo tipo ditu. Batetik, arazo orokor, globalak. Batzuk oso handiak, baina burujabetzari esker –tresna mugatuez bada ere–, ez dira hain ikaragarriak. Eta beste aldetik, arazo propio, partikularrak. Hauen kasuan, burujabetzak handiagotu egin ditzake, ikaragarri.
- Eta bi arazo tipo horien arteko mugan, arazo hibridoak, txiki eta handiak.
Banderen gure arazoa, adibidez. Nire EH burujabean bandera guztiek bi alde ezberdin dituzte. Alde batean ikurrina egon daiteke, eta beste aldean Nafarroako bandera –gorri soila izan, edo kateduna, koroaduna, edo ez–. Edo horia, arrano beltzaduna... Edo alderantziz.
Eta leku ofizial askotan dauden bandera rojigualda eta trikolore horiek, zer? Burujabetza lortu eta gero, bi galdeketa egin ziren, Ipar eta Hegoaldean, eta uztea erabaki –maila sinboliko soilean–, EH-n bizi diren espainiar eta frantziar askoekiko esker onez, eta begirunez.
Nik –daitort– BAI bozkatu nuen, nire ama, aita zena, bi anai-arreba, osaba-izeba gehienak... gogoan. Eskubidea ematen dit, bestalde, DNI-a mantentzeko, tramite batzuetarako. Adibidez, hango galdeketan parte hartuko dut, "Reino" gisa jarraituko duten ala ez erabakitzeko.
NAN agiriari dagokionez, ez dago plastikozkorik. Digitala, soilik. Txip holografiko batekin, non EH eta EBko ikur ezberdinak ageri diren. EBko banderak, gaur egun, alde batean 37 izar ditu, eta bestean 38. Ez ditut denak gogoan. Bat errefuxiatuena da –maila sinbolikoan bada ere–. Turkiarena ez dago, oraindik. Ezta Hungaria eta Poloniarena ere, behin behinean, bi aldeetan.
Eta rojigualda eta trikolorearen beste aldean, zer? Abisu gisa, talde parapolitiko eta paramilitar batzuen ikurrak. Gure arazo hibrido bat, aski handia, tamalez.
Hurrengo ataleko arazo propioa bezain: lurraldetasuna.
L
Iruzkinak
Utzi iruzkina: