INTRObertsoa: E=mc2tein

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-11-19 17:31

introbertsioa@gmail.com 1700411764933

Beno, iritsi naiz INTRO ikono (ia) unibertsalera: Einstein. Nahiz eta berak uko egin erreferentzia puntu absolutuei, bai espazio-denboran, bai materia-indar erlazioan. Blog honen hasieratik argi utzi nahi izan dut –lortu, ez dakit–, hori: inor ez dela inola, inorekin, inon, inoiz... erabat INTRO.

Ez haur garaian, nor bere burua eta ingurua deskubritzen ari denean –ingurukoak begira, begirune gehiagoz edo gutxiagoz–. Ez nerabe aroan, bere espazioa definitzen eta defendatzen ari denean. Edo heldu estatusean, bere edo/eta besteen expansionismoaren alde, edo aurka.

  • Halere, ez nuen INTROhistoria edo INTROpediako beste atal bat egin nahi, Einsteinen kontura.

Izan ere, ez dakit ziur, Einstein hain INTRO zenik, hain usu, hain sutsu... Nahiz eta INTROlogo ia guztien INTRO izarren zerrendetan egon.

Ezagutu dudan azkenak –Holley Gerth, Introbertituen xede  boteretsua, 2020– ez dakar zerrenda bat, baina aipatzen du Einstein (AE), eta Gates (BG), Teresa Kalkutakoa (TK), Lincoln (AL), Oprah Winfrey, Michael Jordan, Beethoven, Moises...

Topatu nuen lehenak –Laurie Helgoe, Introbertsioaren boterea, 2008– ere ez zuen zerrendarik, baina bai aipamenik: (AE), Clint Eastwood (CE), Jung, Van Gogh, Kierkgaard, Ingmar Bergman...

Eta Sylvia Löcken –Introbertituen arrakasta, 2006–, oso zerrenda luze bat zekarrena: (AE), (BG), (TK), (CE), Chopin (CH), Newton (IN), Warren Buffett (WB), Ghandi (MG), Spielberg (SS), Obama (BO), Woody Allen, Julian Assange, Ingrid Bergman, Marie Curie, Darwin, Bob Dylan, Hitchcock, Michael Jackson, Kafka, Kant, Angela Merkel, Michelle Pfeiffer, Claudia Schiffer, Tilda Swinton..  

Hurrengo zerrendan –Susan Cain, Introbertituen boterea, 2012–, batzuk berriz agertzen ziren: (AE), (CH), (SS), (IN) eta (WB). Eta bazeuden berri asko ere: Rosa Parks, Proust, George Orwell, Charles Schulz, Larri Page, JK Rowling, Eleanor Roosvelt eta Al Gore.

Ordea hurrengoan –Jennifer Kahnweiler, Lider introbertitua, 2009– ez zen Einstein agertzen. Hor zeuden (BG), (WB), (TK), (AL) eta (BO), noski, gehi Luther King, eta nik ezagutzen ez nituen exekutibo famatu batzuk: Andrea Jung, Katherine Graham... 

  • Izenak izen, ez nago ziur, baina nago INTRO izar horiek gehienek "kanpoan" lortu dutela distira ateratzea. EXTRO paradigma nagusi den joko-zelaietan.

Nork bere aterabide bat topatuz, ez bere ez inoren INTRO joerak edo jokaerak berez baloratu gabe –Jung kenduta, noski–. Bidean INTRO jokabideak eta bidaideak baliatu bai, baina batere bilatu gabe. Eta bidai buruan ere EXTRO jendea izan dutela, nagusiki, partaide eta distiratzaile.

Argazkian, XX. mendeko buru argienetako bi: Einstein eta Bohr. Ez daude leku publiko batean, lagun fisikari baten etxean baizik –laguna argazkilari–. Hizketan lasai, ez dira gai sakonei buruz ari, ziur aski. Halere, atomoak edo pulsarrak bezain miragarria den zerbait dugu begi aurrean.

  • Zer? Bilatu dimentsioka, zerotik hasita: puntu bat. Argazkiko edozein puntu aukeratu. Zer da? Einstein da? Bohr? Burua da, jaka, praka...? Ala besaulkia, ala horma...?

Gero bat dimentsioa: marra bat, bi punturen –edozeinen– artean. Zer da marra hori? Einstein? Einstein eta Bohr? Einstein eta jaka? Eta horma?... Gero bi dimentsio: karratu bat –demagun–. Edozein. Zer da? Gero hiru dimentsio, demagun: karratu hori alde bat duen kubo bat. Karratua baino zerbait gehiago da kubo hori? Orain lau dimentsio, kubo horri denbora gehituz. Kontuz...

  • Marra bat bezala ikusten duzu denbora? Lehenalditik gerora doana, orainetik pasa? Hola bada, XIX. mendean geratzen ari zara. Zer da, bada, XXI. mendeko denbora?

Pasa gaitezen 5. dimentsiora: ideia. Kubo horren markoan gurutzatu zaizun ideia bat. Edozein. Goazen orain 6. dimentsiora: irudia. Ideia horren markoan piztu zaizun bat, mila posibleetako edozein. Demagun: argazkia bera, baina gehituz Bohr eta Einstein gai honetaz hizketan ari direlakoa. 

7. dimentsioan: hitza. Une horretan Bohrren ahotik ateratzen ari den bat. Soinu-uhin moduan, Bohrren burmuinean aukeratua, milaka hitz posibleen artean, bertan modulatzen ari den ideia jakin bat adierazteko gogoz –gehiago edo gutxiagoz–. Eta hitza Einsteinen belarrietatik sartzen, eta pultso elektrikoez bere burmuinera iristen, eta ezagutua izaten, eta ideia bat modulatzen...

  • Beste dimentsio batean ari naiz ni, hitz hauek idazten? Nire eta zure begietatik sartzen ari dira, biok hemen eta oraintxe bertan. Beste dimentsioak beste.

XXI. mende betean ez dakigu unibertso sekretu horretaz (ia) ezer. Eta mendea bete aurretik ez da sekretua argituko. Zergatik diot hain ziur –eta oker, espero–, hori? Einstein 1905ean bezala katedratikoa izateko adina edo estatusa ez duen norbaitek argituko baitu. Eta unibertsitatean dauden mila ikasleko bati –edo gutxiagori– baizik ez baitzaio jakinmin hori inoiz ez inon piztu.

Milako batzuei bai, han-hemenka? Gutxiegi. Niri 20 urte geroago piztu zitzaidan, aita nintzela, jada. Eta 20 urte geroago –biok unibertsitatean, jada– ez dut lortu zuei piztea ere. Agian inoiz hitz hauek topatu dituzue? Han –txiripaz– edo hemen –jakinminez, zuen aita zertan ari ote zen, hain luze, hain oker, ordenagailuan... Beste Einstein bat ote nintzen... Hori ziur dago, absolutuki: ez.

  • Beno, Frankeinstein doktore bat ez banaiz... Beti arte!


Utzi iruzkina: