INTRO lur infinituak (1): Violet Rosie
Zor zaharra nuen, Lur bat haratago. Eta kitatzeko zaila: 650 orrialde bete, XVII. mende betean... 6-8 liburu irakurtzen ditut, batera, bakar bat bailiran. Joan Mari Irigoienena joko zoro horretan sartuko ote zen? Berehala sartu da, Joanes Etxegoien. Mutil kasik mutu jaioa, ni bezala. Baina berak bost urte zituela harri batekin buruan kolpe bat jaso, konortea galdu, eta esnatzean...
Nerabe asko oso ezeroso sentitzen dira jendartean. Gogoz aldatuko lukete zerbait, beren buruan, dela fisikoki (altuago, argalago, zaluagoak...), dela izaeran (irekiago, seguruago, biziagoak...) Ni hain isila izateagatik sentitzen nintzen oso ezeroso, eta lekuz kanpo, baina ez nuen berritsuagoa izan nahi. Erabat mutu bihurtzearekin amesten nuen: hitz egiteko obligaziotik libratu, behingoz.
- Gero, rock musikari bihurtzea izan zen nire ametsa. Ez rock izar: Atlantiko erdian, Rockall irlan ni bakarrik, nire kitarra elektrikoa, haizea, olatuak..., eta ahotsa.
Inchkeith irla hurbilago dago, Edinburgotik begi bistan, baina ez da inor bizi Bigarren Gerrako soldaduek alde egin zutenetik. XVI. mendean jada hutsik zegoen; Eskoziako Jakue IV. errege jakintsuak esperimentu bat egin zuen: bi ume jaio berri bertan utzi, umezain mutu batekin, ea "Jainkoaren hizkuntza prelapsarioa" –Adan eta Ebak pekatu egin aurrekoa– ikasten ote zuten.
- Ikasi al zuten? Cal Flyn idazleak Abandonu irlak liburuan kontatutako kontu askoetako bat da.
Orkney irletara bidean dago Swona. Ondotik pasa nintzen, jakin gabe, 1986an. Ez da inor bizi, 1974tik. XVIII. mendean 9 familia zeuden; 1920 aldean arrantza merkatuak hondoa jo eta Rosie familia bakarrik geratu zen: aita, ama eta bost haurtxo. Gurasoak zahartu, hil, bi alaba lur lehorrera ezkontzera joan, eta Arthur eta James bikiak eta arreba Violet bakarrik geratu ziren.
1957an kazetari batek irla bisitatu eta artikulu bat idatzi zuen, Swonako emakume isila: azken 20 urteetan Violetek ez zuela hitzik egin bere senidea ez zen inorekin. Senideek protesta egin zuten: Violetek bai hitz egiten zuela, baina ahapeka, eta konfiantza zuen jendearekin bakarrik.
- Ingelesez. Cal Flynek ez du zehazten Swona irlan eta Rosie etxean gaelikoz ere hitz egiten zen.
Paolo Cognettiren Zortzi mendiak eleberrian Brunok dio bere amak pasa ziola basoaren dei isila. Biak berdinak direla: "Hori bai, ni basora luze egotera banoa, inork ez dio ezer. Emakume batek egiten badu, sorgintzat jotzen dute. Nik ez badut ahoa irekitzen, zer pasatzen da? Hitz egiten ez duen gizon bat baino ez naiz. Hitz egiten ez duen emakume bat erdi zoroa izan behar da".
- 1974an Arthur hil, James eritu eta familiak bidalitako txalupara igo zen Violetekin eta beren lau gauzekin. Behitegiko ateak irekita utzita, zortzi behiak eta zezena beren kabuz moldatu zitezen.
Zortzi urte geroago 33 buru zenbatu zituzten. 1985ean argazkilari bat Swonara joan eta behi saldo bat ikusi zuen irlaren alde batean, eta zezen erbesteratu bat bestean. 2004an, 4 behi eta 10 zezen zeuden. 2013an, argazkilaria itzuli eta zezen erbesteratua hiltzen ikusi zuen, txahal batzuek inguratuta: "Haien portaerak urriki, min, kontsuelo eta laguntzeko nahia erakusten zuen".
- Narda, higuina eta "zezenaren aldeko halako sentimendu bat" dio Joanesek, sentitu zituela, Villagrandeko dukearen bisitan ospatu zen zezenketan.
Jhumpa Lahiri-ren Ohitu gabeko lurra bildumako Ez da inoren afera ipuinean, Concord herrira doa Paul; Sang eta Faruk ere joan ziren, Walden lakura, haien lehen zitan. Gero Kairora joango da Faruk. Ted Chiang-en Arnasa bildumako Merkataria eta alkimistaren atea ipuineko Fuwaad bezala. Hau "Urteen atea" zeharkatzera, istripuz hildako Najia emazte zena salbatu nahian.
Arnasa bukatu eta von Schirach-en Krimenak hasi dut –hurrengoan esango dut zergatik–. Lehen kriminalak Kairon ezagutu du bere emaztea izango dena.
- liburua Olivier Remaud-en Borondatezko bakardadea da. Bukatzear dut –beste batean esango dut hurrengoa zein den–. Jendarte itogarritik alde egindako idazle eta bidaiari askoren arnas eta hausnarbideak, mendeetan zehar. Noski, haien artean Thoreau dago, eta Walden.
- liburua Juan Mari Feliu-ren 30 txango Nafarroako herri galduetan barna da. Baditu 20 urte; goiko argazkietan, garai hartako Amokain, eta haien azpian, nik 2020an eginak –beldur handiz, mendiko behi saldo bat baitzebilen sasi altuen artean, eta etxeen eta elizaren hondakinetan.
- liburua zein den ez dut esango: ziur egon nahi dut AI batek inoiz ez duela 8 liburuz osatutako liburu bakar hau irakurriko, nik bezala.
2020an txalupari batek Cal utzi zuen Swonan, non lo egin aholkatu eta gero. Ez Rosie etxean, beste batean. Ongi itxita, eta inola ez kanpoan, bestela behiek zanpatu eginen zutela. Hala egin zuen Calek, baina ez zuen batere lorik egin, kreatura ezkutu bat goiko pisuan harat eta honat.
- Noski, Calek ez du zehazten Violet zenik; baina bestela nor edo zer izan liteke?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: