INTRO umorea: Dick & Frisch

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2023-10-11 13:11

introbertsioa@gmail.com 1697022903660

Umorea izaten da –haur garaiko kirola, edo gazte garaiko zaletasun berriak bezala–  INTRO jende askorentzat ate ireki bat –pasatu gabe, noski–, itxita sentitzen garen zulotik ateratzeko.

Umorea egin daiteke bonba atomikoa bezalako gai larriez ere. Hor daude Oppenheimerren haritik aipatu nituen Oin biluziak edo Manhattan Proiektuak komikiak, oso humore beltzekoak. Eta bonbaren sorreran parte hartutakoen testigantza batzuk. Nire iritziz, askotan pasatu egiten da Txantxetan ari zara, Feynman jauna? liburua, baina Best seller bat da, Fisika zaleen artean.

EXTRO umorearen adibide gisa har liteke? Dick Feynmanek lagun giroan kontatutako eta gero lagun batek bildutako pasadizoak. Batzuek bai badute grazia; adibidez, Los Alamoseko hesian zulo bat aurkitu zuenekoa. Dick ate zaindutik atera, gero zulotik berriz sartu eta atetik berriz atera... guardiak moskeatu egin ziren arte: "Nola da tipo hau beti ateratzen dela, eta inoiz ez sartu?".

  • Klaus Fuchs laguna zuen, eta honek bere espia lanerako erosi zuen autoa uzten zion, Dickek eri larri zuen emazteari bisitatzeko, Albuquerquen.

Azken bidaian, bi autostopista hartu zituen. Ez laguntzeko: bera lagundua izateko, Los Alamoseko pista kaxkarrean gurpil bat zulatuz gero. Baina hiru gurpil zulatu eta autostopez iritsi zen, Dick. Eta bueltan, berriz, autostopista bat hartu eta gurpil bat zulatu –hura ere ez pista kaxkarrean, errepide tartean–. Zer axola dizu besteek diotena –emazte zenak esaten ziona– liburuan jasoa.

  • Los Alamosen lagun bakar batek galdetu zion, emazteaz. "Hil egin da. Nola doa proiektua?".

Tira, nik INTRO umorearen adibide bat ekarri nahi nuen: Otto Frisch fisikari austriarra. Ez oso famatua, baina bai oso baloratua, eta kronika askotan aipatua. Ez ordea bere umorea. Bere memorietan –What little I remember; erdaraz, De la fisión del átomo a la bomba de hidrógeno, agortua– nabaria da ezin duela ezertaz hitz egin umorea sartu gabe –eta inoiz pasatu gabe.

Adibidez, dio Groves jenerala zela Amerikan "harrera egin zien arduraduna". Eta hau zela iritsi berrientzako Oppenheimerren agurra: "Ongi etorri Los Alamosera. Nor arraio zara zu?". Ez dut hori beste inon ikusi. Tira, Frischek aitortzen du oso memoria txarra zuela. Behin megafoniatik aditu zen: "Mesedez, gaur Otto Frisch afaltzera gonbidatu duenak bere logelara deitu dezala".

  • Berak dio Los Alamoseko haur guztiek zekitela bazegoela zulo bat hesian, eta hortik ateratzen zela Feynman, eta atetik sartu...

Frischek ere laguna zuen Fuchs, Amerikan ez ezik Ingalaterran ere, gerra aurretik, eta ondoren. Garai hartan galtzerdiak artilezkoak ziren, erraz zulatzen zirenak. Mutilzaharrek ahal moduan estaltzen zituzten, Ottok gomazko partxeez. Baina bere galtzerdiak artilezko baino gomazkoak ziren gehiago, eta Klausi galdetu zion, galtzerdi zulatuekin zer egiten zuen: "Jantzi egiten ditut".

Fuchs estimatzen zuela dio, bai fisikari gisa, bai laguntzaileen bizi baldintzez arduratzen zelako. Harritu zen, "traizio larriaz" akusatu zutenean. "Abiadura handiaz" zigortzea ere sinisteko zaila litzatekeela, Klausek zuen auto kaxkarrarekin. Gero, Ekialdeko Alemanian ere laguntzaileen bizi baldintzez arduratu omen zen Fuchs, baina erantzun zioten gai hori arduradunen esku uzteko.

  • Dena den, INTRO joerakoa zen Frisch bera? Ez berak ez beste inork ez dio Frischen izaeraz ezer.

Berak dio Fuchs isila zela, eta berdin beste fisikari batzuei buruz –Paschen, Carl Muller...–. Besteek Frisch piano jole ona zela baino ez diote. Berak, Londreseko bonbardaketen garaian, bizi zen pentsioan alarma sirenekin ohitu eta askotan ez zirela babeslekuetara joaten. Bera batzuetan hasten zela pianoa jotzen, baina pentsio kideek nahiago zutela bonben soinua.

  • 1951 arte –47 urte– ez zen ezkondu. Lagunek zioten Frischek izeba bat zuela portu guztietan.

Bat, Lise Meitner fisikaria; 1938an Suediara ihes egina, Otto iloba gonbidatu zuen, ohi bezala, Eguberrietan. Izebak hitz egin zion ideia berri batez: fisio atomikoa, eta ondorio posibleak. Eta berak Niels Bohrri kontatu, Kopenhagen. Eta Bohrrek norbaiti esan "semeak, Frisch" esan ziola, eta horrek denei esan zien Bohrren seme politikoa zela Frisch –Bohrrek alabarik ez zuen arren.

Ingalaterran bonba atomikoa lantzeko Maud Komitea sortu zuten. Izen hori Bohrren telegrama batetik hartua, hola amaitzen zena: "and say maud ray kent". Kode bat, uste zuten: "U and D may react" –Uranio eta Deuterioa–. Baina Kenten bizi zen Bohrren neskame bat zen Maud Ray.

  • Zahartzaroan kataratak izan zituen Frischek, bonbako lanaren ondorio posiblea: "Agian batzuek pentsatuko dute zigor handiagoa merezi nuela".


Utzi iruzkina: