INTRO bertsioa
Blog honen lehen sarrera da hau, eta izenburuak dakar bere nondik-norako nagusia. Halere, atrebentziaz, pixka bat desbideratuko naiz, jada, Covid kontu batera.
Pandemiaren fase berri hauetan asko hitz egiten da NEKE PANDEMIKOAZ. Oro har, osasun emozionalaren arloan hain gutxi eta gaizki egindakoaz, konfinamenduan, edo murrizketen kalte psiko-sozialez. Bai, noski, hor badago gaia, eta bazen garaia.
- Dena den, isilpean segitzen du ALIBIO PANDEMIKOAK. Zergatik?
Google bilatzailean "konfinamendua" eta "alibioa" hitzak elkartuz gero, hamaika testu agertzen dira. Batez ere, murrizketak arintzeko neurrien kontura, erreakzio ezberdinak, ondorioak... Edo, bestela, konfinamenduak izan zuen eragin ekologiko positiboa, bere laburrean. Edo laneko estresari eman zion atsedena, are laburragoa.
Blog gutxi batzuetan konfinatuta segitzen du, berriz, INTRO jendeak sentitu izan dugun ALIBIO SOZIALA. Hau da, urtetan pilatutako NEKE SOZIALAK arintzeko izan dugun salbuespenezko aukera.
Inork ez beza oker hartu edo ulertu: ez gara –ez gehienak– misantropo edo asozialak. Maite ditugu gure senide, adiskide, lankide eta auzokideak –gehienak–. Eta guri ere gogorra egiten ari zaigu, hainbat arlotan, pandemiako malda luzea. Beste ajeak beste, urtetan zamatu dugun eta zaigun barneko lastre hori guztia hor, motxilan –hitz egin beharko, horretaz ere–.
Halere, a zer panorama dugu zain, tontorrean! NORMALTASUN SOZIAL berrira itzuli beharra? Berriz ere, lehen eta beti bezala, noiznahi eta nonahi, makro edo mikro EXTRO boteiloi edo EXTRO kedaka edo enbarkadak.
- Edo BAKARRIK naiz ni?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: