Intro
YouTube-n sartu naiz, eta INTROBERTSIO hitzak sartu ditut bilatzailean, ea algoritmoek nola fitxatzen nauten, zer edukiak eskaintzen dizkidaten...
Ez dut ezusteko handirik hartu, egia esan. Eta eduki horietan ez naiz sartuko, oraingoz. Bakarrik argi utzi nahi nuen ez dudala bat egin behar, oro har, holakoetan ematen diren diagnostiko eta errezeta gehienekin.
Hitz gutxitan: INTROA zara, zure burua onartu, hauek dira zure argiak eta itzalak... Baina onartu behar: mundua EXTROA da, jende eta jokabide EXTROA jaun eta jabe... Joera INTROA duenak horretara moldatu behar da, leku bat bilatu, bere ahulguneen neurrira egokitu, eta bere indarguneak probestu.
- Kontuz, ez dut esan nahi diskurtso oker edo baztertzekoak direnik.
Ez da erraza EXTRO haizeari aurre egitea. Nik neuk aski gaizki pasa nuen nire haur, nerabe eta gazte garaian, batez ere. Eta orduan gogoz eskertuko nituzkeen holako heldulekuak.
Gerora, urtetan jaso nituen mezuak bestelakoak izan ziren: EXTROA izan, EXTRO nola bihurtu, ez larritu, zure INTRO keria horrek badu erremedioa...
Urteekin, neure estrategia eta tresnak lantzen joan nintzen, neure modura, eta ahal moduan. Hitz batean, nire irtenbide pertsonala. Eta itzal hori bera ikusten diet aspaldikoei bezala berriei ere: ARAZO PARTIKULAR bati aurre egiteko errezeta gisa planteatzea.
Funtzionatzen dute, haiek? Funtzionatu nau niri, nireak? Ez dakit. Berriz bizitzeko aukera izango banu, aski bestela planteatuko nuke dena, hasieratik. Nola hartu bai nire barrukoa, bai nire ingurukoa –familia, auzoa, eskola...–.
Nolanahi dela, ez nuke nahi mundu hau utzi Terra Incognita bat gehiago esploratu gabe: harreman pertsonal eta sozialen INTRO hemisferioa.
- Edo ez dago beste INOR, hor?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: