IkusezINTRO
Berriako bere azken zutabean, Iñigo Martinez Peñak Begiraden menpe artikulua kaleratu du, fokua pantailetan jarriz. Pantailen bi aldeetatik: ikusi bitartean ikusiak gara. Hiper-bigilatuak. Hortik aldarrikatzen du "ikusezinaren eremua babestea". Haur jolas hura gogoan: gure begiak tapatuz desagertzea.
Olivia Sudjic idazleak jolas hori bera gogoratzen du Esposizioa liburuan. Eta jende bakartiaren behar bikoitza: alde batetik, ikusia eta onartua izan, eta bestetik, ez erakutsia, ez seinalatua, hatzaz. Hiper-alerta, arreta eta mehatxu sozialaren aurrean.
Kontatzen du nola sentitu zen Nirea ez den bizitza bat eleberria –gaia Instagram duena– idatzi eta, batez ere, argitaratu zuenean. Idazteko, Escher-en Eskuak marrazten grabatua jarri zuen ordenagailuko pantailan: bi esku, elkar marrazten. Marraztu ahala marraztuak izaten.
- Erreparatu bi eskuei: bat, eskuina, jarrera normal eta eroso batean ari da; ezkerra, berriz, oso jarrera behartuan. Guztiz bihurritua.
Eleberria kaleratu eta gero areagotu egin zen bere esposizio sentsazioa. Ez ziotela begiratzen bere begirada eskaini duen idazle baten gisa –idazle gizonezkoei bezala–, baizik eta bere misterio eta miseriak biluztu dituen emakume baten gisa. Halako katxeo edo miaketa hiper-pertsonala.
- Ez al da INTRO joerako jendeak oso txikitatik bizi duguna? Ikusezin egotetik, bat-batean, foku bortitzen jomuga izatera pasa.
Ez da harritzekoa Elena Ferrante –hau da, ezizen horren atzean ezkutatzen den idazlea– izatea Sudjicen erreferente bat. Ferrantek dio idaztea jardun ezkutua dela: besteen begiradetatik apartatua. Hor "arrisku handiena da besteak zure begiradatik apartatzea".
Hortik aldarrikatzen du jarrera bigilantea. Ez zentzu poliziako edo kartzelarian, baizik eta erne, adi egotearen zentzuan. Gure inguru osoarekin eta ingurukoekin guztiz bat eginda.
Marian Diamond, neurozientzia modernoaren amak, burmuinaren malgutasuna bere teoria iraultzailea esaldi batean bildu zuen: "Use it or lose it". Erabili ala galdu. Hau da, erabili ahala garatzen dira buruko funtzioak, eta erabiltzen ez direnak galdu egiten dira.
Ez al da garaia, bada, elkarrekin bizi eta harremantzeko modu malguagoak bilatzeko? INTRO moduak bilatu, hasteko, eta betiko EXTRO moduekin nola bat egin, eta berri batzuk ere batera topatu.
- Haur eta nerabeei begira, batez ere, haien burmuin eta nortasunak garabide betean ari direla.
Nola bilatu? Nondik hasi? INTRO joerako jendearen ekimen eta eskarmentutik. Gure garapena, eta gure askapena, INTRO gisa, ez daude ezein agenda pedagogiko, psikologiko edo soziologikotan –zer esanik ez politikoetan.
Ikusi –urrunago gabe–, Blogak.eus honetako aurreko sarrera, Zer egiten dut nik borroka honetan?: "Zer emakume ereduri buruz ari gara hori esaten dugunean". Hor kategoria eta azpikategoria oso zerrenda luze bat aletzen du, adibide gisa. Eta INTRO emakumerik ez dago, dirudienez.
- Egileak –gorabeherak– ez du ikusi "Introbertsioa" kategoria dagoela, Blogean? Edo ikusi eta ez zaio kontutan hartzeko modukoa iruditu?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: