GENE barnekoia
Aurreko sarreran esan dut BESTE bizitza BAT bizitzeko aukera izango banu, lehenago saiatuko nintzela BESTEekin BAT egiten. Talde eta modu ezberdinetan. Eta BESTE batekin ere, BAT –BI, BIkote bat, alegia–. Gehiago lortuko nuke? BIzitza honetan BIzi eta ikusitakoa BIzi eta ikusita.
Beste hitzetan: nola iritsi ote da INTRO genea –baldin badago– gaur egun arte? Nola lortu du, lehen giza-taldeak sortu zirenetik, belaunaldiz belaunaldi, lehia ebolutibotik bizirik ateratzea?
- Bi hitzetan, gainbizi eta UGALTZEA. Hautapen naturalak –eta kulturalak– baztertua izan gabe.
Tesi topikoa da komunitateko jende isil, herabe eta beldurtiak, oro har, zuhurtzia jartzen duela arrisku egoeretan. Bai arlo kolektibo bai pertsonalean. Baina hola bada, nola da INTRO honek hainbeste hordago jo ditudala, bizitzan zehar, ziur egon gabe aski karta onak nituenik?
Oraintxe jo behar dudana, adibidez, haitzuloetako eta gaur egungo jendarteak erkatuz. Gaurko aje sozialetatik begiratuta. Oso arriskutsuak dira holako estrapolazioak, ehun edo mila urtetan atzera. Pentsa ehun mila urtetan, mundu globalizatu eta historiaurreko klan batzuen artean.
Kontua da INTRO gene baten atzetik goazela –baldin badago– . Beraz, kartak banatu!
- Horra gure garaiko hiru aje sozial klabeak, nire iritziz: ziurgabekeria, asperkeria eta kabroikeria.
Hiruek dituzte INTRO eta EXTRO bertsioak. INTRO ziurgabekeria oso agerikoa da, barnean egosi arren, su baxu edo bixiagoan. Ziur nago Harri Aroan ere hala zela, eta ez soilik gau, negu, gose, pizti, izurrite... izugarrien aurrean. Bazeudela beste mehatxu batzuk, haitzulo barnean ere.
Besteak beste, EXTRO ziurgabekeria: barnean egon ezina, kanporatu egin beharra dena, baina ez agerian, baizik eta aitzaki eta antzerkiez mozorratuta. Ba al zegoen holakorik, lehen gizakiak lehen hitzak sortzen ari zirenean, oihu, keinu, soinu, doinu... errepertorio hain mugatu batetik?
- Atera kontuak, haitzulo barruan, suaren inguruan egon beharreko ordu eta egun luzeetan.
INTRO asperkeria pizten da gogoko jardunak egin ezinean. Eta EXTRO giroetan ere. Kalkulatzen da gaur egungo solasaldien %60 ele-mele eta zurrumurru hutsak direla. Ziur nago haitzuloetan ez zela hala. Eta EXTRO asperkeria ez zela gure garaian bezala, hain konpultsibo eta aseezina.
- Hordagoa! Nire hipotesia da bere EXTRO bertsioan piztu zela kabroikeria, Historian.
EXTRO kabroikeria neurria galtzean pizten da. Eta aliantzak eta konplizeak bilatzean ere bai. INTRO kabroikeria, berriz, barne oreka eta kontrola galtzean. Eta batzuetan, EXTRO kabroikeriarekin bat egitean ere bai –ez gutxitan, tamalez, INTRO eta EXTRO bikaintasun kabroiak bat eginez.
Kontua da Harri Aroan oso baliabide natural eta kultural mugatuak zeudela. Ez zeuden denen eskura, eta batzuetan ez ziren denentzat iristen. Atera kontuak. EXTRO kabroikeria beti dago piztuta –baliatu edo ez–, baliatzeko prest, asperkeria edo ziurgabekeria pizten direnerako.
Hordago bat bezala, beti hor, eskura. Eskutik, karta onekin, edo ez. Silex edo siliziozko tanto triste bat irabazteko, batzuetan.
- Baina INTRO gene eta jendearentzat kartak ez banatzea da, jada, partida galtzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: