Ez naiz monsieur Pompadour?

introbertsioa@gmail.com 1641464332745 INTRO bertsioa | 2025-05-22 10:42

introbertsioa@gmail.com 1747905656331

Inor ez da (izan) monsieur Pompadour, eta ni ere ez. Edo bai? Agian europar oro gara, aldez edo moldez, neurri handiago edo txikiagoan, madame edo –balizko senar– monsieur Pompadour?

Gogoratu nor (izan) zen madame Pompadour. Ponteko izena Jeanne Antoinette Poisson zuen. Parisen jaioa, 1721ean, eta 1741ean ezkondua, baina ez Pompadour deitura edo titulua zuen inorekin. Ponpadurreko markesa titulua errege batek eman zion, bere zerbitzu ordainezinen sari, 1745ean. Hain zuzen ere, Frantziako eta Nafarrako erregea (izan) zen Luis XV. Borboikoak.

Zerbitzu haien oihartzun, lelo hau iritsi zaigu: "Aprés nous, la déluge" –"gu eta gero, Dilubioa"–. Erregeari porrot militar bat lasaitu nahi zion: gu egongo ez garenean, betor edozer, Dilubioa ere, guri bost –gogoratu zer etorri zitzaion Frantziako eta Nafarroako hurrengo eta azken erregeari.

  • XXI. mende honetara egokituta: gu eta gero, betoz krisi klimatikoa, ekologikoa, migratorioak...  

Dena den, lelo hori –hitzez hitz– beste modu batez ere ulertu daiteke. Gure burua goratu edo besteak azpiratu nahian: "Gu eta gero, Dilubioa etorriko da" –gu gabe, akabo! Apokalipsia!...–. Gogoratu XVIII. mendeko Frantzia ez zirela, artean, geroko Maroko, Algeria, Tunisia, Mauritania, Senegal, Mali, Niger, Burkina Faso, Txad, Ginea, Boli Kosta, Togo... –Afrikako kolonietatik hasita.  

  • Baina beste modu batez ere ulertu liteke: "Gu eta gero...", gure atzetik, ondoren, eta ondorioz...

Jarraitu aurretik, esan euskal Wikipediako Afrikako taldea martxan dela, M23 talde armatua eta hari lotutako gaiak lantzen –Ipar eta Hego Kivu, Kongoko bi gerrak, banyamulenge, MONUSCO...­–. Gai itxi gabeak dira. Ekarpen, kritika eta eztabaidari irekiak, hemen izan edo Wikipedian bertan.

  • Leloak lelo, nor gara "gu"? Zein da gure erregea, bere erresuma, gaur egun? Norentzat ari gara madame –edo monsieur– Pompadour gisa?

Kirol erregea, hasteko. Afrikaraino hedatu du erresuma. Real Madrileko kazetari bat da Alberto Rojas (AR). "Real Madrid" zen bere hitz klabea, bahitua izan eta norbaitek erreskatea eskatzen etxera deituz  gero: "Es el único ambito de mi vida en el que me permito ser un fanático"  –XA (Xavier Aldekoa) Barçakoa da, baina atera berria du Africa redonda, eta ez dut irakurri, oraindik.

África, la vida desnuda liburu hasieran ARk dio ez zitzaiola Afrika inoiz interesatu, harik eta 2010ean Kevin Carter argazkilariaren patu beltza ezagutu zuen arte. Argazki famatu bati lotuta: Sudan, 1993, lehortea, Ayod herrixka, ume beltz bat lurrean, hezurretan, sai zuri bat atzean, zain antzean... Eta azken beltzean, argazkilariaren suizidioa. Zergatik ote? Umeari lagundu zion? Umea bizi da?...

  • Goian, argazkia erakusten duena ez da Kong Nyong bera, bere aita da. ARi esan zion lehen aldia zela argazkia ikusten zuela –semearen beste arrasto bakarra, futbol kamiseta urdin higatu bat?

AR haraino iritsi zenean, 2011n, Hego Sudan independentzia lortzear zen –lorpen hartako izar famatuena, George Clooney–. Hiriburua, Juba. Baina non dago Ayod? Kodok herrixkatik hurbil, 1898ko Fashoda –Paris eta Londresen arteko joko zelaia, batak eki eta mendebaldeko Afrikako koloniak marra batez lotu nahian, eta besteak (azken minutuan garaile) ipar eta hegoaldekoak.

2017an Hego Sudanera itzuli zen AR, bi aldiz. Lehena Juba hiriburutik, eta handik Malakal hirira –Ayod eta Kodok artean–. ACNURen basean Barça-Madrid derbia non ikusi eta garagardo hotza non lortu ziurtatu eta infernura atera zen –XA 2014an ibili zen bertan, gerra zibila betean, jada, Kiir presidente dinka eta Machar presidenteorde nuerra elkarren kontra jo eta su norgehiagoka.

  • Bigarren aldian Jubatik ezin eta Ugandako mugako errebeldeen checkpoint batetik sartu zen AR; nerabe armatu batek, Manchester Uniteden kamiseta zahar bat jantzita, esan zion "welcome".

2011n XA –Océano África– Kenian zegoen, Superkopako finala ikusten. Tabernan bi mozkorti borrokan hasi eta ez zioten Messiren garaipenaren gola ikusten utzi. Amaieran Mourinhok hatza sartu zion begian Tito Vilanovari. XA, euforiko, Al Shabab taldea nagusi zen –eta den– Somaliara joan zen, lehortearen erdigunera. ACNURen Ali Addeh zelaian, 19.000 lagun –ura 10.000rentzat.

  • Abdujidar Ahmed Arta ere iritsi zen, bere familiarekin, zoriontsu: "Betiko geratuko gara hemen".

AR 2013an iritsi zen Somaliako infernura, Sigale eta Darawish errefuxiatu zelaietara eta abar, "Real Madrid" hitz gakoarekin –aldatu egin beharko zuena, noizbait Muqdishora itzuliko bazen.   

2017an Txaden –hedaduraz, Frantzia x 2–. Championseko finala –Juventusen aurka– non ikusi Unicefek lortuta, eta garagardo hotza, Txad lakura, %90 idortuta 60 urtetan –independentzia urtean, Nafarroa x 2; gaur egun doi Bardeak–, 450 itzalean, Boko Haram taldea erasora. Dar es-Salamera bueltan, Real Madril 4-1 nagusi, euforia..., eta disforia: argazki makinako txartela gurin eginda.

Somaliako Dar es-Salaam –Indestructibles–, Unicefen futbol partida bat, Daniel, Real Madrileko kamiseta zikin bat jantzita, 7 zenbakia. "Cristiano Ronaldo", XAk; "ez, Leo Messi", Danielek; bera Barçakoa dela, baina ez duela beste kamisetarik –gero urdin-gorri bat josiko du, oihal puxketekin.

Kongoko meategi bat, meatzari gehienak Real Madril  eta Barçakoak. Jokalari afrikarrak onenak direla diote –Pogba, Mbappé, Kanté, Dembelé...–. Baina "Frantzian jaioak dira gehienak", XAk. "Mineralak, futbolariak; zuriek Afrikako onena eramaten duzue, eta gainera guk ezin ezer esan".

  • AR 2014an Kongoko ekialdeko koltan meategietan: kaskorik ez, batzuk ortotsik –eta kamiseta zuri eta urdin-gorri faltsuak, zuloz beteak. 14 lan ordu, dolar bat –merkatuan, 350-400 € kiloa.

Océano África Malin hasten da, XXI. mende hasieran, kanoa batean, Cissé galdezka: "Europako presidentea zarenean ez zara gutaz ahaztuko, ezta?". Eta gero Omar: "Eta nork du diru gehiago: Espainiako presidenteak edo Kanouték?". Malin, presidenteak gehien, gero presidenteordeak, ministroek... 2025ean Mali, Niger eta Burkina Fassok frantsesa kendu dute, hizkuntz ofizial gisa.

Angolan, Luandan, lapurrak. "Qué demonios hacíais ahí a estas horas, joder!?". Real Madrileko saski baloi taldeko harrobiko batek salbatu ditu XA eta Julia. Hotelean, Supercopa, Barçak galdu.

2023an Kongo ibaia jaisteko –Quijote en el Congo– Barçaren pin poltsa bat eta Real Madrileko kamiseta bat zeramatzan XAk, milizien eta militarren kontroletarako bisa gisa.  Mai-mai milizien kontrol batean, koronelak mugikorreko argazki bat erakutsi: "Begira, Messi" –Ronaldinho zen.

Kisangani hirian ferrya hartzean bidaide susmagarri bat, Real Madrileko kamisetarekin. Gero, Mombango herrian, futbol partida bat, Real Madril eta Barçako kamisetekin, denak politiko lokal beraren izenarekin. Kinshasara iritsi eta ferryko kapitainari eman zion XAk kamiseta txuria.

  • Eta neskarik ez? Ez futbol zaleak. Besteak beste, Hego Sudango bi, Kenyan errefuxiatuak, biak: Grace –"Nilo Zuriko neska azkarrena", XA, Hijos del Nilo–, eta Emmanuela –"Estatuko nota onenak atera ditu", AR.

Goiko irudiak:

Goian, ezker: Madame Pompadour

Goian, erdian: Kong Nyong, Alberto Rojasen argazkia (detailea),  egile beraren "Afrika. La vida desnuda" liburutik hartua

Goian, eskuin: Kevin Carter

Behean: Gloire eta Rodrigue, Mbura jeneralarekin. Alfons Rodriguezen argazkia (detailea), Xavier Aldekoaren "Quijote en el Congo" liburutik hartua

Tarteko irudiak:

Baloimundi: LadyMarisa. Pixabay

Hego Sudan: David_Peterson. Pixabay

Abandonatua: Pexels. Pixabay

Frantzia: NoName_13. Pixabay


Utzi iruzkina: