Ez naiz monsieur Bovary
Izenburu horrekin lotura asko egin litezke; besteak beste, film txinatar batena: Ez naiz madame Bovary –2016ko Urrezko Maskorra irabazia–. Jatorriz, 我不是潘金莲, edo Wo bu shi pan jinlian.
Ez dago txineraz jakin beharrik sumatzeko Bovary ez, beste izen bat aipatzen duela: Pan Jinlian. Eta ez dago Pan Jinlian delakoa nor den jakin edo ikasi beharrik ulertzeko zergatik bihurtu zen "madame Bovary" filmaren erdarazko bertsio gehienetan. Bi hitzetan –Pan Jinlian eta Bovary andrea pareko figurak izan edo ez–, filma Txinan ez ezik mundu osoan zehar ere SALDU nahian.
Norbaitek noizbait –eta geroztik askok, askotan– SALDU zuen bezala Flaubert-ek esana dela: "Madame Bovary, c'est moi". Egia izan edo ez, berak esan zuela, edo bera dela Bovary andrea, benetan. Izatez izan, edo idazle bat bere pertsonaiak –batez ere protagonistak– den neurrian.
- Izanak izan, ez da erraza bereiztea –gainera, Jung jaio gabe zegoen Flaubertek sortu zuenean– Emma Bovary INTRO ala EXTRO ote den.
Bai ordea Charles Bovary: INTRO da. Nahiz eta inork ez esan –nik ere ez– bera dela, edo bera bezalakoa. Nahiz eta lehen atalean aurkeztua izan, eta eleberri osoan zehar agertua, eta bere heriotzarekin bukatua. Landa mediku bat –hain figura goretsia, gaur egun–, baina gizon gris, zozo, errukarria.
Carl Jungek berak baino bere emazte Emma Jungek ulertzeko errazagoa, agian.
Eleberriko lehen lerroak dio: "Estudioan ginen", landako mutil isil eta uzkur hori agertu zenean, eskolan. Hau da, kontalariak –Flaubert bera izan edo ez– SALDU egin nahi dio irakurleari berak pertsonalki ezagutu zuela, eta –ustekoa da– haren bizitzaren xehetasun guztiak zorrotz ikertu.
- Baina bere burua SALATU egiten du, ez dela pertsonaia horren buruan inoiz sartu –nahita izan, edo ezinean.
Batez ere, Bovary jauna INTRO izaki. Eleberrian pertsonai EXTRO bat badago, Homais botikaria da, eta horren buruan ere ez da sartzen; agian ez du sartu beharrik ere, horren pentsamendu eta sentimenduak jakiteko –eta, bide batez, Bovary senar-emazteen bizitzen xehekeria guztiak.
- Azken lerroetan SALATU egiten da Bovary jauna zorrez eta penez lepo hil eta gero hiru mediku pasa zirela herritik, eta denei irabazi ziela botikariak, bai irabazietan, bai onespen publikoan.
Kontuak kontu, irakurlea ez da Emmaren bihotza irabazi duten hiru gizonen buruetan sartzera inoiz iristen. INTRO dira bi –bat Charles bera, azkar galduko duena, eta bestea Léon gaztetxoa, azkenean galdutakoa, nahita–; eta hirugarrena EXTRO bat –Rodolphe, nahita ere galdu gabea.
Bide batez: Flaubert bera INTRO zen? Irakurri bere Ero baten memoriak, non dioen: "Nire bizitza ez dira gertaerak; nire bizitza nire pentsamentua da". Edo Sartre-ren Familiako zozoa: "Zer jakin dezakegu gizon bati buruz, gaur egun?". Edo Barnes-en Flauverten loroa, non hartz bakarti gisa agertzen den, eta ostra gisa, bere oskolean gordea, baina lehoi, boa... gisa ere bai.
Kontua da –haien burutik ez bazen– nondik iritsi ziren bertsio zinematografikoetako aktore eta zuzendariak pertsonaia horien azalean sartzera –edo sartu baino SALTU egin dute? Edo SALDU.
Bertsio asko egin dira –bat ere ez goretsia–, hiru ekarri ditut goiko irudira, Googlek bilatuenak:
- 1949koa, Vicente Minelli-k zuzendua: Jennifer Jones da Emma, Emmett van Heflin da Charles, Alf Kjalin da Léon, eta Louis Jourdan da Rodolphe.
- 1991ekoa, Claude Chabrol-ena: Isabelle Huppert da Emma, Jean-François Balmer da Charles, Lucas Belvaux da Léon, eta Christophe Malavoy da Rodolphe.
- 2014ekoa, Sophie Barthes-ena: Mia Wasikowska da Emma, Henry Loyd-Hughes da Charles, Ezra Miller da Léon –Rodolphe ez dago, Logan Marshall-Green markes bat da, pareko figura.
Irudiaren erdikoa, berriz, Li Xuelian da –Fan Bingbing aktoresa– eta inguruan filmeko zortzi "Homais" –monsieur Bovary edo parekorik ez dago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: