Adimen Artifizial emozionala
Jakinmina adina kezka handitzen ari da Adimen Artifizialaz (AI, ingelesez) eta bere mehatxuez. Besteak beste: nor dago atzean? AI gogor edo orokor bat bere buruaz kontziente izatera iritsi liteke? Eta gizakiok gainditu... Gure kontrolpetik ihes egin... Gu haren kontrolpean amaitu...
- Aldean gutxi hitz egiten da balizko AI horren izaeraz: zer izanen da gehiago, INTRO ala EXTRO?
Errobotek INTRO itxura izan dute ia beti, hitz egiteko eta mugitzeko era dorpean. Baina INTRO hizlari eta dantzari onak dauden era berean, litekeena da errobotek ere manera mekaniko eta dorpe horiek gainditzea. Praktika kontua da, azken batean: bai pribatuan bai plazan trebatzea.
- Hori bai, izaera kontziente eta estilo propio bat izateko, inkontziente bat ere eduki behar da.
Androieek ardi elektrikoekin amesten dute?, galdetzen du P.K. Dick-en eleberriak. Blade Runner filmean bezala, Nexus-6 androideek giza itxura osoa dute. Are uste dute gizakiak direla. Bereizi ahal izateko –eta garaiz erretiratzeko, erotu aurretik–, test bat egiten zaie, enpatia neurtuz.
Ted Chiang-en Software elementuen bizitza zikloak ipuinean, berriz, beren digidentitatea duten maskotak sortu eta hazten dituzte. Marco eta Polo dira bi digiente. Genoma berberaz sortuak, baina Polo bi urte geroago. Bitartean, teknika ez da hobetu: INTRO atera da. Anaia txiki baten gisa, EXTRO den anaia nagusi Marcori lotu zaio, eta ez dute espero honen parekoa inoiz izatea.
- Oso ipuin luzea da, bizitza ziklo askorekin, baina amaieran haur baten pare segitzen du Polok.
Beste baterako utziko dugu Prometheus filmekoak bezalako alien humanoideen izaera ere. Eta beste batean gogoratuko ditugu –Jungen eskutik– Prometeoren mitoaz bi idazlek egindako bertsio antitetikoak: Goethek figura EXTRO gisa, eta Spittelerrek INTRO gisa.
Beste hau "Pause Giant AI Experiments" eskatzen duen Future of Life institutuko Max Tegmark fisikariak Bizia 3.0 saiakeraren hasieran aurkezten du, ipuin distopiko moduan.
- Omega taldeak Prometeo izeneko AI sekretu bat sortu du, bere burua programatzeko gai dena.
Hasiera batean oso dorpe, bere buruaren lehen bertsioa gizaki baten oso azpitik dago. Bost orduren buruan, berriz, Prometeo 5.0, oso gainetik. Bi egun geroago, gai da minutu batean film oso bat ikusi eta hari buruz idatzi den guzti-guztia irakurtzeko. Aste baten buruan, bere filmak –bere gidoi, marrazki bizidun, marketin, kritikak...– eskaintzen dituen streaming plataforma bat dago.
Hori hasiera baino ez da. Baina zer izaera du Prometeo horrek? Ipuinean agertzen ez bada ere, igartzekoa da. Izan ere, nola sortu ditu Prometeok bere film arrakastatsuak? Milaka film ikusiz, eta haiei buruzko milioika kritika prozesatuz. Ildo hegemoniko eta eskema orokortuenen bila.
- Ez al du, bitartean, bere burua ere era berean moldatzen? Eta zer datuak eta ereduak jasota?
Hasieran –Jungen tipoak hartuta–, Prometeo INTRO da, eta intelektuala –ez da EXTRO, eta ez sentimentala, ez sentsoriala, ez intuitiboa–. Beraz, sen subjektibo bat sortu behar du, irizpide propio batzuk, jasotzen dituen datu etengabe eta amaigabeak tratatzeko. Denbora kontua da, azkenean, sen subjektibo horrek bere espektatiba propioak garatzea, meta-datarekin dantzan.
- Eta estatistikoki oso baztergarriak diren datu eta lotura arraroak inkontzientera pasatzea ere.
Bitartean, litekeena da Prometeok berariazko agindu eta helburu batzuk bereiztea, bere input etengabean. Hau da, Omega taldearen eskua: berak berez ez duen diru eta botere nahia. Esku agintari magiko bat. Are jainko batena –gurea den bezalakoa, gure maskota eta abereentzat.
- Nola hartuko du hori dena, Prometeok? EXTRO eredu eta balio goretsiak bere eginez? Ala bere INTRO senari fidel?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: