kakitzati buruzko zertzelada batzuk

Kakitzat edo Euskal Herriko Koordinakunde Antimilitarista 1980ko hamarkadan Gipuzkoan sortu ondoren Hego Euskal Herriko hainbat herrietan aritu zen eta oraindik Bizkaian aktibo dagoen erakunde antimilitarista bat da.

1980ko hamarkadan Espainiako soldadutzaren aurkako talde asko sortu ziren herriz-herri, batzuk Kontzientzia Eragozpen Mugimendua KEM-MOC taldearen barne antolatzen ziren eta beste batzuk soilik esparru lokalean. Talde hauen sorreran pertsona anitzek hartu izan zuten parte:kontzientzia eragozleek , alderdi politikoetako gazteek, gazte asanblada edo irrati libreetakoek, beste taldeetan parte hartzen ez zuten gazteek...

Gipuzkoako KEM eta herrialde honetako beste talde batzuk (Orereta, Azkoitia...)elkarlanean hasi ziren, eta horrela sortu zen Gipuzkoako Koordinadora Antimilitarista. Ondoren, Koordinakunde honetako hainbat taldek Kakitzat sortu zuten. 1980ko hamarkada bukatu baino lehen Bizkaian, Nafarroan eta Araban Kakitzateko talde berriak sortu ziren.

1990eko hamarkada hasieran kontzientzia eragozpena barik, intsumisioa izan zen borrokaren ardatza, bai soldadutzari, eta baita objetoreentzat Espainiako Legeak asmatu zuen Ordezko Zerbitzu Sozialari (gaztelaniazko sigletan, PSS) ere. Urteak aurrera joan ahala beste gai batzuk lantzen hasi ziren: gastu militarra, eragozpen fiskala, gerrateak... 1994tik aurrera Intsumisio Eguna antolatu zuen urtero Kakitzatek. Herri hauetan ospatu ziren Intsumisio Egunak: Oiartzun, Bermeo, Berriozar, Agurain, Usurbil eta Abadiño. 2000. urtean derrigorrezko soldaduzkaren amaiera jaia egin zen Usurbilen, eta 2001ean Bilboko Erakustazokan jaialdi bat egin zen ere.

1990eko hamarkadaren bigarren erdian Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako Kakitzat desagertu ziren. XXI. mendean Bizkaiko Kakitzatek gerrak, gastu militarra, eragozpen fiskala... landu ditu.


Utzi iruzkina: