Tour azkarra Bangkoketik

indotxina 1456147859633 Indotxina da tokia... | 2008-11-15 16:50

Gaur ere sargori izugarria dago kalean. Gainera, toki guztietan aire-girotua piztuta dutenez, hezetasun giroa nazkagarriagoa egiten du bat bateko kontraste horrek. Hori dela eta, hiritik mugitzeko tuk-tuka aukera ezin hobea da. Tuk-tuka kotxe eta motorraren arteko hibrido bat da. Aurrekaldean gidaria doa, eta atzekaldean bidaiariak. Esertzeko bi banku dauzka, eta alboetan ezer ez dagoenez aire freskoa sartzen da katxarroak abiadura hartzen duenean. Dudarik gabe, pila bat eskertzen da aire fresko hori.
Tuk-tuk bat hartu dugu, eta txoferrak tour turistiko txiki bat egitea proposatu digu. Hiri osoa ikusteko denboraz nahiko justu genbiltzelakoan baietz esan diogu. Tourrak hainbat bisita ditu: Urrezko Buda, Jauregi Inperiala eta paseo bat ibaitik.
Bisitak bukatu eta gero TAT turismo bulego batera joan gara, hainbat tokitan hoteleko erreserbak egiteko modurik onena bulego horren bitartez egitea proposatu baitziguten. Erreserbak Internet bidez egiteko asmoa daukadala aipatzen dudan bakoitzean Internet kaka bat dela, eta hobe dela haien bitartez egitea. Komisioak galtzen dituztelako suposatzen dut.
TAT bulegoko langileari gure ibilbidea azaldu diogunean jarrera bitxi xamarra azaldu du. Zehazki, Kanbodiara joan nahi dugula azaldu diogunean. Tipoak esan digu muga arriskutsua dela borrokak daudelako Tailandiako eta Kanbodiako ejertzitoen artean. Nik horren berri banuen, eta banekien borrokak iparraldean zirela, eta guk muga beste puntu batetik zehartzekoak ginen. Ba, hori esan diodanean kriston haserrea harrapatu zuen. Nik berak baino gehiago jakitea ez zaio omen gustatu, eta elkarrizketa degeneratzen hasi da. Nik erdi-brometan hartu dut, baina tipoa serio ari zen. Izan ere, bukaeran indirekta zorrotza bota dit: “Atea irekita daukazu”. Alde egin dugu noski. Dena dela, intereseko informazio pixka bat eman digu; Kostaldean kriston zaparradak botatzen ari dira. Beraz, informazio hori jende gehiagorekin kontrastatu eta gero planifikatutako ibilbidearen noranzkoa aldatu dugu. Kanbodian kostaldetik sartu beharrean barrualdetik sartu ginateke. Alegia, Poipet herritik Siem Reapera heltzeko. Antza denez, aurten urtaro hezea luzatzen ari da.
Bestetik, hurrengo egunerako hotela internet bidez hartu dugu, tailandiar atsegin eta argal batek  daraman cibercafe batetik. Arti du izena, eta ingelesez oso ondo aritzen da, Alabaman bizi izan zelako denbora batez. Bertan ere, Japoniako neska bat ezagutu dugu, Australian bizi dena non sukaldaritzari buruzko telebistako programa bat daukan. Egia esanda, ez dirudi japoniarra berristuegia dela eta. Azkenean denok elkarrin afaltzera joan gara Artik gomendatutako toki batera. Ez zen batera turistikoa eta primeran afaldu dugu.   


Utzi iruzkina: