Erlijioa, futbola eta interesak
Erlijioa herriaren opioa da adierazi dute autore askok historian
zehar. Esaldia Marxekin erlazionatzen bada ere, beste batzuk erabili
zuten berak baino lehenago. Gerorrek ere askatzen dugu askotan,
erlijioren batekin lotutako gehiegikeriren baten berri izatean, ia
automatikoki.
Opioa medikuntzan garrantzia handiko sustantzia izan zen, analgesiko
bezala edota koleraren tratamendurako erabilia. Konflikto sortzaile ere
izan zen, Opioaren gerra izan zelakoaren eragile. Analgesiko izaera horrengatik droga bezala sekulako ospea hartzea eragin zuen, minaren ezabatzaile zen, eguneroko sufrimendua arintzeko bide.
Opioa elizarekin alderatzerakoan zera adierazi nahi zen: elizak
analgesiko funtzioa betetzen zuela; eguneroko bidegabekerien aurrean ez-ikusiarena egiteko erabiltzen zuela herriak berak, hil ostean Jainkoaren erreinuan gehiago sufritu beharko ez zuelakoan. Errealitate estali bat, funtsean. Sufrimendua beste modu batera
ezkutatzen dugu gaur egun: futbolaren bidez.
Futbola analgesiko bikain bilakatu da; gaur bertan, esaterako,
Bartzelonak Champions League-ko kanporaketa gaindituko ote duen du
buruan herriak, biharrik ez balego bezala, milenioko partidua.
Zenbat milenioko partidu izan ditugu jada?
Ez dakit norbait konturatu ote den, baina mundua okerrera doan heinean
futbol gehiago ikus daiteke telebistan. Adibide garbia da krisi garaian
astelehen eta ostiraletan ligako partiduak jarri izana. Ez ote da herriak burua aste osoan zehar futbolean edukitzeak politikarien akatsak estaltzen dituela? Ez ote da, medikuntzan bezala, gaixotasunaren aurrean ezer egiterik ez dagoenean ipintzen den analgesikoa, mina arintzeko? Ez ote da munduaren kontrola galdu dutela munduaren zuzendariek?
Futbola herriaren opioa da esango zuen, besteak beste, Karl Marxek.
PD: Gaur gauean nik ere partidua ikusiko dut, baina, egia esan, ez zait
axola nork irabazten duen; lagunekin bildu eta gustora egotearekin
pozik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: