Enric Duran, Robin de los Bancos

No profile photo Nik ere badut bloga | 2010-04-23 11:51


Mundu hobe bati buruz hitz egiten dugu askotan, gure mundu idealaren proiekzioari buruz. Bakoitzak berea du, noski, baina ideia soiletan geratu ohi gara, mundua aldaezin bezala onartu eta gure ekintzek benetako aurrerapauso bat suposatuko ez dutela argudiatuz. Hala ere, badago amesten duena benetan egi bihur daitekeela uste duenik. Horietako bat da Enric Duran.

Kontra-hazkundearen aldeko aktibista honek ezinezkoa dirudien zerbait lortu zuen: sistematik atera. 2008ko irailaren 17an “Gehien lapurtzen gaituenei 492.000€ lapurtu dizkiet” adierazi zuen  Crisi aldizkarian. 39 banku-etxeri 68 mailegu eskatu zizkien. Milioi erdia eskuratutakoan diru hau ekintza sozialetara bideratu zuen, Robin Bank eta Robin de los Bancos goitizenak irabaziz. Bi hilabete igaro zituen preso prebentibo gisa, eta fidantzapean irten zen ondoren, ordaindu gabeko zorren kartzela zigorra indargabetua baitago Espainiar estatuan; zorretako dirua zordunari kentzen zaio, honen irabazi eta posesioetatik.

Gizon hau sistematik at dago. Ezin du lanik egin, dirua zuzenean kenduko baitzioten. Ezin du posesiorik izan, hauek ere kenduko baitzizkioten. Kaudimengabea (insolvente) izan beharko du bizi osoa, eta besteen laguntzaz bizi: lagunen kontura lo egin, jan, edan … Ezingo du diru ofizialik izan; sistematik kanpo dago.

Baliteke Enricek mundua aldatu ez izana, baina konpromiso eta adore eredu da bere ideologiakoa izan ala ez.


Utzi iruzkina: