Mintzalagunak

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-02-28 00:00

Aurten ere mintzalagun egitasmoan hartzen ari naiz parte. Mintzalagun, berbalagun, solaskide, hainbat hitz sentimendu bera adierazteko: euskararen bidez adiskidetasuna lantzea.

Denok dakigunez, ez da erraza euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean murgiltzea, batez ere, bere lekua beste hizkuntza batekin konpartitu behar duelako. Alde batetik, gizarte honetan gehienok gaztelera dakigu, beraz, taldean euskara ez dakien pertsona bakarra izanda, beste guztiok gaztelerara pasatu behar izaten dugu ezinbestean. Hurrengo belaunaldia hobeto prestatuta egongo da, baina ordura arte, euskara erabiltzeko guneak bilatu behar ditugu denon artean.

Bestalde, inertzia haustea oso zaila izaten da. Lagunekin lehenengo solasaldiak gazteleraz izan badira, ez da erraza hizkuntza aldatzea. Hasteko, erdaraz hobeto eta azkarrago adierazten dugulako barruan daukaguna; eta  jarraitzeko, aurrean daukagunaren pazientzia agortu nahi ez dugulako.

Horregatik eman nuen izena mintzalagun egitasmoan, inertzia berria sortzeko. Neure burua hobeto azaltzeko eta solaskidea erosoago egoteko. Ni aurrean nagoenean, inork ez dezala hizkuntza aldatu, hau da, euskarari dagozkion guneak itzuli nahi dizkiot.

Talde hauetan euskaldun zaharrak eta berriak elkartzen gara. Gazteak eta helduak, neskak eta mutilak; etxetik kanpo lan egiten dutenak eta barruan dihardutenak; hemengoak eta kanpokoak… Bide eta egoera desberdinek eraman gaituzte gauden lekura, baina hemendik aurrera bide paraleloak bizi ahal izango ditugu, ilusioa eta ekintzak konpartituko ditugu.

Korok, Inaziok, Leirek, Mariak, Isak eta Estherrek talde berritsu eta alaia osatzen dugu. Hasieran astean ordubetez elkartzeko asmoa genuen, baina denborarekin epe hori luzatu egin dugu. Noizbehinka askaria egiten dugu elkarrekin Ignazioren eta Leireren sukaldaritzari esker, eta hurrengo afaria noiz egingo dugun erabakitzen ari gara egun hauetan. Mintzalagunak izatetik lagunak izateko bidea egiten dugu elkarrekin.

Aipagarria da euskaldun zaharren papera. Jesus Mari, Koro, Marisol… hauek dira nire taldeetan dinamizatzaile rola jokatzen dutenak. Oso pertsona bereziak izaten dira. Gogotsuak, baikorrak eta euskalzale amorratuak izateaz gain, eskuzabaltasuna da haien ezaugarri nagusiena. Aurtengo laguna, Koro, oso pertsona zintzoa eta umila da, eta oraindik erabakitzen ari da irakasle edo ikasle jarraitu nahi duen. Bitartean, ekintza guztietan murgiltzen da astero, kantu afarietan, bertso saioetan edota inauterietan. Jesus Mari ere saltsa guztietan sartuta dago, festak antolatzeko batzordean, auzolagun kontuetan, herriko jaietan, euskararen aldeko ekintzetan… horrelako jendea ezinbestekoa da euskararen etorkizuna bermatzeko, eta gure bizitza alaitzeko ere bai. Jesus Mariren esanetan: “Euskaldun berriek egiten duten esfortua itzuli eta saritu nahi dugu”. Primerako saria, jakina!

Haiei esker, kaleko euskara eta eguneroko jokamoldeak ikasten ditugu. Hala ere, euskara ez da irakasten diguten gauza bakarra, bere alaitasuna eta bizkortasuna ere bizi eredu dira denontzat.

 

Eskerrik asko, lagunak!


Utzi iruzkina: