Plaiaundiko egoerak kezkatuta, prentsara atera dira Itsas Enara, SEO/BirdLife eta Aranzadi
Irungo Udalaren jarrera negatiboaren aurrean, prentsa-ohar hau kaleratu zuten joan den asteazkenean, hilak 2:
SEO/BirdLifek,
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak beren
kezka erakutsi dute Irungo Udalak Txingudiko Natur Baliabideak Babestu
eta Antolatzeko Plan Berezian jasotako konpromisoak betetzen ez dituela
eta, eta uste dute Udalak ez lituzkeela bere ahaleginak Plaiaundin
diren kirol-instalakuntzak sendotzera bideratu behar, baizik eta
bertatik beste norabait eraman behar lituzkeela, han egiten diren
jarduerak Plaiaundiko Parke Ekologikoa natura-gune babestu moduan
babestearekin eta kontserbatzearekin bateraezinak baitira.
Azken
hilabeteotan hainbat lan ari dira egiten Plaiaundiko Parke
Ekologikoaren barne diren kirol-instalakuntzak egokitzeko eta
sendotzeko, alegia, Natura 2000 sarera eta Ramsar-ko Hitzarmenera
bildutako hezegunea leheneratzeko eta kontserbatzeko helburua duen Txingudiko Natur Baliabideak Babestu eta Antolatzeko Plan Bereziak babestutako eremuaren barruan.
Plan
Berezia lau erakunderen interesak bultzatuta idatzi zen (hots, Eusko
Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta Hondarribiko
Udalak bultzatuta), Txingudiko badia kontserbatzeko tresna moduan oro
har, baina bereziki bertako paisaia eta balio naturalak, betiere
ekosistemen dinamika eta egitura sustatuta. Halaber onartu zen
herritarrek lekuaz aise gozatzeko konpromisoa, betiere inguru
naturalarekiko begirunea oinarri zuen aisia-erabileraren alde eginik.
Era berean, natur ondarearen ezagutza sakona erraztuko zuten ikerketa-
eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak sustatu eta programatuko zirela
aipatzen zen han, Naturari ezinbestean zor zaion begirunea helburu
harturik.
Bereziki azpimarratu zituen Plan Berezi hark padura berreskuratzeko lanak, eta Babes Bereziko Lur
moduan sailkatu zuen Plaiaundiko lurrak, haientzako lehentasuneko
erabileratzat ezarriz kontserbazioa, ikerkuntza, inguruaren
irakaskuntza eta kontrolpeko aisia. Gainera, jatorrizko morfologia,
lurzorua, hondoak, drainatzea nahiz landaretza nabarmen eralda
lezaketen ekintza oro berariaz debekatu ziren, bai eta
fauna-komunitateei eragozpenak eragin liezazkieketenak ere.
Kirol-instalakuntzak bertatik beste norabait eramatea gomendatu zuen
Plan Bereziak, orobat.
Irungo Udalak, kirol-instalakuntzak
handik eraman beharrean, sendotzeari ekin dio inguruko balioei gaizki
eragiten dieten hainbat lan bultzatu baititu.
Kirol-instalakuntzen
sendotze-lan horiek Plaiaundiko balioei eragiten dieten efektuak aldez
aurretik ondo balioetsi behar ziren, Habitatei buruzko Europako
Arteztarauaren 6. artikuluak dioen bezalaxe.
Komeni da
gogoraraztea Babestutako Inguru Naturalari kalterik eraginez gero ez
dagoela proiektua onesterik, ez bada salbuespenerrejimen korapilatsu
eta garestira jota. Horregatik eskatu nahi diogu Irungo Udalari saia
dadila Plaiaundiko kirol-instalakuntzak lekuz aldatzen eta ez ditzala
sendotu.
Iruzkinak
Tarrat 2020-02-26 14:12 #1
Ea non agertzen den mezua
Utzi iruzkina: