ez gara sekula herri itsu eta gorra izan

ideaipez 1456147767206 Ideaipez | 2006-06-13 13:36

aurrekoari jarraiki eta informazio modura besterik ez, honatx hurrengoa: [Xamar (2002); "Mestizaje kulturala... beharrezkoa ote?", Nabarra, 14. zkia. 2002ko maiatza]

harriak lantzen aski trebaturik, ongi etorri sutsua egin zitzaion burdinaren aroari, erosoagoa eta hobea baitzen. artzaingoa bizibide ia bakarra zelarik, ekialdetik etorri nekazaritzaren teknikak ere gogotik onartu ziren gure bazterretan. eta erromatarrek? zer zor diegu erromatarrei? erromatarrei ardoa, eliza, arima, legea, erregea, goldea, gaztelua... eta gure hiztegiaren %60-65a zor diegu. jantziak? gona gorria arrunta da Galiziatik Baztaneraino; gainerakoak Pirineotan aurkitzen ditugunen antzekoak dira. dantzariak? bi motakoak, Mediterraneo aldetikako eragina dutenak eta Europa barnetikakoak, musika bezala. alboka? Arabiar jatorrikoa. Txistua? bertze tokietan ere ezaguna. Pastoralak? Garai baten toki anitzetan antzeztua; bidenabar esanik, orain dituen doinu "jator" guztiak frantses errepertoriokoak dira, batzuk armadaren musikak. Tartalo? CĂ­clope. itsas lamiak? Sirenak. Joaldunak? Europa osoan aurkitzen dira, Miel Otxin bezala. aizkolariak, sokatira, artzai txakurrak...? Australia, Eskozia, Gales... eta hainbat tokitan bezalakoak. Txapela? Italiatik etorria. Bertsolariak? Cuban, Brasilen, Argentinan, Nepalen... Lauburua? Esbastika... orain ere zerrenda luza genezake aspertu arte.

baina guri ere sor digute hainbat gauza. eta aurreko guztia gehi lehendik zegoenarekin sortzen da "gure" kultura, beste inorena bezelakoa ez dena, bakarra eta ezberdina, beste guztiekin gertatzen den lez.

honek guztiak, bada, ez du esistitzen ez garela frogatu nahi, noski, Herri itsu eta gorra ez garela sekula izan baizik. bizirik dagoen kultura etengabe ari da aldatzen, aportazio berriak bereganatzen eta zaharrago batzuk baztertzen, berdin ideietan, hiztegian, nola teknika alorretan edota jantzi, orrazkera edo musika modetan... egokituz beti bertako eta momentuko izateko moldeari. izan ere, kultura hori berori baita, egokitze mekanismo bat eta, aldi berean, ikaskuntza. kultura egin egiten baita, une oro baitabil sortzen, ez baita ezer finkoa, estatikoa, sortua.

 


Utzi iruzkina: