Udaran Alpeetan zehar

Alberto Ibiltarixanak | 2015-07-01 00:00

Kostatu zaigu baina aurten Dolomitetara goaz Pake eta biok. Furgoneta prestatu, bizikletak atzean jarri eta Frantziara bidean jarri gara ekainaren erdian. Gure asmoa Suitzara iristea da baina, luzeegia denez, bide erdian gelditu eta Auvernian pasa dugu gaua. Le Mont Dore herrira heldu eta funikularrean igo dugu mendira. Ibilaldi labur bat egin ondoren behera jaitsi gara oinez. Herritik bi km-ra dagoen campingean aparkatu dugu furgoneta. Inguru ederra eta berezia da Auvernia baina gaua pasa ondoren Suitzaruntz abiatu gara. Arratsaldean, Evian herrian atseden txiki bat hartu eta gero, Vevey herrian bizi diren Tomas eta Itziarren etxera iritsi gara. Pake eta Itziar aspaldiko lagunak dira baina gaurkoa da lehen aldia hemen gaudela. Inguru zoragarrian bizi dira, Leman lakuaren ertzean.

/>Gure asmoa da Jura ezagutzea baina gaur Les Pleiades aldean, mendi ibilaldia egin dugu. Paraje ederrak, mendi txikiak eta egurrezko etxeak sakabanatuta. Leman aintzira behean dugula ikuspegi apartarekin bazkaldu dugu. Ibilbideak markatuta daude eta erraza izan da furgonetara itzultzea.

Gaur Jura ezagutzera joan gara. Suiza eta Frantzia artean dagoen mendilerroan kokatua dago Jurako lurraldea. Hemen egiten da Trasnjurassienne iraupen eskiko kirol lehiaketa eta sarritan izan dut bertara joateko gogoa. Ingurua eta herrixkak ezagutzeko aukera izan dugu gaurkoan. Neguan zuritutakoan itzultzeko itxaropenarekin gelditu naiz.

Gure lagunek ezin hobe hartu gaituzte eta oso gustura egon gara eurekin baina alde egiteko ordua iritsi da. Suitza atzean utzi eta Italiara aldera jo dugu. Simplonpass igaro ondoren berriz sartu gara Suitzan. Lurralde bien artean ibili gara sartu eta irten, mugaren inguruan. Centovalli eskualdea gurutzatu dugu errebueltaz jositako errepidez eta laku Nagusiaren ertzean dagoen Locarno hirian gelditu gara. Erdi aldea ikusi eta harrituta gelditu gara hemengo denda elegante eta garestiekin. Guzkiak ondo berotzen duenez lakuaren ertzeko Bellavista kanpin txikian gelditu gara. Lakuan bainu ederra hartu eta hurrengo eguneko ibilbidea aztertu dugu. Gaur hiru laku zeharkatu ditugu: Nagusia, Lugano eta Como. Gravedonan gelditu gara XI. mendeko Sta. Maria del Tiglio eliza erromanikoa ikusteko. Interesgarria benetan, bai eraikina eta baita baneko pinturak. Ustegabeko gidariak eman dizkigu azalpenak. Bisitan zegoen gizona eskaini zaigu eta gustura egon gara berari entzuten. Ondoren berriz Suitzako muga gurutzatu eta Engadin ibarrean sartu gara. Elurtutako mendiz inguratutako ibarrararen hiriburua St. Moritz da. Parajeak ederrak dira baina bertan nabari da aberatsen elkargunea dela. Bizikletaz itzuli bat egin eta aurrera jarraitzea erabaki dugu. Mendatea igo eta Passo Bernina igaro ondoren Livigno ibarrera iritsi gara. Berehala konturatu gara paraje zoragarrian gaudela eta bertako Mansueto kanpinean gelditu gara. Livigno herria eta inguruak erakargarriak iruditu zaizkigu eta bertan eman ditugu hiru egun. Suitza eta Italiako mendiez inguratuta dago eta ia 2000 metrotako lautada ikusgarrian kokatua dago Livigno, izen bereko lakuaren ondoan. Stelvio parke naturala bertaraino heltzen da. Mendian oinez edo bizikletaz ibiltzeko ibilbidez josita dago. Eguraldia primerakoa daukagunez bizikletaz ezagutu dugu ibarra alde batetik besteraino. Mendiko bizikletaz bi ibilbide egin ditut: bata Val Federian zehar Alpe Federiaraino (2300 m) eta bestea Stelvioko parkean zehar 42 kmko ibilbide ikusgarria bezain gogorra, Sella eta Trela mendateak (2300 m) igarota. Azken honetan oraindik elurra dago eta gainetik pasa behar izan dut. Ibilbideak ondo seinalatuta daude eta ez da zaila eguraldi onarekin ibiltzea galdu gabe. Asko gozatu dut eta berriz itzultzeko gogoz itzuli naiz. Arratsaldetan Livigno herrian ibili gara eta afaltzeko Baita jatetxea gomendatu digutenez bertan afaldu dugu bi egunetan. Pizza edo pasta jateko aukera ederra eta prezio onean, baina azkar ibiltzea komeni da, bestela zain egon behar delako sartzeko. Livigno penaz utzi dugu atzean eta Bormiorako bidea hartu dugu. Gero Stelvio mendate mitikoa igo dugu. Errepidea ikusgarria da eta txirrindulari eta motozale ugari dabil 48 errebuelta hestuko ibilbidean zehar. Passo del Stelvio (2757 m) mendatea Alpeetako garaiena da eta Cima Coppi ere deitzen zaio, txirrindulari famatuaren omenez. Mendatean arauzko geldiunea egin dugu eta txirrindulariz beteta dagoenez, gustora ibili gara bertan. Eguzkiaren epeltasunean gaude baina elurra bertaraino heltzen denez jendea dabil eskiatzen ere. Alemanen talde handi batekin aurkitu gara goian eta ikustekoa da nola negar egiten duen bi metroko gizon kankailu batek goraino iritsi delako bizikleta gainean. Argazkia ateratzeko gauza ez eta nik atera behar izan diot. Zorionak Jans, esan diotenean emozionatuta besarkatu nau. Beherantza beste hainbeste errebuelta daude eta kontuz jaitsi gara, txirrindulariak errespetatuz. Beheko ibarrean bero handia egiten du eta Bolzanoko kanpinean gelditu gara. Kanpina oso egokia da eta piszinan bainatzeko parada izan dugu. Bizikletak hartu eta Bolzano ezagutzera joan gara baina kerizpetan ibili behar dugu dagoen beroa saiesteko. Bolzano Adice Garaiko hiriburua da. Erdigunea ikusi eta laster itzuli gara kanpineko itzalera. Bolzanotik Dolomitetarako bidea hartu dugu. Nova Levantetik pasatzean Carezza laku urdina ikusteko geldiune bat egin eta Pozza di Fassa pasa ondoren iritsi gara Canazei herrira. Aurten Marcialonga eski proba egiten ibilia naiz Fassa ibarrean eta herri hauek ezagutzen ditudanez Pakek ezagutzea nahi ditut. Canazeitik Fedaia mendatea igo eta Cortina d'Ampezzo aldera jo dugu bertara joateko asmoarekin, baina bidean bazkaltzen gaudela, iritziz aldatu eta beste norabide bat hartu dugu.


Utzi iruzkina: