Islandian zehar
Aspalditik izan dut Islandia ezagutzeko gogoa. Orain dela bost urte inguru Josu Iztuetarekin joateko asmoa izan arren azken orduan ez nintzen joan. Geroztik askotan izan dut buruan Islandia bizikletaz zeharkatzeko nahia. Horrela ez bada izan ere Aste Santuan izan dugu aukera, Pake eta biok, lurralde zoragarri hori ezagutzeko. Hegazkinak Bilbotik zuzenean Reykjiavikera ostegunean eraman ondoren, bost eguneko egonaldia egin dugu. Oraingoan Pilar eta Tomas izan ditugu bidaia lagun.
Islandian lau elementu nagusiak aurkitzen dira: lurra, sua, ura eta airea. Lurrean sua gori-gori, ur beroa borborka, airean ura eta sua, hau guzti hau ikus daiteke. Sumendiak elurtuta, aintzira beroak, lur gorria, beltza, berdea, horia... Islandia halakoa da, irudikatu ezina, magikoa. Dena da magia bertan.
Arratsaldeko bostetan iritsi eta Reykiavik hiria pixka bat ezagutzeko parada izan dugu. Portuan afaria, Saegreifinn jatetxe xelebrean. Hango arrain-zopa mundiala, izokina eta balea. Aste Santua izanik dendak itxita eta jende gutxi. Islandiar gehienak luteranoak dira eta jai egiten dute.
Hurrengo egunean Urrezko zirkulua osatu dugu. Lehenengo Pingvellir parke nazionala ikusi. Geologiaren ikuspegitik Pingvellir oso interesgarria da europar eta amerikar plakak elkartzen diren fallan dagoelako; gero Gullfoss ur-jauzi harrigarria; eta ondoren, Geysir famatua, Strokkur haranean dagoen geiser aktiboena. Azkenik, Keriö kraterra eta bere barnean sortu den lakua ikusteko geldialdia egin dugu. Hiriburura bidean euri zaparrada bota arren bertara iritsi baino lehen atertu du, gure mesederako.
Larunbata Reykiavik hiria ikusteko. Islandiarren bi herenak -200.000 biztanle- inguru honetan bizi dira, baina ez da hiri handia. Dena oso gertu dago eta erraza izan da han ibiltzea. Hallgrimskirkja eliza, hiriko eraikin garaiena, luteranoen eta katolikoen elizak, Parlamentua, Gobernuaren etxea, udaletxea eta haren ondoan dagoen Tjörnin lakua, Galeria Nazionala, Harpa kontzertu eta hitzaldiak emateko eraikin modernoa, portua, etab. ikusi ditugu egunean zehar.
Nolanahi ere, Reykiaviken zehar bada ikusteko beste hainbat gauza: galeriak, kultur etxea, liburudenda bitxiak kafetegi goxoekin, jatetxeak, dendak, graffiti ikusgarriak... Hiri polita, lasaia, txikia, ibilterraza eta Aste Santuan are errazagoa, hango jende gutxi ikusi dugu-eta.
Igandean Borgarfjördur eskualdean izan gara. Islandiaren historian garrantzia handiko gertakizunak izan ziren eta vikingoen leinua jaio zen eskualdean. Hraunfossar eta Barnafoss ur-jauziak ikusi ondoren, Deildartunguhver, Europako ur-telmal indartsuena izan dugu aurrez aurre. Ur horrekin berotzen dituzte hiriko etxe guztiak eta dutxatu ere ur horrekin egiten dira.
Astelehenean, ilargia dirudien lekuko Kleifarvatn lakura joan gara. Lurraren barru barrutik irteten da lurruna eta iturri termal asko daude han. Buztinezko putzuak, ura irakiten eta sufre usaina nonahi. Hemendik Grindavik arrantzale herrira joan gara eta, ondoren, Aintzira Urdin ospetsua ikusi eta bertan bainatzera. Kanpoan 3ºC eginagatik barruko tenperatura 38ºCkoa da eta bertako mineralei esker uraren kolorea urdina da. Ordubete inguru uretan sartuta egon gara gorputza beratzen eta erabat erlaxatuta irten dugu handik. Ondoren, aireportura. Etxera itzuli aurretik berriz bueltatuko naizen itxaropena datorkit burura. Izan ere, hainbat bazter gelditu zaigu ikusteko...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: