Hillerod-Helsingor
Danimarka txirrinduzaleon paradisua dela esan dut eta gaur hala den ikusiko dugu. Aterpetxetik irten eta Fredensborg aldera jo dugu. Hasieran ez dakigu nondik jo, baina mapa egokia eskuan edukita dena da errazagoa. Mapa jarraituz eta bidea ondo markatuta dagoenez, ez zaigu kostatu aurrera egitea. Bidea desberdina eta polita da: errepide lasaiak, bidegorriak eta bidezidorrak gari artean. Basoan zehar ere egin dugu zati bat.
Basoa atzean utzi eta itsas aldera
gerturatzean ikuspegia aldatu da. Itsasertzean udako etxeak eta
txaletak dira nagusi, baina itsasoak badu beste indar bat. Humlebaek
herrian Lousiana museoa dago, baina ez genuen honen berri eta aurrera
egin dugu. Pena izan da gero jakin baitugu oso polita dela.
Laster portu txiki batera iritsi gara eta belauntziz beteta dago. Hartuko genuke bat eta itsasora abiatu baina... Pakek ez nau animatu.
Laster euria hasi du eta bide bazterreko etxetxo batean aurkitu dugu aterpea. Geldiunea aprobetxatuz aurrera goaz eta Espergardera iritsi gara. Euriak jarraitzen du eta gosetuta gaudenez, Divino kafean sartu gara. Berehala italianoz hitz egin digute eta oso gustura egon gara bertan. Divino platerak oso goxoak izan dira eta dena divino egon da baita garagardo beltza ere. Gainera, Manu Chaoren musikaz alaituta askoz hobea zegoen dena, batez ere Paken capuccinoa.
Handik irten eta atertu duenez, ziztu bizian, Helsingor herrian sartu gara. Hemen portua dago eta hemendik irteten dira ferriak eta itsas bidaiak ere geldialdia egiten dutenez, jende ugari dabil kalean. Hemen erosten dituzte ardoa eta likoreak suediarrek eta ardandegi asko daude kalean. Kronborg gaztelua kanpotik ikusi eta kalean zehar ibili gara. Gaztelu honetan girotu zuen Hamlet Shakespearek. Kalean etxe bateko horma margotzen ari dira bi gazte. Margo ederra da eta denbora luzean jardun dugu margolarien lana jarraitzen. Euria ari du tarteka eta trena hartu dugu Hillerodera itzultzeko. Bizikletak trenez eramatea oso erraza eta doanekoa da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: