Anberesen urteurrenaren bezperan

Alberto Ibiltarixanak | 2014-10-17 00:00

Bruselako aireportutik trenez iritsi ginen atzo Anberesera eta geltokian Imanol gure lagunarekin elkartu ginen. Aurrez alokatua genuen apartamendura lagundu zigun eta, ondoren, Mathias, Jan, Kristel, Lander eta zazpiok afaldu genuen elkarrekin, ekitaldien xehetasun guztiak lotu nahian.

Gaur goizean hirian ibili gara kaleetan zehar, bazter interesgarrien bila. Udan ikusi ez genituen txokoak ikusteko parada izan dugu. Hemen ere, Flandria osoan bezala, bizikleta da garraiatzeko ibilgailu nagusia eta gustura jardun dugu bizikleten atgazkiak ateratzen.

Asteburuan urtea beteko da Hodei desagertu zela eta Anberesen gaude Pake eta biok zoritxarreko urtemugan parte hartzeko, arratsaldean etorri diren Hodeiren familiakoekin eta galdakoztarrekin batera. Guztira 60 lagun inguru elkartu gara.

Arratsaldeko seietan, galdakoztarrak hotelera iritsi bezain pronto, kaleetan zehar banandu gara kartelak ipini eta informazio orriak banatzeko. Batzuk arriduraz hartu gaituzte, baina gehienak gurekin daudela adierazi digute. Dagoeneko gaua da eta kaleak lasai daude oraindik. Gezurra dirudi hiri lasai honetan, gaur urtebete, Hodeik erasoa izan zuela.

Afaldu ondoren berriz ekin diogu kartelak jartzeari. Hiriaren itxura erabat aldatu da. Gazte asko dabiltza kaleetan eta gehienak portu inguruan egiten den makrojaialdira doaz. Hara joan dira gure taldeko gazteak ere informazioa banatzera. Besteok, berandu baino lehen, biharko egun luze eta gogorraren atarian, erretiratu egin gara.


Utzi iruzkina: