Cabana del Esparve eta Estany de la Pera

Alberto Ibiltarixanak | 2012-07-17 22:15

 Lles herrira joan gara autoz eta handik abiatu gara Covorrius de la Llosa aldera. Llosa haranetik zehar errekari alderantziz jarraituz pare bat orduko igoera Cabana dels Esparbesera iritsi arte. Han atsedena hartu dugu eta Martinek eta nik errekako uraren freskotasuna ere probatu dugu. Ondoren, igotako lekutik jaitsi gara erdiraino eta bidegurutzean Villiella herrirako pista hartu, eta berriz, Lles herrira itzuli gara. Joxek, Jimik eta Juantxok etxerako bidea hartu dute hurrengo egunean txintxo lanera joateko, eta besteok, beste pare bat egun dauzkagunez, aurrera jarraitu dugu.

Aldapa luzearen ondoren, errepidez, Cap de Res izeneko aterpera iritsi gara. Bazkaltzeko ordua da eta, gosetuta gaudenez, bertan bazkatzen geratu gara beste aukerarik ez dugulako eta itxura ona duelako. Aurrera jarraitzeko gogo gutxirekin daude Alfontso eta Gabi, baina bazkal ondoan hobeto hartzen dira erabakiak eta gora egitea erabaki dute eta ez dira damutu. Aldapa etzana izan da hasieran nahiz eta azkenean gorantza egin duen bideak eta pista harritsua bihurtu den. Estany de la Pera dugu aurrez aurre eta orduan erraz ahaztu zaigu jasandako nekea.

Merezi izan du hona igotzea eta gozatu ederra hartu dugu lakuaren ertzean. Nolanahi ere, berandutzen ari zaigu eta beherantza abiatu gara. Martík zulatua izan du eta hasierako asmoa beste bide batetik itzultzea bazen ere, azkenean, bide beretik jaitsi gara Llesera. Gaurkoak ere luzeera berdintsua izan du: 67 Km.


Utzi iruzkina: