Brujas

Alberto Ibiltarixanak | 2014-10-20 00:00

Goizeko 10:15etan tren geltokian gaude baina, harrigarria bada ere, trena berandu iritsi da eta hamar minutuko atzerapenarekin atera gara. Belgikako trenak oso puntulak omen ziren garai batean baina egun Euskotrenekoak puntualagoak dira nonbait. Bi ordu pasako bidaia motza egin zaigu. Pakek eta biok aurreko egunetan bizitako pasarteak gogoratzen azkar iritsi gara Brujasko geltokira.

Hemendik atera eta turismo bulegoarekin egin dugun topo. Planoa eta beste informazio ugari jaso ondoren, Hodeiren kartela jarri eta Koro bere amaren eskutitzak utzi ditugu jendeak har dezan. Poliki-poliki erdi aldera jo dugu kanalean zehar. Aspaldi izan ginen Brujasen baina ez naiz ia ezertaz gogoratzen.

Plaza Nagusian, Burg plazan eta inguruan ibili gara hasieran, aspaldiko egonaldia gogoratu nahian. Garai honetan ere jendea dabil baina ez udaran bezala. Lasai-lasai ibili gara kaleetan zehar. Erdigunetik piskat aldenduz gero, ia bakarrik gabiltza. Mapa begiratuz gustatzen zait ibiltzea, baina gidak gomendatzen duen ibilbidea jarraitu gabe.

Antzinako egurrezko etxe pare bat daude zutirik oraindik eta lehen bezala mantentzen dira. Gero, etxe artean dagoen lorategi eder bat aukitu dugu. Pribatua izango da baina ederki gaude bertan eguzkia hartzen. Bazkaltzeko ordua da eta, ia nahi gabe, jatetxe polit batekin egin dugu topo. Jan van Eyck jatetxea da. Itxura ona du eta ez da garestia. Plater bana, garagardo eder batekin eta ondoren, kafea eta tea. Dena oso ona eta goxua. Gainera atsedena oso ondo etorri zaigu.

Flandria osoan bezala hemen ere bizikletak dira nagusi. Loradendak eta bizikleta dendak ikusgarriak dira eta sarritan gelditu gara hauek ikusten. Arratsaldean Beginajea ikustera joan gara. XVII. Mendean beginak bizi ziren auzo honetan eta orain ikus daiteke orduan nola bizi ziren. Arratsaldea aurrera doa eta ilundu baino lehen tren geltokira joan gara, trena hartu eta Anberesera itzultzeko.


Utzi iruzkina: