Breendonk eta Lovaina

Alberto Ibiltarixanak | 2014-10-22 00:00

Gaur Imanol dugu gidari eta bidelagun. Berak gonbidatu gaitu gosaltzera Boom herriko ibai ondoko kafetegi eder batera. Gosaria baino bazkaria izan da. Ondoren Breendonk gotorlekua ikustera joan gara.

Breendonk, hasera batean gotorleku militarra zena, gero nazien kontzentrazio-esparru bihurtu zen. Judutarrak eta preso politikoak pilatzen zituzten bertan Alemaniara eraman aurretik. Bost urte iraun zuen indarrean, 19940tik 1944ra bitartean, eta 3500 pertsona baino gehiago izan ziren atxilotuak eta horietatik 300 gutxienez, bertan hil ziren.

Bisita zirraragarria izan da. Eraikinean oso ondo ikus daitezke nazien garaiko sinboloak, gelak, oheak, hil-kutxak, urkamendiak, etab. Gezurra dirudi nola eduki zituzten bizirik hainbeste pertsona halako leku ilun eta hezean.

Ondoren Lovaina unibertsitarien hirira joan gara. Aspalditik izan da ezaguna guretzat Lovaina, bertan euskaldun asko ikasten egon zirelako gure garaian. Orain ere, ikasturtean zehar, ikasle asko bizi dira bertan.

Lovainara iristean Eva daukagu zain plaza nagusi zoragarrian. Udaletxe gotikoa eta liburutegi nagusiaren egoitza dira plazako eraikin aipagarrienak. Hiria ikusi baino lehen, kafetegira sartu gara zerbait beroa hartzera. Atertu duenean kaleetan zehar ibili eta gero Lovainako beginajea ikustera joan gara. Hemen beginak bizi ziren garai batean, baina orain ikasleen eta irakasleen erresidentzia da. Jende gutxi dabil kalean eta gustura gabiltza bazterrak ikusten.

Ezin dugu gehiago luzatu eguna Anberesera itzuli behar dugu eta. Berriz etorri beharko dugu hiria lasaiago ikusteko. Hurrengo batean bizikletaz etorri behar dugu, hemen ere ia denak bizikletaz dabiltza eta. Imanolen furgonetan itzuli gara. Eskerrak Imanol, egun ederra eta interesgarria izan da.


Utzi iruzkina: